Gizartea

Iruñeko Udalak debekatu egin du Nagore Laffageren omenezko antzezpen bat

Antzezpena uztailaren 3 eta 4an egitekoa zen entzierroaren ibilbidean. Udalak arrazoitu du ekitaldi hori ez dagoela sanferminen egitarau barruan eta trafikoa oztopatuko duela

joxerra senar
2013ko ekainaren 24a
18:39
Entzun

Iruñeko Udalak Nagore Laffageren omenez uztailaren 3an eta 4an entzierroaren ibilbidean egitekoa zen kaleko antzezpen bat debekatu du. Tere Saez Astelehen Lilak elkarteko kidearen arabera, Udalak arrazoitu du ekimena ez dagoela sanferminen egitarauen barruan, eta egunotan kalea sanferminen prestaketarako  erabili behar denez ezin dela trafikoa oztopatu.

"Ez du inongo zentzurik", kexatu da ozen Saez. "Nagoreren aldeko omenaldia da, bai, baina era berean genero indarkeriari aurre egiteko kanpaina bat ere bada, eta doan eskaintzen diogu Udalari", gaineratu du. Saezek gaineratu du Nagore Laffageren 2008ko uztailaren 7ko hilketa hura sanferminen barruan izan zela, eta emakume guztientzat "oroitzapen gisa" erabili beharko litzatekeela. "Udalak ez luke sistematikoki ezkutatu behar, azken bost urteetan egin duen bezala".

Gaur arratsaldean Tere Saez eta Sandra Arroniz antzezpenaren zuzendaria PSN, Bildu, Geroa Bai, Aralar eta Ezkerrako udal taldeekin bildu dira. Taldeek modu bateratuan bilera eskatuko dute Enrique Maia Iruñeko alkatearekin eta konpromisoa hartu dute auzia Parlamentura eramateko.  "Maiak gogoeta egitea eta iritzia aldatzea espero dugu", azpimarratu du Saezek. Debekuen gainetik, antzezpenak aurrera egingo duela aipatu du Saezek, nahiz eta ez duen zehaztu nola.

Arronizek azaldu duenez, entzierroaren ibilbidea erabili nahi dute. "Espazioa Nagore Laffageri gertatukoarekin nahasten dugu, baina ez da soilik Nagoreren kasuaz hitz egiten, baizik eta genero indarkeriaren biktima guztiez".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.