Patxi Lopezen agintaldiaren balantzea (III). Ingurumen eta etxebizitza politikak

«Iraultza berdea»

Jaurlaritzak ingurumen politikari estrategia eta diskurtso berriak ekarri dizkio, baina lege egitasmo nagusiak bidean utzi ditu Eolikoen plana eten eta ez du berria bukatu hiru urtean, baimenak ematen jarraitu arren

Lopez, Garmendia eta Unda; fracking-a ezagutzeko, AEBetara bidaia egin zuten iazko urrian. JON BERNARDEZ.
mikel p ansa
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Anbizioz ekin zion Eusko Jaurlaritza berriak ingurumen arazoei erantzun integral bat emateko asmoari. Garapen eredu berri eta iraunkor bat sortzen hasteko konpromisoa agertu zuen, «hazkunde eredu berdean» oinarrituz. Urdaibaiko Itunean adierazi zituen ingurumen arloko asmoak Patxi Lopez lehendakariak, 2009ko ekainaren 29an, agintea hartu eta laster. Garapena eta ongizatea bermatzeko berdintasuna eta justizia bultzatu behar direla esan zuen, eta ekoizteko eta kontsumitzeko erak aldatu behar direla horretarako. Tresna bat aurkeztu zuen: EkoEuskadi 2020. «Itun sozial» horrek balio behar zuen, ez bakarrik ingurumen politikak batzeko, baita bestelako garapen eredu bat sortzen hasteko ere; sail arteko lana izango zen, Lehendakaritzaren mendekoa. Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak «iraultza berdea» deitu zion.

Espero baino gehiago atzeratu zen EkoEuskadi 2020ren testua, ordea. Iazko uztailean onartua, urtebete eskas egin du. Estrategiak zehazterako, agintaldia bukatu da. Jaurlaritzak egin ditu urrats batzuk bitartean, hala ere: Mugikortasun Legea onartu, auto elektrikoa sustatu, ingurumena babesteko neurri batzuk hartu... Lege esanguratsuenak zirriborroetan gelditu zaizkio, ordea.

Horra Jaurlaritzak ingurumenari buruz egin dituen lanak:

EkoEuskadi 2020



Estrategia berriak astirik ez

2011ko uztailean onartu zuen Jaurlaritzak EkoEuskadi 2020 Garapen Iraunkorrerako Estrategia. Era eta esparru askotako neurriak zehaztu zituen; besteak beste, hauek: laneratzea %68tik %75era handitzea; ikerketa, garapena eta berrikuntzarako inbertsioa barne produktu gordinaren %3ra igotzea; berotegi efektuko gasen isuriak 2005ean izan zirenen %20 izatea; eskola porrota %12,6tik %10era jaistea; pobrezia tasa %19tik %15era jaistea; eta energia berriztagarriak %17tik %20ra handitzea. «Iraunkortasunean, Europa Hegoaldeko abangoardia bihurtuko du Euskadi», esan zuen Unzaluk planarengatik. Urtea egin du. Europako Ingurumen Batzordearen aurrean eta Rio+20 nazioarteko goi bileran aurkeztu du Jaurlaritzak, eta onespena jaso du. Baina, praktikan, ez du garatzeko astirik izan.

Lege egitasmoak



Bidean geratu dira gehienak

Ingurumena Babesteko Legea aldatzeko asmoa agertu zuen Unzaluk, Ingurumen Batzordean egin zuen lehen agerraldian —oraingoak ia hogei urte ditu—. Hiru urte geroago, legeen egutegitik kendu eta parte hartze bidez lantzeko asmoa agertu du Unzaluk. Hori bezala, bidean gelditu da Klima Aldaketaren Aurkako Lege egitasmoa ere, Paisaiaren Legea eta Lurzoruen Kutsadura Zuzentzeko Legea bezala. Azken hiru horiek zirriborratu eta onartu ditu gobernuak, baina legebiltzarrean prozedura bukatu gabe eta, beraz, lege bihurtu gabe geratu dira.

