Urtxintxa berezi bat dabil Gatikako (Bizkaia) arte handi baten adarretan, goi tentsioko Gatika-Cubzenais linearen lanei begira. Maputxe deitzen diote, eta Landetatik (Okzitania) joana da, Interkonexio Elektrikorik Ez plataformari elkartasuna adieraztera. Beste ekintzaile ekologista batzuek bezala, Maputxek egunak eman ditu zuhaitzetan igota Landetako basoetan, azpiegituraren lanak oztopatzeko. Horregatik esaten diete urtxintxa ekintzaile horiei. Maputxek iragarri du asteak egingo dituela Gatikan eraikitzen ari diren estazio bihurtzailearen ondoko artean igota, linearen ingurumen eragina salatzeko. Gaur arratsaldean, Maputxeri babesa emateko pinik herrikoi bat egingo du Interkonexio Elektrikorik Ez plataformak.
Urtxintxaren antzera, Mikel Panda ekintzaile ekologistak ere elkartasuna agertu nahi izan dio Interkonexio Elektrikorik Ez taldeari. Capbretondik (Okzitania) Gatikaraino bidaiatu zuen joan den astean, bizikletan, plataformak ostiralerako deitua zuen mobilizazioan parte hartzeko eta linearen bi muturretako borrokak lotuko zituen keinu bat egiteko. Manifestazioan, dozenaka lagunek Gatikatik Mungiarainoko bidea egin zuten oinez.
Elkartasun keinuak atseginez hartu dituzte Interkonexio Elektrikorik Ez taldean, hain justu goi tentsioko linearen proiektuak beste urrats bat egin duen honetan. Ekainaren hasieran, makinak lurra zulatzen hasi ziren linea osatuko duten lau kableak lurperatzeko. Lineak Gatika, Maruri-Jatabe eta Lemoiz zeharkatuko ditu lurpetik, hamahiru kilometroko ibilbidean, hau da, Gatikan eraikitzen ari diren argindar estazio bihurtzailetik itsasoraino. Salatu dutenez, hainbat irregulartasun atzeman dituzte obretan, eta lur jabeei presio egin diete beren lurrak saldu ditzaten, proiektua atzeratu gabe. Red Electrica enpresa ari da lanak egiten, eta, adierazi duenez, 2027an amaituta eduki nahi dituzte linearen lan guztiak; bestalde, espero dute interkonexio sarea 2028an martxan egotea.

Irregulartasun horietako baten adibide gisa, estazio bihurtzailea bera aipatu du Ekaitz Arbinaga elkarteko presidenteak. «Planoetan adierazi zuten hogei metro garai izango zela, baina, azkenean, baieztatu egin digute ikusten ari ginen hori: 30 metro garai da. Eta horrela egiten ari dira dena».
Lemoizko zentral nuklearrerako eraiki zuten azpiestazioaren ondoan ari dira altxatzen Gatikako estazio bihurtzailea. Bi eraikin egiten ari dira. Egitura ikus daiteke. Instalazioak sare elektrikoaren korronte alternoa korronte jarraitu bilakatuko du, hura goi tentsioko linearen bitartez garraiatzeko, eta alderantziz, goi tentsioko lineatik jasoko duena bihurtuko du sare elektrikora sartzeko.
Arbinagak salatu du gardentasun eta kontrol falta izan dela kableak lurperatzeko zangen lanetan ere. Zangak egiteko lur eremuetan, «hamar metro hartuko dituztela esaten badizute, hamabost hartzen dituzte». Hori dela eta, «gainean» egon behar dute.
Ikuskatze lan horretarako bada talde bat Gatikan, erretiroa hartuta dauden hiru lagunez osatua. Boluntak esaten diote beren buruari. Goizean goizetik «lanak amaitzen diren arte» egoten dira beharginek zer egiten duten zaintzen. Hartu-emanean daude azpiegituraren proiektuak hartzen dituen lursailen jabeekin, jakiteko zehatz-mehatz zein lur hartu dizkieten eta langileei adierazteko non sar daitezkeen eta non ez. Arbinagak nabarmendu du talde horren lanari esker kalteak txikiagoak direla herrian.

