Irisgarritasunerako lehen urratsak Bizkaiko C3 linean

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak iragarri du tren irisgarriak izango direla udazkenerako, baina erabiltzaile batzuk ez dira guztiz fio.

Tren bat geltokian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Tren bat geltokian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko uztailaren 14a
19:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trenaren ateak ireki dira, eta bidaiari gehienek segundo gutxian igarotzen dituzte bagoira igotzeko bi eskailera mailak. Beste batzuentzat, ordea, bi maila horiek erronka handia dira egunero. Urteak dira hainbat lagunek Bizkaiko aldiriko C3 lineako trenetan sartzeko eta ateratzeko zailtasunak dituztela: gurpil aulkian ibiltzen diren erabiltzaileek, mugitzeko zailtasunak dituztenek, ikusmen arazoak dituztenek eta ume aulkitxo bati edo erosketa orgari bultzaka ibili behar dutenek. Baina Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, baliteke soluzioa gertu egotea. Izan ere, jakinarazi du bidean direla irisgarritasuna hobetuko duten hainbat tren.

Maria Luisa Goikoetxea, baina, ez da erabat fio. «Ikusten dudan arte ez dut sinetsiko». Trenean ibiltzen da Goikoetxea, eta urteak daramatza linea horren irisgarritasuna bultzatzeko borrokan. Minduta dago ez dutelako berarekin zuzenean hitz egin eta zeharka izan duelako albistearen berri.

Konboi berriak Bizkaiko trenbideetara heldu bitartean, udan Gipuzkoako trenak erabiliko dituzte, Renferekin hala adostuta; horiek irisgarriak dira. Izan ere, Donostiatik pasatzen den C1 lineako trenbidea obretan egongo da, eta, hortaz, tren horietako asko geldi egongo dira. Aste batzuk barru helduko dira Bizkaira, eta berriak iritsi bitartean erabiliko dituzte. 

Neurria aldi baterakoa izango da, tren berriak udazkenean ekarriko baitituzte. Hitzartutakoaren arabera, hamabi tren bidaliko dituzte, horietako 11 Bizkaiara eta bestea Gipuzkoara. Hala, 447 serieko tren berriek 446 seriekoak ordezkatuko dituzte. 

Konboi berriak

Orain, C3 linean dabiltzan trenen arazo nagusia da nasatik trenera sartzeko bi eskailera maila daudela. Horrek zailtasunak sortzen dizkie hainbat erabiltzaileri. Serie berrikoek, berriz, bagoi irisgarri bat dute erdialdean; haren sarrera nasaren maila berean dago, eta, beraz, errazagoa da erabiltzaileak trenera igotzea.

«Urteak eman ditut haiekin elkarlanean, eta orain ez didate kasurik egiten»

MARIA LUISA GOIKOETXEA Irisgarritasunaren aldeko aktibista

Bagoi horrek bidaiak erraztuko dizkio Goikoetxeari. Hala ere, ezin du haserrea ezkutatu. Hasieran, Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendariaren laguntza izan zuen, baina azkenaldian baztertuta daukatelakoan dago: «Urteak eman ditut haiekin elkarlanean, eta orain ez didate kasurik egiten». Izan ere, 2015ean iktusa izan zuen Goikoetxeak, eta ordutik gurpil aulkia erabiltzen du bere kabuz mugitzeko. Bada, lehen aldiz errehabilitaziora joateko trena hartzera joan zenean, konturatu zen pentsatzen zuen baino zailagoa izango zela trenez mugitzea. Hortik aurrera hasi zuen bere borroka: denentzat tren zerbitzu publiko irisgarria lortzea. 

Maria Luisa Goikoetxea Orduñako geltokian, artxiboko irudia. ENDIKA PORTILLO/FOKU
Maria Luisa Goikoetxea Urduñako geltokian, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

12.000 sinadura bildu zituen, eta eskaera Espainiako Sustapen Ministeriora eraman, Juan Manuel Montilla Macarron El Langui aktore espainiarrak lagunduta. Ministerioko ordezkariek esan zioten trenera igotzeko plataforma bat probatuko zutela. 2018an jarri zioten plataforma bagoira igotzeko. Ondoren, esan zioten probaldia etengo zutela, baina ez zioten galarazi plataforma erabiltzea. Geroztik, ez du beste inork erabili; soilik Goikoetxeak. Hala ere, COVID-19aren pandemiaren ostean, borrokan jarraitu zuen Victor Rodriguez erabiltzaile elbarriarekin batera.

Eskumen aldaketa

Lehen, Espainiako Gobernua arduratzen zen Renferen aldiriko zerbitzuaz eta azpiegiturez, baina, iaztik, Eusko Jaurlaritzako Garapen Jasangarrirako Saila da zerbitzuaz arduratzen dena. Aldaketa egin zutenean, Eusko Jaurlaritzak irisgarritasuna bermatzeko lehen asmoaren berri eman zuen: lehenik, Urduña eta Bilboko Abandoko geltokietako nasak igotzea, eta ondoren beste horrenbeste egitea beste geltokietan ere.

Eskualdaketaren ondorioz, ordea, erdibidean geratu ziren Goikoetxearen eskariz Espainiako Diputatuen Kongresuan hasitako tramiteak.

«Materiala ekarri zuten obra egiteko, baina hor dago oraindik»

MARIA LUISA GOIKOETXEA Irisgarritasunaren aldeko aktibista

Espainiak iragarritako planak ez zuen aurrera egin. Materiala heldu zenean, itxaropena piztu zitzaion Goikoetxeari, baina, denborak aurrera egin ahala, guztiz galdu zuen. «Materiala ekarri zuten obra egiteko, baina hor dago oraindik ere», azaldu du Goikoetxeak amorruz. Kontatu du hainbat alditan saiatu dela lagundu ziotenekin berriz ere harremanetan jartzen, baina ez duela lortu: «Haiek jarri ziren nirekin harremanean, baina orain ez didate ezta telefonoa hartzen ere». Izan ere, Fecoor elbarrien federazioari esker izan zuen C3 linearako proposatu duten planaren berri; federaziokoak hasiera-hasieratik lagun egin diote bidean. 

Goikoetxea oso haserre dago oraindik. Salatu duenez, urte luzez irisgarritasuna lortzeko lanean ibili ondoren, inor ez da berarekin harremanetan jarri. Hala ere, aldaketa begi onez ikusi du: «Irisgarritasuna lortzeko edozein aldaketa ongi etorria da». Baina bete gabeko hainbeste promes izan direla kontuan hartuta, mesfidati agertu da: «Ikusi arte ez dut sinetsiko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA