Instituzioek etxebizitzarekin negozioa egiten dutela salatu dute etxebizitza sindikatuek

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak deituta, dozenaka lagunek protesta egin dute House Action kongresuaren parean. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, berriz, adierazi du egungo politikek errentadunen poltsikoak betetzen dituztela.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak elkarretaratzea egin du gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak elkarretaratzea egin du gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko azaroaren 19a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

 «Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko», «Okupazioa delitua bada, gora, gora delinkuentzia!» edo «Zuen negozioa, gure miseria». Aldarri horiek hartu dute gaur iluntzean Donostiako Tabakalerako ataria. Parez pare egin dute topo bi errealitatek: batetik, etxebizitza arloan lan egiten duten politikariak, burumakur eta presaka, eta, bertzetik, dozenaka gazte txistuka eta oihuka. Eta Ertzaintza tartean, agintariak babesten. Eusko Jaurlaritzak antolatuta, House Action kongresua egin dute gaur hiriburuan: Hego Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat politikari egon dira bertan, etxebizitzaz mintzatzen. 

Ordea, kongresutik ateratako guztiak txistu eta oihu artean hartu dituzte herritarrek, kongresua «irudi garbiketa hutsa» dela argudiatuta. Hain zuzen, Hego Euskal Herriko agintarien zain egon dira, baina bat soilik atera da protestariak zeuden irteeratik: Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua. Tabakalerako atarian zeuden ertzainak herritarrak inguratzen hasi dira poliki-poliki, haiek oihuka eta txistuka jarraitzen zuten bitartean. Auto bat iritsi da atarira, eta laster atera da Itxaso; orduan, herritarrek ozenago egin dute oihu eta txistu.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak deitu du protesta, eta taldeko bi kidek hartu dute hitza. «Antolatzaileen esanetan, etxebizitza duin bat izatea ‘Gaur egungo ordenamendu juridikoan aitortutako eskubidea da, eta eskubide hori gauzatzeko botere publikoei emandako ardura aitortua dago’. Hori da, ustez, ekitaldi honen helburua. ‘Irtenbideak eta praktikak’ partekatzen aritu direla esan dute. Ez dakigu zer irtenbideri buruz ari diren, baina haien jardunbideei buruz hitz egin dezakegu», adierazi dute. 

«Errealitatea ezin da nabarmenagoa izan: alokairuak gero eta altuagoak dira, etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa da langile gehienontzat, Etxebideren zerrendak gero eta luzeagoak dira...»

EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATUEN SAREA

Izan ere, taldearen irudiko, gaur kongresuan izan diren agintariak «etxebizitza eskubidea gauzatzeaz» mintzo badira ere, egiten dutena «irudi garbiketa hutsa» bertzerik ez da. «Errealitatea ezin da nabarmenagoa izan: alokairuak gero eta altuagoak dira, etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa da langile gehienontzat, Etxebideren zerrendak gero eta luzeagoak dira, eta errentadunak eta jabe handiak gero eta aberatsagoak dira, eta erakundeek babestu egiten dituzte». 

Errealitate horren aitzinean agintariek «lankidetza publiko-pribatuak» proposatzen dituztela erran dute, baina horrek ez duela ezer konpontzen; kontrara, dirua «eraikuntza enpresek, funts putreek eta bankuek» eskuratzea eragiten du, taldearen erranetan. Eta hori Euskal Herrian ikus daiteke: «Bilbon, auzokideak haien auzoetatik kanporatzen dituzten hirigintza proiektuak onartzen jarraitzen dute; Donostian, hiria irensten uzten zaie turismoari eta pisu turistikoei; Gasteizen eraikitzeko lurrak birkalifikatzen dira, eta esku gutxi batzuk aberasten; Iruñean enkantean jartzen dira merkatu librera aterako diren etxebizitzak eraikitzeko partzelak; Baionan, hiria aire zabaleko merkataritza gune bihurtzen saiatzen ari dira, turistek euskal folkloreaz goza dezaten». 

Agintariek proposatutako erreformak kritikatu dituzte, arazoaren jatorriari eragiten ez diotela nabarmenduta; finean, «negozioak aurrera jarraituko duela bermatzen duten aldaketa kosmetiko txikiak» dira, sarearen irudiko. Nabarmendu dute etxe bat behar dutenen eta horrekin negozioa egiten dutenen arteko gatazka dela etxebizitzaren auzia, baita langile klasearen eta finantza interesen zerbitzura gobernatzen dutenen artekoa ere. «Etxebizitza, sistema honetan, ez da eskubide bat: merkantzia bat da, prezio bat du, eta erosi, pilatu eta saldu daiteke. Eta, merkatuan harrapatuta jarraitzen duen bitartean, logika berberaren mende egongo da: etekina ateratzea, eta bizitza duinik ez bermatzea», adierazi dute.

Kritika ministroari

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, berriz, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko Etxebizitza ministroaren eta EAJren eta PSE-EEren etxebizitza politikak salatu ditu gaur goizean. «Etxebizitza arazoari aurre egiteko neurriak hartzen dituztela saltzen badute ere, errentadunen poltsikoak betetzen ari dira», esan dute.

Halaber, salatu dute Itxasok gaur bertan iragarri duela milaka euro inbertituko dituela «errentadunentzako aseguru berri batean». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.