Instituzioek ardura onartzeko zain

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera «zekentzat eta zapaltzailetzat» jo du Gune plataformakEAEn 1.700 pertsonak ez dute etxerik; zerbitzuek eskariaren %85 betetzen dute

Bilbon Gune plataformak atzo egindako elkarretaratzea. JON HERNAEZ / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizarte arloko mozketek miserian uzten gaituzte lelopean, dozenaka lagun bildu ziren atzo Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean, Gune plataformak deituta. 60 elkarte eta sindikatu inguru biltzen ditu plataformak. Instituzio publikoek gizarte zerbitzuetako aurrekontuetan egindako murrizketak salatu zituen, Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan. «Instituzio guztiei mintzo gatzaizkie, jarrera eta diskurtso hutsalak izan beharrean pobreziaren aurkako borrokan erantzukizuna bere gain har dezaten», eskatu zuen Gaizka Rial Guneko bozeramaileak.

Pobrezia kasuak zabalduz doazela nabarmendu zuen Rialek. Besteak beste, gogorarazi zuen gaur egun egunero 100.000 pertsona inguruk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai bankuetara jotzen dutela bazkaldu ahal izateko. Gaineratu zuen oinarrizko beharrak betetzeko zailtasunak dituzten pertsonak %3 ugaritu zirela krisialdiaren lehen bi urteetan. Horrez gain, azaldu zuen pentsiodunak izan direla «neurri atzerakoiak» gehien pairatu dituztenetako batzuk.

Gune plataformak adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren jarrera «zekena eta zapaltzailea» dela. Espainiako Gobernuak agindutako mozketak egiteaz gain kasu batzuetan horiek ere bere kabuz handitu dituela salatu zuen Gaizka Rialek. Jokabidea aldatu eta azken urteetan hedatzen ari den pobreziari muga jartzeko neurriak har ditzatela galdegin diete administrazio publikoei.

Murrizketek garapenerako lankidetzan ere eragin nabaria izango dutela ohartarazi dute eragileek. Besteak beste, eta adibide gisa, 2014ko aurrekontuari buruz emandako lehen datuetan, garapenerako lankidetzarako diru funtsa 2,3 milioi eurotik 166.000 eurora jaistea proposatu du Gasteizko Udalak. Murrizketa horiek aspaldian eginez joan da Javier Marotoren gobernua. Azkena duela hiru egun ezagutu zen. Lankidetzarako diru sailetik 350.000 euro kendu zituen, gizarte larrialdietarako laguntzetara bideratzeko. Horretaz aparte, Bilduko zinegotzi Itziar Ameztoik leporatu zien ia milioi bat euroko «ezkutuko mozketak» egin dituztela azken urtean.

Aralarrek, berriz, pobrezia tasak oraindik gehiago hazteko arriskuaz ohartarazi du. «Urteetako borroka sozialaren bidez eskuratu diren eskubide sozial eta laboralak deuseztatzeko» prozesuak hori eragin dezakeela gaineratu du, eta, azken datuen arabera, hamar pertsonatik bat pobre bizi dela jakinarazi.

Etxerik gabekoak, gazteak

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan muturreko pobreziaren ondorioz kalean lo egin behar duten pertsonak 1.700 inguru direla. Jaurlaritzak Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalekin batera egin du ikerketa, eta bertako datuen arabera ikusi dute gehienak gazteak zirela —35 urtetik beherakoak—; eta horietatik, hamarretik sei atzerritarrak zirela. 45 urtetik gorakoak Euskal Herrian jaiotakoak dira, baina bazterkeria egoera larriagoak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.