«Presoen eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu azken presoa etxera itzuli arte»

Beste behin dozenaka mila lagun batu dira Sare Herritarrak euskal presoen eskubideen alde antolatutako mobilizaziora.

Sarek deitutako manifestazioaren burua, abian, Autonomia kalean. Atzetik, jendetza. LUIS TEJIDO / EFE
Iosu Alberdi.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 10a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hau gehio luzatzeak ez dakar emaitzik,/ guk ez dugu eskatzen gauza ulergaitzik,/ bakeari aterik ez ixtea baizik». Xabat Illarregiren eta Aitor Etxebarriazarragaren bertsoek laburbildu dute Bilbon euskal presoen eskubideen alde bildutako dozenaka milaka lagunen gogoa. Izan ere, beste behin jendetza elkartu da Bilboko kaleetan, Sare Herritarrak deituta, eskatzeko euskal presoak etxeratu ditzatela eta horien aurkako salbuespen politikak gehiago luzatu ez daitezela. Euripean, aterkiz jositako herritar olatu bat Autonomia kaletik Zabalburu plazara jaitsi da, handik Plaza Biribilera, eta gero udaletxe atarira, joaldunek bidea zabalduta.

Amaieran, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileek nabarmendu dute beharrezkoa dela euskal presoei legeria arrunta aplikatzea, eta ohartarazi preso horiei ezin zaiela eskatu beste edozein presori baino gehiago. «Presoen eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu azken presoa etxera itzuli arte». Biek elkartasun hitzak izan dituzte Jon Enparantzarentzat eta Arantza Zuluetarentzat —haien aurkako espetxe zigorrak berretsi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak asteon—, eta aitortza eskatu dute torturaren biktimentzat.

Euskal presoak etxeratzearen aldeko manifestazioa 17:00etan zen abiatzekoa Bilboko Casillatik, eta zortzi minutuko atzerapenarekin abiatu da martxaren burua. Lanbroak hartu du Bizkaiko hiriburua, eta mobilizazioak euritakoen artean egin du aurrera, pankarta hauek zeramatela: Xabat Illarregi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek, Arantxi Padilla kazetariak, Olatz Iglesias psikologo eta senideak, Amaiur Iragi senideak, Rosa Rodero ETAren biktimak, Eva Ferreira Harrera elkarteko lehendakariak, Ixone Fernandez Espainiako Estatuaren biktimak, Fuad Baker legelari palestinarrak, Garazi Hach Embarek aktibista sahararrak, Xabier Amuriza bertsolariak, Francis Diez abeslariak eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. 

Besteak beste, alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariak ere bildu dira martxara, eta protesta hasi aurretik egin ohi dituzten adierazpenak egin. Izan ere, eragile andanak eman diote babesa azken egunetan. EH Bai, EH Bildu eta hura osatzen duten alderdietako hau da, Sortuko, EAko eta Alternatibako ordezkariez gain, Ahal Dugu-ko kideak ere izan dira mobilizazioan, baita ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde sindikatuetako ordezkariak ere. Nazioartetik, Junts Per Catalunya, ERC, CUP, BNG eta Mes per Mallorca alderdiek ere adierazi diote babesa mobilizazioari, eta zenbait ordezkari mobilizazioan izan dira. Haiekin batera, baita Kataluniako ANC Biltzar Nazional Katalaneko, Omnium Cultural elkarteko eta Kataluniako Abokatuen Koordinakundeko kideak ere.

Gazteak jarri dituzte senideak doazen manifaren atalean, eta pankarta propioa zabaldu dute haiek. IOSU ALBERDI
Gazteak jarri dituzte senideei dagokien manifaren atalean, eta pankarta propioa zabaldu dute. IOSU ALBERDI

 

Goiza, busti baina bero

Edonola ere, Sare Herritarraren egitaraua nabarmen lehenago abiatu da, aldarrikapena jai giroz bustitzeko asmoz. Haur, gazte eta ez hain gazte, herritar ugari aritu dira Bilboko Zazpikaleetan batetik bestera, pailazo, musikari eta bertsolariei jarraika.

Eta busti euriak ere egiten duenez, Bilbo Zaharreko plazan bildu direnek han jarritako karpetan topatu dute aterpea. Batera edo bestera begiratu, aldarrikapena zen nagusi: euskal presoen auzia konpontzeko eskatzen duen pankarta bat, Ezin da gehiago luzatu leloa daramana; orain arte Euskal Herrian erregistratutako 5.657 tortura kasuak gogoratzen dituen kartela; Palestinako banderak, Gazako genozidioa ez ahazteko... Eta kantu kantari, Porrotx, Zapotxin, Yogurinha Borova eta Txorroskilo, elkartasun, berdintasun eta laguntasun mezuak zabaltzen.

Haiek pozik erreparatu diote euriari ere. «Ni euri tanta banintz, egingo nuke zure sudurrean txirrist, lurrera erortzean salto eta hodeietara joango nintzateke berriz». Hala abestu dute bertaratu diren haurrekin batera. Gaurkoa antolatzeko lanetan aritu direnek, baina, ez zioten pozez begiratzen zeruari, kezkaz baizik, euriak egun osoko egitarauari nola eragingo.

Sarek gaur goizerako antolatutako ekintzetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sarek gaur goizerako antolatutako ekintzetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Zalantza hortxe, euri tantek zer eragin izango ote zuten arratsaldeko mobilizazioan, baina baita eguerdi parterako antolatuta zeuden gainerako ekinaldietan ere. Izan ere, pailazoek ikuskizuna eta ondorengo argazki sorta luzea amaituta, Naiz irratiko lagunek hartu dute erreleboa, Bilbo Zaharrean bertan, Iker Gurrutxagaren gidaritzapean musikari are protagonismo handiagoa emanda.

Zazpikaleetan ere musika nagusi. Kalejira bat ez, hiru aritu dira batetik bestera. Batetik, Usansoloko erraldoi eta buruhandiak. Bestetik, txistulariak. Eta azkenik, trikitilariak. Denak gertu, baina elkar oztopatu gabe. Eta gertu Orkestra elektrotxarangako kideak ere. Euriari aurre egiteko haima bat hartu, eta aitzakiarik ez dantza ez egiteko, nahiz eta batzuk aterperik gabe ere moldatu diren.

Goizeko beste protagonista batzuk, ordea, aterpean ibili dira. Kalean aritzekoak ziren Oihana Bartra eta Igor Elortza, balkoitik balkoira bertsotan, baina, eguraldiak behartuta, «lonjatik lonjara» aritu dira azkenean. Gustura aritu ere, umorea eta aldarrikapena uztartuz, baina aurtengoa tankera horretako azken bertsoaldia izateko esperantzarekin. «Berriro ere hementxe gaude, gure min eta hasperen, egoera hau izan artean ezin da hartu atseden. Baina nahi ta gurari bat dugu, hemen gaudenok bederen, hurrengo urteko urtarrilean ez dugu nahi egon hemen», abestu du Bartrak, saioa hasi berritan.

Izan ere, ez da gai jartzailerik behar izan. Gai nagusia argia zen, eta bertsolariek jolaserako baliatu dute Sarek mobilizaziorako aukeratutako leloa ere: Ezin da gehiago luzatu. Halere, asteak utzitako albisteei erreparatuz, bestelako kexa bat ere azaldu dute. «Hamarkada luzeetakoa, bai, mingarri da esatie/ Lehen esaten zan horretarako biher dogula bakie/ Eta oain berriz Jon ta Arantzai berriro epaiketie/ batzuk gero eta luzeago luzatu gura leukie», kantatu du Elortzak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.