Red Electricak adierazi du neurriak hartu dituela ahalik eta ingurumen kalte txikiena sortzeko. Besteak beste, esan du zulaketa gidatua baliatzen ari dela kableak errepidearen eta errekaren azpitik pasatzeko orduan, baita hura itsasora sartzeko lanetan ere. Teknologia horren bitartez, kableak lurpetik pasatu daitezke zangarik ireki gabe. Zulaketa horietarako erabiltzen duten makinari satorra deitzen diote. Arbinagak ohartarazi du satorra sartzen dutenean zortzi metro kubikoko lau zulo egin behar dituztela, eta, beraz, balitekeela satorrak zulatzen dituen lurretan bizi diren zuhaitzak arriskuan egotea. «Satorra hozteko, bentonita izeneko material bat erabiltzen dute. Berez, ez da kutsagarria, baina lurreko beste buztinekin elkartzen denean eta urarekin nahasten denean, fin-fina bihurtzen da. Orduan, lurra guztiz iragazgaitz bihurtzen du, eta sustraiak usteldu egiten dira. Ezagutzen ditugu haritz handi batzuk lehortu egin direnak. Gure beldurra hori da, hemengo haritz eta arte handi batzuk lehortzea».
Lanak aurreratzeko helburuz Red Electricak lur jabeei «presio oso handia» egin diela ere adierazi du Arbinagak. Azaldu duenez, lur jabe batzuk elkartu eta antolatu egin dira, enpresarekin ahots bakarrez hitz egiteko. «Orain desjabetze baimena jaso dute Espainiatik, eta gutxieneko kopurua ordaindu nahi diete. Azkenean, landa lur oso on batzuk merkeago saldu beharko dituzte mendiko lurrak baino». Oraindik desjabetzeen auzia argitu gabe, plataformakoek salatu dute mehatxu ere egin dietela lur jabeei; esan diete langileei sartzen utzi ezean 150.000 eurorainoko kalte ordainak pagatu beharko dizkiotela Red Electricari.
Etorkizuneko ondorioak
Goi tentsioko linearen lanek duten eraginagatik ez ezik, azpiegiturak berak etorkizunean izango dituen ondorioengatik ere kezkatuta daude Interkonexio Elektrikorik Ez plataformakoak. «Badakigu elektrizitateak eremu elektromagnetikoak sortzen dituela, eta ikerketa asko daude esaten dutenak eremu elektromagnetikoak kaltegarriak direla osasunerako. Arduratuta gaude hain potentzia handiko kableek sortuko duten eremu elektromagnetikoarengatik», azaldu du Arbinagak.
Interkonexioa osatuko duten lau kableek 2.000 megawatteko potentzia garraiatzeko ahalmena izango dute —1.000 megawatt noranzko bakoitzean—. Espainiako sare elektrikoak apirilaren 28an izan zuen itzalaldi handiaren ondoren, Madrilek nabarmendu du beharrezkoa dela Frantziako sarearekin dauden interkonexioak indartzea. EB Europako Batasunak ere lehentasunen artean du hori, eta interes orokorreko proiektu izendatu du, nahiz eta ez duen bi estatuen arteko konexioa askorik hobetuko. Gaur-gaurkoz, konexio hori Espainiak instalatua daukan potentziaren %3ren parekoa da. Gatika-Cubnezais linea amaitzean %5 ingurukoa izatea espero da, EBk 2030. urterako ezarria duen helburutik, hau da, %15etik urrun. Proiektuaren aurrekontua 2.850 milioi eurokoa da.
EBk autonomia energetikoa eskuratzeko gakoetako bat sareen interkonexioa dela uste dute aditu batzuek. Argudiatzen dute estatuetako sareek elkar orekatzeko balioko duela sistemaren eremu batean arazoren bat sortzen bada. Esaterako, energia berriztagarrien ekoizpena kolpetik handitzen edo gutxitzen bada. Beste aditu batzuen iritziz, ordea, baliteke sareak gehiago zabaltzeak itzalaldi arazoak hedatzea ere. Hala uste du plataformak. «Berriztagarriak ez dira egokiak distantzia luzeetan eta kantitate handian garraiatzeko, oso ezegonkorrak dira eta». Arbinagaren esanetan, sistema egonkor bat sortzeko irtenbidea ez da sistema handitzea, sare egonkorrak sortzea baizik, eta uste du horretarako sare banatuagoak egin behar direla, ez gaitasun handiko loturak.