Klima aldaketaren aurkako lege egitasmoa zen berritzaileena. Eskozia da, gaur-gaurkoz, era horretako lege bat duen herrialde bakarra. 2010eko urrian aurkeztu zuen Unzaluk, eta iazko maiatzean eman zion oniritzia Jaurlaritzak. Egitasmoak proposatzen zuen, esaterako, obra handiek klima aldaketan duten eragina neurtzea, eta administrazio publiko guztiei berotegi efektuko gas isurien mugak ezartzea. Besteak beste, hiru aldundiek helegiteak jarri zizkioten; prozedura moteldu, eta egitasmoa bidean geratu da. Mugikortasun Iraunkorraren Legea izan da Lopezen taldeak aurrera atera duen ingurumen arloko lege bakanetakoa.

Lurralde antolaketa



Aldaketa sakonik egin gabe

1997ko Lurralde Antolaketarako Gidalerroak berritu ditu Ingurumen Sailak. Sakonean, aldaketa esanguratsurik ez du egin, eta duela hamabost urteko lanaren oinarriari eutsi dio, Euskal Hiria kontzeptuan sakonduz. Uda aurretik erakusketa batean azaldu zuten proiektua. Dagoeneko, hainbat taldek salatu dute iraganeko garapen eredua indartu baino ez dutela egingo gidalerro berriek.

Babes eremuak



Orain zabaldu, orain mugatu

Non babes eremuak zabaltzen, non babes eremuak zabaltzeari uko egiten aritu da Eusko Jaurlaritza. Jaizkibelgo itsas korridore ekologikoa har liteke adibidetzat. Oceana elkarteak eta Euskadiko Biologoen Elkargoak eginiko proposamen bat zen, eta berau aztertzearen alde agertu zen Jaurlaritza. Baina segidan Pasaiako kanpoko portuaren plana babestu zuen —«Natura 2000 sarean dauden guneak ez dira sakratuak», esan zuen Jaurlaritzako Bioaniztasun zuzendari German Alonsok—. Segidan, Jaurlaritzak, Portu Agintaritzak eta Espainiako Gobernuak akordio bat sinatu zuten, kanpoko kaia egitea «ezin itzulizkoa» egiteko. Jaizkibel-Ulia eremua babes bereziko gune izendatzeko prozedura ere hasi zuen Unzaluk, baina uztailean ezagutu zen prozedura etenda dagoela.

Babestutako guneak inguruan dituzten harrobietan ere bi aldeak agertu ditu. Urkiolan, «inguruen balioekin bateragarriak ez diren erauzketa jarduerak» debekatzeko eskatu zuen Legebiltzarrak 2010eko otsailean, eta Unzaluk apirilean agindu zuen Zallobenta harrobiko ustiaketa debekatzeko. Ezin izan du handitu, ordea, Praileaitzeko kobazuloaren babes eremua 50 metrotik ehun metrora.

Bide onean jarri du, aldiz, Arabako Mendiak natur parke izendatzeko dekretua. 2010ean hasi zuen prozedura. Natur parke izendatzeko prozedura aurreratu du Unzaluren sailak, eta orain jarri du ikusgai.

Beste aldera, kutsatzaile eta arriskutsu diren zenbait jarduerarentzako ingurumen baimenak onartu ditu Lopezen taldeak; Gipuzkoako errauste planta eraikitzeko baimena eta Petronorren jarduera arautzeko tramitazio korapilatsu eta luzea bideratu ditu, esaterako.

Parke eolikoak



Planik gabe ere, aurrera

Eusko Legebiltzarrak 2009ko ekainaren 11n eskatu zuen Energia Eolikoaren Lurralde Sektore Plana geldiarazteko. Eta gelditu zuen Jaurlaritzak. Funtsean, energia eolikoaren erabilerarekin bat zetozen legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi gehienak, baina onartu zuten planak naturgune babestu batzuei eragiten ziela.

Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen beste lurralde sektore plan bat egiteko, eta Itun Eolikoa aurkeztu zuen 2010eko otsailean, baina ibilbide laburra izan zuen, Arabako Diputazioak sinatu ez zuelako. Hiru urte pasatuta, Jaurlaritzak oraindik ez dio azken onarpena eman eolikoen plan berriari, baina, hala ere, parke eolikoak egiteko baimenak ematen jarraitu du, Bizkaiko eta Arabako diputazioen eta parkeak eraikiko lituzketen inguruetako udalen oposizioarekin sarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.