Palestinaren aldeko ibilaldia aurkeztu dute gaur Iruñean. Irailaren 10etik 20ra egingo da, Tuteratik (Nafarroa) Hendaiara (Lapurdi), eta hamaika etapa izango ditu. Ibilaldiaren motibazioa argi azaldu dute aurkezpenean: «Askatasuna, berdintasuna eta justizia lortzeko helburu zilegia aldarrikatu nahi dugu, Palestinako eremu historikoan, ibaitik itsasoraino». Horregatik, hain zuzen, ekimenaren leloa Ibaitik itsasoraino izango da, palestinar nazionalismoaren aldarri historikoa.
Egitasmoaren antolatzaileen izenean, Elisa Huartek eta Richard Weyndlingek bi helburu nagusi azpimarratu dituzte: alde batetik, Euskal Herri osoan Palestinaren kausa babesten dutenen sarea ikusarazi eta aktibatu nahi dute; bestetik, okupazioa eta genozidioa babesten eta sustatzen dituzten enpresak eta erakundeak salatuko dituzte. Bardeako tiro eremua jo dute horren adibidetzat. Antolatzaileek azaldu dutenez, NATOren aireko indarrek lankidetza estua dute Israelgo armadarekin, eta bertan egiten dituzte bonbardaketen proba saioak. CAF tren eta autobus ekoizlea ere aipatu dute Israelekin kolaboratzen dutenen zerrendan.
Ibilaldian ekintzak egingo dituzte Palestinari babesa adierazteko: «Geldialdi bakoitzean tokian tokiko batzordeek herritarrak animatuko dituzte hurrengo etapan parte hartzera, eta jarduera soziokulturalak antolatuko dituzte». Besteak beste, hitzaldiak, musika eta poesia emanaldiak, filmen eta dokumentalen proiekzioak, Palestinako dabke dantza folkloriko herrikoiaren ikastaroak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte.
Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte Palestinari babesa erakustera: «Atera kalera, eta parte hartu ibilaldiko etapa bat eginez edo antolatuko diren jardueretan arituz». Babes ekonomikoa emateko aukera ere badago, salgai jarri baitituzte ekinbidearen aldeko petoak.
IBILBIDEA
- Irailak 10. Tutera - Castejon.
- Irailak 11. Castejon - Azkoien.
- Irailak 12. Azkoien - Tafalla.
- Irailak 13. Tafalla - Soltxaga (Oloritz).
- Irailak 14. Elortzibar - Noain - Iruñea - Antsoain. Iruñean manifestazioa.
- Irailak 15. Antsoain - Larraintzar.
- Irailak 16. Larraintzar - Doneztebe.
- Irailak 17. Doneztebe - Elizondo.
- Irailak 18. Elizondo - Bera.
- Irailak 19. Bera - Irun.
- Irailak 20. Irun - Hendaia. Hendaian manifestazioa.