Irailaren 13ko mobilizaziora deitzeko agerraldia egin du Ernaik Bizkaiko Gazte Egunean

Donostian batuko dira gazte antolakundeko kideak, Euskal Herriaren alde eta faxismoaren kontra egiteko. Ehunka gazteren aurrean, borrokara deitu dute, Bilboko Aste Nagusi betean.

Ernaik egindako elkarretaratzea, gaur arratsaldean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ernaik egindako elkarretaratzea, gaur arratsaldean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko abuztuaren 25a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bidegurutze historiko batean gaude: kapitalismoaren eredu zaharra agortzen ari da, eta beste eredu bortitzago bat sortzen». Norabide bakarra ikusten du Ernaik egoera horren aitzinean: «Borrokara batu eta faxismoaren aurkako horma bat eraiki». Bilboko Aste Nagusiaren barnean Bizkaiko Gazte Eguna ospatu dute gaur, eta irailaren 13an Donostian eginen duen mobilizazio nazionalera deitzeko parada hartu du Ernai gazte antolakundeak. «Bidegurutze horretan agertzen baitira munstroak».

Unamuno plazan egin dute agerraldia, 18:00etan, eta antolakundeak salatu du gazteak geroz eta garai prekarizatuagoa ari direla sufritzen. Horrek «atsekabea eta ezinegona» eragiten ditu herrian, eta sentimendu hori, azkenerako, «sistemarekiko desatxikimendua eta potentzial eraldatzailea» bihurtzen da. Gerta zitekeen potentzial eraldatzaile horrek prozesu askatzaileak sorraraztea, baina, Ernaikoen irudiko, «sistema kapitalistaren parametroetan kokatzeko olatu erreakzionario bat» jarri du martxan. «Alegia, ideologia ultraeskuindarra zabaltzeaz arduratzen den olatu erreakzionarioa». Joera hori, bide batez, zuzen-zuzenean lotu du faxismoarekin, «egungo testuinguru politikoan, zoritxarrez, erreakzionarismoa eta faxismoa banaezinak direlako».

Lurraldearen eta testuinguruaren arabera, faxismoak forma anitz izan ditzake, eta honakoa da, Ernairen aburuz, Euskal Herrian hartu duen itxura: «Espainolismo atzerakoia, eta frantziar jakobinismoa». Horregatik, Euskal Herri «aske, sozialista eta feminista» defendatu dute gazteek, «hamarkadaz hamarkada pilatutako baldintzak askatu eta herri honetarako ortzi muga askatzaile bat ahalbidetu ahal izateko».

Aldarri horiek denak are eta ozenago oihukatuko dituzte Donostian, eta gaurko agerraldira batu diren ehunka gazteri hara joateko eskatu diete. «Garaiak borroka eskatzen du; batu zaitez zu ere!». Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez! da irailaren 13ko manifestazioaren leloa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA