Inoiz baino beharrezkoago

Sare Herritarrak deitutako mobilizazioa babestu duten eragileek nabarmendu dute garrantzia duela euskal gizartearen elkarbizitzaren aldeko pauso gisa, baina baita autoritarismoaren gorakadaren kontrako urrats gisa ere.

Alderdiak eta sindikatuak.
Mitxel Lakuntza eta Arnaldo Otegi, manifestazioa hasi aurretik. LUIS TEJIDO / EFE
Iosu Alberdi.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 10a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare Herritarrak askotariko babesa jaso du gaurko mobilizaziorako. Euskal Herriko eragile andanarena, baina baita nazioartetik iritsitakoena ere, Kataluniako ordezkaritza nabarmen bat tartean. Denek ere euskal presoen auziari konponbide bat emateko urratsak eskatu dizkiete erakunde publikoei, eta argi esan eskari horren oinarrian eskubideen defentsa dagoela. Hain zuzen, manifestazioa hasi aurretik hitza hartu duten eragile ugarik nabarmendu dute inoiz baino garrantzitsuagoa dela giza eskubideen aldeko borrokari eustea, autoritarismoa gorakada betean den honetan. 

Euskal Herriko alderdi politikoei dagokienez, EH Bildu, EH Bai eta Ahal Dugu izan dira manifestazioarekin bat egin dutenak. Subiranistek aurrez esana zuten salbuespenak amaitu daitezela eskatzea «bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren» alde egitea dela, eta aldarri horrekin bat egin du Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko koordinatzailearen alboko Maite Gartziak ere. Haren esanetan, urruntze politika amaitzea aurrerapauso garrantzitsua izan zen, baina ez «bidearen amaiera». Hala, adierazi du beharrezkoa dela euskal presoei legeak «gainerakoei bezala aplikatzea», salbuespenik gabe: «Uste dugu espetxe politikak ohiko legedian oinarritu behar direla, eta ez da hala gertatzen».

Gehiengo sindikala ere izan da mobilizazioan, eta horien izenean ELAko eta LABeko buruek hartu dute hitza. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak adierazi du «oinarri-oinarrizko eskari bat» plazaratu dela gaur Bilboko kaleetan, demokrazian eta giza eskubideen errespetua ardatz duena: «Legeak berdina izan behar du denontzat, eta gaur-gaurkoz ez da hala». LABeko Garbiñe Aranburuk, berriz, gogoan izan du aurten hamabost urte beteko direla ETAk jarduera armatuari amaiera eman zionetik. Horren harira, uste du ez dela ulergarria oraindik ere gaurko aldarriari eutsi behar izatea. Ez da, baina, Bilbon izateko arrazoi bakarra. Aranburuk hizpidera ekarri du Auzitegi Gorenak Arantza Zulueta eta Jon Enparantza euskal presoen abokatuen kontra emandako ebazpena ere: «Presoen eskubide juridikoak babesteagatik eta babes soziala emateagatik izan ziren epaituak, eta hori ere anakronismo bat da».

«Ez da onargarria»

Hitza hartu duten gainerako eragileek atzerritik Euskal Herrirako bidea egin dute gaur Bilbon egoteko, eta, horien artean, adierazgarria izan da Kataluniako ordezkaritza: JxC, ERC, CUP eta En Comu alderdietako ordezkariak izan dira mobilizazioan, baita ANCko, Omnium Culturaleko eta Kataluniako Abokatuen Koordinakundeko kideak ere.  Izan ere, JxCko diputatu Josep Pagesen esanetan, Katalunian gertutik erreparatzen diote «euskal preso politikoen auziari». Pagesek exijitu du horien eskubideak errespetatzea: «Ez da onargarria salbuespenezko espetxe politika jasan behar izatea oraindik ere».

ERCko ordezkari Kenia Domenechek ere «justizia» eskatu du euskal presoentzat, eta erreferentzia zuzena egin dio Lola Lopez euskal presoaren egoerari, jatorriz katalana baita: «Espetxean urte gehien daramatzan emakumezko preso politikoa da Espainiako Estatuan».

Sumar ez da izan gaurko mobilizazioan, baina koalizio haren pean Espainiako Kongresuko bozetara aurkeztu zen ordezkari bat bai: Gerardo Pisarello Espainiako Kongresuko Mahaiko lehen idazkari eta Comukoen diputatua. Hark adierazi du «gorrotoaren internazionala indarkeriaren erabilera arbitrarioa zabaltzen» ari den garaiotan garrantzitsua dela gaurkoaren pareko mobilizazioetan parte hartzea, «antidoto» gisa balio dezaten. Eta nazioarteko egoerari erreparatu dio CUPeko Su Morenok ere: «Denon oinarrizko eskubideak zalantzan jartzen diren honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da eskubide horiek defendatzea».

Bide beretik mintzatu dira ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko, Omnium Culturaleko eta Kataluniako Abokatuen Koordinakundeko ordezkariak ere. Izan ere, ANCko kideen esanetan, benetan «gatazka gainditzeko nahi demokratiko bat baldin badago», hark barne hartu behar du euskal presoak askatzea.

Galiziatik, BNGko Paulo Rios bertaratu da mobilizaziora, eta adierazi du instituzio publikoek erantzun egin behar dietela euskal gizarteak azken urteetan emandako pausoei, «demokraziaren, bakearen, elkarbizitzaren eta Euskal Herri hobe baten» mesedetan: «Horretarako oinarrizkoa da preso daudenen eskubideak errespetatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.