Irakasleentzako akordioak aje gazi-gozoa utzi du

Sinatzaileek uste dute ostiralean Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioari esker hobekuntzak izango direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleentzat eta oro har sistemarentzat.

Irakasleen grebaren harira egindako protesta bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irakasleen grebaren harira egindako protesta bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 12a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabost urteren ostean, lan hitzarmen berria izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek; bederatzi greba egunen eta dozenaka bileraren ondotik lortu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta sindikatuek ados jartzea, ostiral iluntzean, eta, horrela, bertan behera geratu ziren aste honetarako deitutako bost greba egunak.

Itunak ondo gazi-gozoa utzi du, baina. Gozoa sinatzaileentzat, hobekuntzak ekarriko dituelakoan baitaude, eta gazia ELArentzat —ez zuen sinatu akordioa—, gabeziak nabaritzen baitizkio. Sindikatu nagusietako ordezkariak bezala, baikor agertu da Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua ere. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan beren-beregi nabarmendu du akordioa gehiengo sindikalarekin lortu dutela: «Beti saiatzen gara denak sartzen, baina akordio hau gehiengo sindikalarekin lortu izana nobedade historiko bat da; inoiz ez da gertatu. Gehiengoarekin ados jartzea beste lorpen bat izan da».

Moduez ez ezik, adostutako edukiez ere harro dago Eusko Jaurlaritzako ordezkaria: «Akordio honi lotutako lerroburua zera da, hezkuntza, hobekuntza eta kalitatea ekarri ditugula erdigunera». Aurrera begira, nabarmendu du oraindik badagoela zer egin «konpromisoak betetzeko» eta «hezkuntza sistema benetan hobetzeko».

Hona sindikatu nagusiek egin duten balorazioa:

Haizea Arbide. Steilaseko kidea.

«Oro har, akordio duina da, eta 2010ekoa hobetzen du; hori zen gure helburua»

Haizea Arbide, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Haizea Arbide, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Atzera begira ekin dio Haizea Arbide Steilaseko kideak akordioa aztertzeari. Haren esanetan, «urteak» zeramatzaten negoziatu nahian, baina «oztopoak» baino ez dizkiete ipini bidean. Esan du Hezkuntza Sailak greben atarian aldatu duela jarrera: «Grebetara deitu genuenetik, Hezkuntza Sailak mugimenduak egin ditu; nahiz eta grebak blokeatzean eta desitxuratzen saiatu diren, azken egunetan berriro aktibatu da negoziazioa».

Eta negoziazio horrek eman ditu fruituak. «Guk zutabetzat geneuzkan gai guztietan egon dira trabak, baina guztietan gainditu dira, neurri batean edo bestean». Steilasen irudiko, akordio «ona» erdietsi dute: «Oro har, akordio duina da, eta 2010ekoa hobetzen du; hori zen gure helburua». Hitz hutsetatik harago joanda, neurriak bata bestearen atzetik aletu ditu Arbidek. Ziurtatu duenez, oinarrizkotzat zeukaten langile taldeak gaztetzeko plan bat ontzea. «Plan oso ona eta garatua landu dugu, eta Hezkuntza Sailak onartu du». Soldatak ere izan ditu hizpide Arbidek. Horiek «erdigunean» jartzeari «politikoki» funtsezkoa irizten zioten, «sare pribatuan hartutako neurriak ikusita»; «hori ere lortu dugu». Eta hobekuntzak lortu dituzte ordezko langileentzat ere: «Lizentzietan eta baimenetan, funtzionario direnekin berdindu dira».

Aritz Villar. LABeko kidea.

«Borrokari esker lortu dugu hitzarmen bat izatea»

(ID_14855623) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-04-10, Bilbo. STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek hemendik aurrerako mobilizazioen...
Aritz Villar, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«LABentzat, ezinbestekoa zen baliabideak eta neurriak lortzea herri gisa genituen erronkei erantzuteko». Hala egin dutela uste du sindikatuko kide Aritz Villarrek: «Hezkuntzaren kalitatea hobetuko duen akordio bat lortu dugu». Hots, lortu dituzte euskara indartzeko neurriak, baita aniztasunari eta hezkidetzari lotutakoak ere. Halaber, dioenez, behin-behinekotasuna %5era jaitsiko dute, lan zamak arindu eta irakasleen eskola orduak apaldu, baita langile taldeak gaztetu ere: «Irakasleek aukera izango dute hemezortzi hilabete lehenago erretiro aurreratua hartzeko». Eta soldatak igoko dizkiete: «Soldatak %7 igoko dira, hemen erabakita, ez Madrilen, ez Parisen; LABentzat, hori oso-oso garrantzitsua da»

Horretarako guztirako, VIllarren irudiko, ezinbestekoa izan da eskolak hustea eta kaleak betetzea. Grebak egitea. «Borrokari esker lortu dugu hitzarmen bat izatea».

Miren Zubizarreta. ELAko kidea.

«[Akordioak] Bere hartan iraunaraziko ditu errokoak diren arazoak»

Miren Zubizarreta, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Miren Zubizarreta, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Sindikatuen artean, ELAk egin du denetan balorazio ezkorrena. «Bere hartan iraunaraziko ditu erroko arazoak», nabarmendu du sindikatu horretako kide Miren Zubizarretak. Uste du irakasleak oraindik ere «indartsu» zeudela aste honetan greba egiteko, erantzun hori jasotzen ari ziren ikastetxeetako batzarretatik eta. «Grebekin aurrera jarraituz gero, akordio honetako edukiak –hezkuntzaren kalitatean eragina dutenak— hobetzeko tarte handia zegoen».

Hortaz, aukera galdutzat jo dute ituna. Hainbat arrazoi eman ditu Zubizarretak hori esateko. Ratioak: «Adostu da lehen Hezkuntzan gehieneko ratioa 23tik 22ra jaistea; Haur Hezkuntzan, bigarren zikloan, hogeitik hemeretzira jaitsi da. Bi etapatan bakarrik jaitsiko da, eta, gainera, modu sinbolikoan». Burokrazia gutxitzea: «Batzorde bat sortzea adostu da, baina neurri zehatzik ez da jaso». Giza baliabideak areagotzea, «figura» berriak sortuta: «Iruditzen zaigu baliabide gehikuntza oso eskasa izango dela, nahiz eta ados gauden figura horiek sortu behar direla». Eta soldatak: «Adostutakoak ez du modua emango galdutako erosahalmena berreskuratzeko, eta etorkizunera begira adostu diren igoerak ez daude KPIari lotuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.