«Inpunitate egitura guztia desegitera» deitu dute estatuaren indarkeriaren biktimek

Santi Brouard eta Josu Muguruza oroitu dituzte, haien hilketen urteurrenean. Dinamika bat abiaraziko dute estatuaren biktimen aitortzarako legeak epeak ireki ditzala eskatzeko.

Brouarden eta Muguruzaren omenezko lore eskaintza, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Brouarden eta Muguruzaren omenezko lore eskaintza, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko azaroaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estatuaren indarkeria ahalbidetu zuen «makineria suntsitzea»: horra hor indarkeria horren biktimek ezarritako xedea, «horrelakorik berriro gerta ez dadin». Haien iritziz, «inpunitate egitura oso bat» egon da hainbat urtez, estatuak eragindako eskubide urraketak zigorrik gabe utzi eta urraketa horiei bide eman diena, eta hura erabat ezabatu arte lanean jarraitzeko prestasuna azaldu dute Santi Brouard eta Josu Muguruza oroitzeko ekitaldian.

41 urte bete dira Brouard Bilboko bere mediku kontsultan hil zutenetik; Muguruza, berriz, Madrilen tirokatu zuten, hara diputatu agiria jasotzera joandakoan, duela 36 urte. Biak ala biak azaroaren 20an hil zituzten, hau da, Francisco Franco diktadorearen heriotzaren urteurrenean. Bi hilketak gogoratzeko ekitaldia egin dute Bilboko Ametzola parkean, Brouarden omenez eraikitako oroitarriaren ondoan, eta Francoren heriotzaren 50. urteurrena ere aipagai izan dute.

Bere hitzaldian, atzera begiratu du Egiari Zor fundazioko eledun Pilar Garaialdek. Gogorarazi du urte askoan estatuaren indarkeriaren biktimak «isilduak, ukatuak eta ezkutatuak» izan direla, eta kontakizun ofizialean biktima horiek «existitu» ere ez zirela egiten: «Gogoratzea bera ere delitu zeneko garaiak bizitzea tokatu zaigu. Gatazkaren testuinguruan estatu bortizkeriak eragindako heriotza batzuk nola gertatu ziren gogoratzea gaitzesgarritzat jotzen zen, eta mehatxu judizialaren bidez eragotzi beharrekotzat».

Hala ere, azken urteotan «aurrera» egin dela aitortu du Garaialdek: «Gaur esan dezakegu arrakala zabalak ireki ditugula negazionismoaren harresi sendoan». Eragile askoren «inplikazioari, determinazioari eta eskuzabaltasunari esker» gertatu da hori, eta, esaterako, gaur egun «inork ezin du ukatu Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak giza eskubideak urratu zituztela», nahiz eta, Garaialdek nabarmendu duenez, oraindik badauden sektore batzuk «epai judizialaren argudio miserableari heltzen diotenak», Rosa Zarraren heriotzaren inguruan Esan sindikatuak esandakoak gogoan.

Torturari dagokionez, haren erabilera «sistematikoa» ukatzerik ez dagoela erantsi du Garaialdek. Eta azken urteotan azaleratutako beste egia bat ere aipatu du: botere politikoak «estatuaren tresna guztiak» erabili zituela, «terrorismoa barne, hiltzeko eta giza eskubideak urratzeko».

Gogora ekarri ditu Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Monbar hoteleko sarraskiari buruzko erakusketaren inaugurazioan esandakoak: «Han aitortu eta salatu zuen arduradun politiko batzuek legetik eta zuzenbide estatutik at jardutea erabaki zutela erakunde terrorista bat finantzatzeko eta mantentzeko».

Urrats horiek guztiak balioetsi ditu Garaialdek, baina erantsi du oraindik «asko» dagoela egiteko. Esan duenez, «zigorgabetasun esparru bat» eta «arkitektura oso bat» egon da estatuaren bortxazko jarduera horri babesa emateko, eta hura eraistea jo du lehentasunezkotzat.

Bide horretan, esperantza agertu du aspaldi honetan zenbait urraketa argitzeko aurkezturiko kereilek balioko ote duten «blindaje judizial ukatzailea» hausteko. Eta xede bera duen beste ekinbide baten berri eman du: iragarri duenez, dinamika bat jarriko dute abian biktimen aitortzarako legea aldatzeko, eta zehazki, «biktima askori prozesu horretan sartzea eragozten dieten denbora mugak» ezabatzeko.

Garaialdek esan du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren konpromisoa lortu dutela, eta haiekin landu eta adostu dutela proposamena. Datozen asteetan, eskaerak bildu eta erregistratu egingo dituzte, Eusko Legebiltzarrean dauden talde politikoei «presioa» egiteko: «Esan nahi diegu ez dagoela inolako arrazoi demokratiko onargarririk milaka biktima prozesu honetatik baztertzeko».

Francoren heriotza

Aurtengo ekitaldiak berritasun batzuk izan ditu, eta Ametzola parkean eta Muguruzaren bizitoki izandako Errekalde auzoko plazan egin beharrean, soilik parkean egitea hobetsi dute antolatzaileek. Baina aurtengo ekitaldiaren berezitasunik aipagarriena izan da bat etorri dela Francoren heriotzaren 50. urteurrenarekin.

Horri buruzko aipamenak egin dituzte ekitaldiaren aurkezpenean. Esan dutenez, «Franco genozida faxistaren hilzoria» artifizialki luzatu zuten, heriotza azaroaren 20an gerta zedin, hots, Falange Espainolaren buru Jose Antonio Primo de Riveraren fusilatzearen urteurren egunean, «erregimenaren mistika eta jarraipen ideologikoa indartzeko».

Eta Brouard eta Muguruza hiltzeko «sakoneko estatuaren egutegian markatutako eguna» aukeratu izana ere ez zen kasualitatea izan: «Data horrek zuzenean eramaten gaitu frankismoaren oinordekotzara, Espainiako Estatuaren ezin hautsizko batasuna sustatu zuena oinarri ideologikotzat».

Ekitaldia egin duten lekuan, Brouarden eta Muguruzaren argazkiak jarri dituzte, ikurrin banarekin, eta, erdian, atrila, zapi palestinar batez atondua. Dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatu du irudien aurrean; gero, krabelin gorria utzi du hildakoen erretratuen ondoan. Berdin egin dute senitartekoek, haien artean, Brouarden alaba Edurnek eta Muguruzaren bikotekide izandako Elena Bartolomek; eta, ondoren, segizio luze batek ekin dio lore eskaintzari. Tasio Erkiziak, Jone Goirizelaiak, Angel Alkaldek eta ezker abertzalearen beste zenbait kide historikok parte hartu dute ekitaldian, hala nola EH Bilduko hautetsi ugarik ere: Maria del Rio eta Jabotxa Fernandez Bilboko zinegotziek, Iker Casanova Bizkaiko Batzar Nagusietako kideak, Unai Urruzuno Politika Instituzionaleko arduradunak eta abarrek.

sortuk ere oroitu ditu brouard eta muguruza

 

 

Sortuk Josu Muguruza eta Santi Brouard omentzeko ekitaldia egin du Bilboko Errekalde auzoko frontoian, haien hilketen urteurrenean. Hartan, salatu dute estatuak «eskura zituen tresna guztiak» baliatu zituela ezker independentistaren kontra egiteko, baina hark bere konpromisoari eutsi diola, etorkizunera begira. Hala, Brouarden eta Muguruzaren lekukoa hartuta, Euskal Herri «batu, independente, sozialista, feminista eta euskaldun» baten alde egin dute. 

Goizean, Eusko Legebiltzarrean ere oroitu dute Brouard, minutu bateko isilunearekin; HBko legebiltzarkide zen hil zutenean.

Sortuk antolatutako ekitaldia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sortuk antolatutako ekitaldia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.