Urtea hasi berritan, Ipar Euskal Herriko arlo pribatuko medikuek greba hasi dute gaur: Frantziako Gobernuak abenduan bozkatu duen Gizarte Segurantzaren aurrekontuak trenkatzen dituen neurriengatik kexu dira, eta urtarrilaren 15era arte dira protestan aritzekoak. Sindikatuek diotenaz, «masiboa da» parte hartzea.
Salatu dutenaz, abenduaren 16an bozkatua izan den aurrekontuak ez du baliabide nahikorik aurreikusten gaur egungo egoerari erantzun ahal izateko. Eta neurri zehatzagoetara jo dute: Gizarte Segurantzaren buxet berrian, lan geldialdiak onartzeko neurriak gogortzea aurreikusi dute, adibidez, arlo pribatuko medikuek ematen dituztenei azterketak gogortuz. Halako neurri batekin, Frantziako Gobernuak aitzineratzen du lan geldialdiak errazkiegi eta nahiko kontrolik gabe emanak direla; medikuak asaldatu dira, gobernuak saltzen duen irudia faltsua delakoan.
Bestalde, zenbait eginkizunen prezioak apaltzea aurreikusi dute aurrekontuan, eta gaur egun parlamentuan ikertzen ari diren bi lege proposamenek mediku pribatuen instalazioa zailduko lukete.