Bi egunez bakegintzaz hizketan aritu dira Etsaien artean hitz egin izenburupeko jardunaldian Frantziako Asanblean, eta 16:30ean abiatu dute itxierako mahai-ingurua. Gaia: bake prozesuez atera daitezkeen irakaspenak; nortzuk diren ezinbesteko bitartekariak, babesleak aliatuak eta arerioak; eta negoziatzaileen estatusa eta horien babesa bermatzeko beharra.
[Youtube]https://youtu.be/wtsPha0BOjc[/Youtube]
Hitza hartzen lehena izan da Teresa Whitfield; Nazio Batuen Erakundeko Bakegintza eta Politika Departamentuko Politika eta Mediazio Dibisioko zuzendaria da Whitfield, Henri Dunant zentroko aholkulari nagusia eta Euskal Herriko prozesuan aditua; hain justu, euskal bakegintza prozesua jarri du «eragileen engaiamendu sortzailearen» adibide, baita «inguruabar politikoek» aldebakarreko prozesu bat garatzera bultzatu zutenean ere.
Bestalde, Michael Keating Bakerako Europako Institutuaren zuzendari exekutibo eta NBEko idazkari nagusiaren Somaliarako ordezkari ohiak azaldu du zaila dela zehatz kalkulatzea, baina merkeagoa dela bakegintzan baliabide ekonomikoak jartzea segurtasunean baino: «Gatazkaren prebentzioa eta konponbidea oharkabean igarotzen da; indarkeriak, berriz, arreta handia pizten du».
Gainera, bake prozesuetan engaiatzeko «arriskuak hartzen dituztenak babestearen garrantzia» nabarmendu du. Arrisku batez ohartarazi du, halere: «Gatazken konponbidea sexy-a bihurtu da estatu askorentzat; ongi dago interesa, baina ez du ekarpenik egingo egindako lanetik ikasten ez bada, kanpo politikari begira egina bada».
Jonathan Cohen Conciliation Resources erakundeko zuzendari exekutiboaren esanetan, bake prozesuak ez dira elkarrizketa mahaian hasten eta amaitzen, eta beharrezko jo du «gizartean bakearen aldeko sostengua zabaltzea», argudiatuta bake negoziazioen arriskuetako bat dela «hierarkiak pribilegiatzea».
Kezka agertu du Liv Tørres Norvegiako Nobel Bakearen Zentroko zuzendari exekutibo ohiak: «Europako parte batek ez du gerra bizi izan, eta batzuetan ikusten ditugu gerra jokoak. Zabaldu behar dugu bakearen garrantzia, eta gerraren kostuak izugarriak direla». Horregatik, ohartarazi du galdetu behar dela zer nahiago den: «Gerra bat irabaztea edo bakea eraikitzea». Torresek ere adierazi du lan zailena bake akordio bat lortu ostean datorrela, eta negoziatzaileek babesa behar dutela: «Posizio arriskutsua da».