Ireki dute Gladys sarirako hautagaitzak aurkezteko epea

Eremu digitalean lan egiten duten emakume gazte euskaldunak saritzen ditu. Ekainaren 1ean amaituko da aurkezteko epea.

Gladys sariaren aurkezpena, gaur, Donostian. PUNTUEUS FUNDAZIOA
Gladys sariaren aurkezpena, gaur, Donostian. PUNTUEUS FUNDAZIOA
jakes goikoetxea
2026ko apirilaren 16a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ane Iturzaeta Agirre. Olatz Perez de Viñaspre. Amaia Abanda Elustondo. Lorea Argarate Zubia. Usue Mori Carrascal. Eremu digitalean lan egiten duten emakume euskaldun gazteak —40 urte artekoak— dira. Orain arteko Gladys sarien irabazleak. Abiatu dute seigarrena aukeratzeko prozesua ere. Ekainaren 1era arte aurkeztu ahalko dira hautagaitzak. 

Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak banatzen dute Gladys saria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Sarian parte hartzen dute Emakundek, Danobatgroupek, Euskaltel fundazioak, EITBk eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzak ere. Sarien webgunean eman daiteke izena. Irabazleak 4.000 euro jasoko ditu.

Del Estalen omenez

Sariaren helburuetako bat da gazteentzat erreferente berriak sortzea eta teknologiaren arloko emakumeen talentua nabarmentzea. Baita emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea ere. Gladys del Estal (1956-1979) informatikariaren omenez du horrela izena sariak. EHUren Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen, eta hura gogoratzea ere bada sariaren asmoetako bat. Gladys del Estal guardia zibil batek hil zuen, buruan tiro bat jota, 1979ko ekainaren 3an, Tuteran (Nafarroa): Del Estal energia nuklearraren kontrako protesta batean parte hartzen ari zen, milaka lagunekin batera.

«Oso harro gaude emaitzekin», esan du Lorea Arakistain Puntueus fundazioko Komunikazio eta Marketin arduradunak gaurko aurkezpenean, Donostian. «Gero eta hautagaitza gehiago jasotzen ditugulako, eta oihartzuna gero eta handiagoa delako». Gizartean «eragin positiboa» duela gehitu du.

Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko ordezkariaren arabera, ezinbestekoa da lantaldeak pluralak izatea etorkizuneko erronka teknologikoei aurre egiteko, eta horretarako «ezinbestekoa da informatika eta teknologia ikasketetara hurbiltzen diren ikasleak ere askotarikoak izatea».

«Iruditeria kolektibo berria»

Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak nabarmendu du Gladys sariak lagundu egiten duela «iruditeria kolektibo berri bat eraikitzen, belaunaldi gazteenen artean bokazio berriak piztuz».

Noemi Ostolaza Emakundeko idazkari nagusiak ohartarazi du zientziaren ikuspegi androzentrikoa bukatu behar dela, eta horretarako «egiturazko aldaketa bat» behar dela, «berdintasuna modu sistematikoan txerta dadin».

«Ezin dugu industria eraldatu emakume nahikoa ez badago», gehitu du Iker Usabiagak, Danobatgroupeko Kudeaketa Sozialeko zuzendariak. «Talentua sustatzea ez da soilik berdintasun kontua; behar estrategikoa da industriaren etorkizunerako».

Nerea Enbeita Euskaltel fundazioko zuzendariarentzat, prestakuntza ezinbestekoa da, baina ez nahikoa: «Funtsezkoa da lidergoan eta autoestimuan heztea, emakumeek sinets dezaten lidergoa hartzeko gai direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA