Asier Amondo. Korrikaren zuzendaria

«Inportantea izango da 'zuk' horiengana heltzea»

Euskaratik urrunduta daudenei begira jarri nahi dute 20. Korrikarekin. «Partekatzea» da giltza, Amondoren ustez. Horrekin euskarak eta euskaldunek ere irabaziko dutela uste du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Bigarren aldia du Korrikaren arduradun nagusi gisa Asier Amondok (Laudio, Araba, 1969). Edurne Brouarden lekukoa hartu zuen orain hiru urte. Bete-betean ari dira prestaketa lanetan. Iragarri dute Otxandio (Bizkaia) eta Iruñearteko bidea egingo duela lasterketak hogeigarren aldian, eta hilabete batzuk barru jakinaraziko dute ibilbide zehatza. Aurreko aldietako eran, uste sendoa dute euskaltzaleen babesa jasoko dutela herriz herri, «bai egunez, bai gauez». Beste sektore batzuetara ere iristea, hori jarri dute helburu.

Batzuk leloa hautatu duzue 20. Korrikarako. Gizarteko zer sektore duzue bereziki gogoan?

Euskahalduntzetik partekatzera pasatu nahi dugu. Aurreko Korrikan, ahalduntzearen kontzeptua zabaldu nahi izan genuen, eta, orain, Batzuk leloaren bitartez, partekatu egin nahi dugu euskara, euskal kultura, gure mundu hori, euskalduna ez den pertsonarekin. Azken batean, mundu zabalarekin, erdararen jabe diren horiekin: gaztelania, frantsesa edo Euskal Herrian dauden beste hizkuntzak dituzten horiekin.

Pentsatzen dugu zuk horiengana heltzen bagara eta zuk horiek geurera lotzen baditugu, edo gurekin partekatzeko asmoa baldin badaukate, euskarak aberastasuna jasoko duela hortik ere. Eta gu geu ere, euskaldunok, aberatsagoak izango gara, beste kultura batzuen ezagupena eta jabetza izan dezakegulako.

Maiz aipatu izan dute erdaldunengana iritsi beharra, euskalgintzan erdaldunekin ere jardun beharra. Ikusten duzue hutsune bat dagoela esparru horretan?

Horrexegatik egin dugu apustu hau. Partekatu nahi dugu gure mundu honetatik kanpo dagoen jendearekin. Zergatik ez gara heltzen jendearengana? Zergatik euskara geratzen da euskaldun eta euskaltzaleetan? Hortik kanpora oraindik ere mundu zabala dago. Jende horrengana heldu nahi dugu, eta partekatu nahi ditugu haiek dituzten kontuak eta kezkak. Eta ea euskarara hurbiltzerik dagoen. Euskaratik ere haiengana hurbildu beharko dugu. Partekatzea izango da aurtengo hitz giltzarria. Inportantea izango da zuk horiengana heltzea.

Iruñean amaituko da 20. Korrika. Aldaketa handia izan da Nafarroako erakundeetan, eta Korrika han bukatuko da. Aldaketa politikoa Korrikan ere ageriko dela uste duzue?

Pentsatzen dugu aldaketa nabaritu behar dela. Harreman batzuk egin ditugu, eta harrera ona izan dugu. Uste dugu aldatuko dela egoera, eta Nafarroaren luze-zabalean aukera handiagoa edukiko dugula gauzak egiteko eta gure mezua konpartitzeko hainbat jenderekin. Izatez, Nafarroako udal batzuetatik deika ere hasi dira, eta orain arte deirik ere ez zen izaten. Hori ere pozgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.