«Badakigu elektrizitateak eremu elektromagnetikoak sortzen dituela, eta ikerketa asko daude esaten dutenak eremu elektromagnetikoak kaltegarriak direla osasunerako»
EKAITZ ARBINAGAInterkonexio Elektrikorik Ez plataformako presidentea
Itsaspeko eragina
Goi tentsioko linea 400 kilometro luze izango da orotara, eta hiru laurden egingo ditu itsaso azpitik. Lemoiztik Girondara, Bizkaiko Golkoa zeharkatuko du, baina lehorreratu egingo da tarte batean, Capbreton eta Seignosse inguruan (27 kilometro), Capbretongo itsas arroila saihesteko. Arroilak 2.000 metro baino gehiagoko sakonera baitu eremu batzuetan. Lineak lurpeko tarteetan ez ezik ur azpikoetan ere ingurumen eragin handia izango duela ohartarazi dute Interkonexio Elektrikorik Ez plataformak eta Akitaniako Stop THT 40 taldeak.
Azken horrek auzitara jo zuen iazko uztailean, linearen lanetan «zetazeoei kalte handia eragiten dieten sonarrak erabili» zituztelakoan. Baionako epaitegi batek arrazoia eman zion taldeari, eta RTE enpresari agindu zion itsasoko lanak behin-behinean geldiarazteko —enpresa hori Frantzian argindarra garraiatzeaz arduratzen da, eta linearen lanen gaineko ardura du estatu horretan—. Plataformaren esanetan, enpresak ez zuen eragin azterketarik egin eta ez ditu bete Accobams zetazeoak babesteko nazioarteko akordioaren neurriak.
Sententzia jaso eta egun gutxira ekin zien berriz RTEk itsasoko lanei, konpromisoa hartuta zetazeoak babesteko akordioa betetzeko eta ingurumen eragina aztertzeko. Dena den, enpresak helegitea aurkeztu zuen, eta, otsailean, Paueko Dei Auzitegiak berretsi egin z en Baionako epaitegiaren sententzia. Haren esanetan, RTEk aurkeztu duen ingurumen eraginari buruzko azterketak gabezia handiak ditu. «RTEk ingurumen eragina gutxiesten du, eta sonarrek zetazeoetan sortzen dituzten arazoei buruzko literatura zientifikoaren aurka egiten du», nabarmendu du Stop THT 40 taldeak.
«RTEk ingurumen eragina gutxiesten du, eta sonarrek zetazeoetan sortzen dituzten arazoei buruzko literatura zientifikoaren aurka egin»
STOP THT 40 PLATAFORMA
Plataformak gaineratu du 34 hektarea baso artifizializatuko direla eta ez dela inolako azterketarik egin jakiteko uhin elektromagnetikoek zenbateko ondorioak izango dituzten herritarren osasunean. «Gauza jakina da lurperatutako kable horiek benetako arazoak sortzen dizkietela animaliei. RTEk kalte ordaina eman behar izan dio behi azienda osoa galdu duen abeltzain bati».
Bestalde, Interkonexio Elektrikorik Ez taldeak gogorarazi du Europako Batzordeak Natura 2000 sarean sartu zuela Jaizkibel-Capbreton itsas eremua martxoan, haren balio ekologikoagatik. «Kontraesan handia da Jaizkibel-Capbreton ingurua Natura 2000 sarean sartzea eta, aldi berean, lau kable hauek jartzea. Sar itzazu beste alde batetik, ez itsasotik. Autobide bat bada. Zergatik ez hortik egin?». Proposamen hori bera egin dio Stop THT 40 taldeak Frantziako Gobernuari: erabili dezala A63 autobidearen ibilbidea tentsio handiko linea jartzeko, itsaso azpitik sartu beharrean. Prestatzen ari da aukera horren alde bide judiziala urratzeko.