Irabazi prest azaldu da akordioak egiteko foru hauteskundeetarako

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru hauteskundeetarako programak eta zerrendak osatzeko lanean dabil Irabazi-Ganemos koalizioa. Equo, Ezker Anitza eta Alternativa Republicana alderdiek osatutako plataformak jakinarazi duenez, hiru alderdi haietako kideak eta independenteak joango dira zerrendetan, baina gainontzekoentzat ere zabalik dituzte ateak. Bozetara plataforma zabalagoan joateko prest dago oraindik.

Podemos Ahal Dugu-rekin aurkeztu nahi zuen Irabazik, baina ezetz esan zion hark, bere kasa aurkeztu nahi duela foru hauteskundeetara, eta halaxe egingo du. Irabaziri indarrak batzeko asmoa hankamotz geratu zaion arren, beste edozein talderekin akordioak egiteko prest dagoela adierazi du Bilbon, agerraldi batean.

┬źAldaketa sakonerako┬╗ programak lantzen ari direla azaldu du, eta lurraldekako proposamenak aurki jakinaraziko ditu jendaurrean. Arabakoa aurkeztua dute, eta Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa datozen bi asteetan ezagutaraziko dituzte.

Hainbat udaletan ere parte hartuko dute maiatzaren 24ko hauteskundeetan. Bizkaian eta Gipuzkoan hamaseina herritan osatu dute hautagaitza, eta Araban, bakarrean: Gasteizen.

Sustatzaileek azaldu dutenez, udalerri batzuetan posible izango da beste talde batzuekin elkarlanean aritzea. Bilbon, esaterako, Ahal Dugu-rekin negoziatzen ari dira oraindik, herritar batasuneko hautagaitza bat osatzeko.

EAEko hiru hiriburuetan aurkeztuko da Irabazi, eta beste 30 herritan ere bai. Besteak beste, Barakaldon, Basaurin, Galdakaon, Getxon, Santurtzin, Sestaon, Sopelan, Erandion, Leioan, Andoainen, Arrasaten, Bergaran,Eibarren, Errenterian, Irunen, Ordizian, Zarautzen eta Zumarragan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.