hauteskundeak

Iriarte izango da EH Bilduren lehendakarigaia

Ez da beste hautagairik aurkeztu indar subiranistaren primarioetara.

Maddalen Iriarte, joan den astean. JUAN HERRERO / EFE
jon olano
2020ko otsailaren 3a
17:52
Entzun

Joan den astean, EH Bilduko Mahai Politikoak Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea proposatu zuen Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai izateko. Indar subiranistaren barne araudiaren arabera, bart amaitu da hautagaitzak aurkezteko epea, eta, beste hautagairik ez denez aurkeztu, Iriarte bera izendatu dute lehendakarigai.

Iriarte donostiarra da (1963), eta Durangon bizi da, Bizkaian. Kazetaria da, ETBn aritua urteetan. Joan den astean, haren hautagaitza aurkezteko agerraldian, adierazi zuen «ardura eta ohore handia» dela harentzat hautagai izatea. «Prest nago; indarrez nago erronka honi aurre egiteko». Eskerrak eman zizkion EH Bilduren Mahai Politikoari, eta hautagaitza gehiago aurkeztera deitu zuen, «eztabaida aberasgarria» delakoan. Gaur, izendapena ezagutarazi berritan, antzera mintzatu da sare sozialetan: «Indarrez, arduraz eta pozik ekin diot erronkari. Ohorea da niretzat. Elkarrekin egingo dugu».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren inhabilitazioaren ondorioz, 2016ko hauteskundeetan Iriarte bera izan zen EH Bilduren lehendakarigaia, independente gisa sartuta, eta Mahai Politikoak apustu berari eutsi dio orain. Lehendakarigaia hautatu ostean ekingo dio EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak osatzeko prozesuari, eta martxoaren 9an amaituko du.

Kritikak EAJri

Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak agerraldi bat egin du goizean, eta EAJren jarrera jarri du kritiken jomugan. Nagusiki, osteguneko greba orokorrean EAJk argitaratutako iritziari egin dio erreferentzia: «Noiz bildu da EBB ostegun batean greba orokorraren balorazioa egiteko? Mespretxatu ditu sindikatuak, mobilizatu diren herritarrak, ezker independentista... Dena mespretxatzen da. Sektore kontserbadorearen bozeramaile lanak egiten ari da EAJ».

Halaber, Otegik uste du Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea «obsesionatuta» dagoela EH Bilduk Euskal Herrian eta Madrilen izan dezakeen rolarekin: «Lehen aldiz, Espainiako Gobernua ezkerreko independentisten baitan dago. Laster ikusiko da Madrilen determinanteak garenean zer gertatzen den».

Ortuzarrek berak Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean kritikatu ditu EH Bildu eta Otegi: «Hemen otsoa dira, eta Madrilen, Txanogorritxo. Han, ezker abertzale berriaren itxura eman nahi dute, ezkerreko indarra dela, eta hemen, Euskadin, esentzien zaindariak dira. Politikan, koherentzia izan behar da, eta EH Bildu eta Otegi inkoherentziaren paladinak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.