«Ibaitik itsasora, Palestina aurrera!». Horixe izan zen atzo eguerdian Iruñean gehien aditu zen aldarria. Ibilbidearen erdia egina du jada Ibaitik itsasora martxak, eta atzokoa izan zen etapa jendetsuena, jendetza batu baitzen Palestinaren aldeko ibilaldira. Iruñeko sarbidean, ehunka pertsonak egin zieten harrera hegoaldetik zetozen manifestariei, eta lekukoa hartuta —nakba gogoratuz, giltza handi baten forma eman diote testiguari—, genozidioa salatu zuten ibilbide osoan.
Tuteran abiatu zen Ibaitik itsasora martxa, iragan asteazkenean, eta Nafarroako hegoaldea zeharkatu du egunotan. Tafalla aldetik Elortzibarrera heldu zen atzo goizean, eta harrera egin zioten Noaingo udaletxe plazan. Manifestariek elkarretaratzea egin zuten MTorres enpresaren egoitzaren parean, «Israelekin duen konplizitatea» salatzeko. Ez zen bakarra izan: geldialdiak egin zituzten Orbital CAFen eta Zararen aurrean ere, eta enpresa horiek «genozidioan duten erantzukizuna» txarretsi. Protesta egin zuten Osasunbideko egoitza nagusiaren aurrean ere, Nafarroako osasun erakunde publikoak hitzarmena sinatua baitu Teva Israelgo enpresa farmazeutikoarekin.

Ikusi gehiago
Zaragoza etorbidean gora, Iruñeko bigarren zabalgunea eta Alde Zaharra zeharkatu zituen martxak: Yanguas eta Miranda, Oliveto kondea eta San Ignazio kaleak, Sarasate pasealekua, Gazteluko plaza, Txapitela eta Mercaderes karrikak, Iruñeko Udaletxe plazaraino. San Domingoko aldapatik behera atera ziren Alde Zaharretik, eta Arrotxapea auzoan barneratu. Artikan jarria zuten etapa horren helmuga: han, harrera egin zieten Jalazone errefuxiatu eremuko ordezkariei, eta elkartasun bazkari batekin amaitutzat eman zuten eguna.

Berriogoititik abiatu da ibilaldiaren seigarren zatia, eta mendialderako bidea hartuko du martxak: Iruñerria atzean utzita, Ultzaman sartu eta Larraintzarren bukatuko da gaurko etapa. Datozen egunetan, Doneztebe, Elizondo eta Bera herrietara iritsiko dira manifestariak. Ostiralean, Nafarroa atzean utzi eta Gipuzkoan sartuko da martxa, Irunen amaituko baita azken-aurreko etapa. Larunbatean, azkenik, Hendaiara helduko da Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako aldarria.