Duela bi aste, Espainiako Gobernuak jendaurrean jarri zuen Iruñea eta Altsasu (Nafarroa) arteko AHTaren zatiari buruzko txostena, eta 45 eguneko epea ireki zuen hura irakurtzeko, ondoren eragileek alegazioak aurkezteko aukera izan zezaten. Zenbait eragile hasiak dira txostenean proposatzen den egitasmoaren inguruko iritzia plazaratzen, eta, esaterako, Sustrai Erakuntza fundazioak gogor kritikatu du proposamena. Proiektu zehatzak dituen ajeak ez ezik, orain arteko «inposizioaren esparruari» eutsi izana ere salatu du fundazioak: «Ez da egon eta ez dago asmorik behar dugun tren ereduari buruz eztabaidatzeko; besterik gabe, alternatiba iraunkorrenak, ekonomikoenak eta lurraldearen aldetik eraginkorrenak baztertu egin dira».
Egitasmoan hiru zati daude: batetik, Iruñea eta Arakil artekoa, hamahiru kilometrokoa; bestetik, Arakil eta Iturmendi artekoa, hogei kilometrokoa. Azken hori egiteko bi aukera ageri dira proiektuan: bata, A-10 autobidearen iparraldean, eta bestea, autobidearen hegoaldean. Hirugarren zatiak, berriz, Iturmendi eta Olatzagutia lotzen ditu eta zazpi kilometrokoa da.
Proiektuak Nafarroako hainbat udalerri hartuko ditu eraginpean: Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Arakil eta Itza. Sustrai Erakuntza fundazioko kideen ustez, bigarren zatia egiteko hautatzen den alternatiba edozein delarik ere, oso txikia izango da egungo korridorearen aprobetxamendua: %40koa gehienez ere, eta %10ekoa egoerarik okerrenean. Gainera, haien arabera, egungo trazatua aprobetxatzeko bi bideko trenbide bat horren ondoan eraikitzea ezin da hartu «ingurumen inpaktu txikiko jardueratzat».
Fundazioak «kezkagarri» deritzo egitasmoak inguruan izango duen eraginari: dioenez, Oltza zendea «modu basatian zatituta» geratuko da, produktibitate handiko laborantza eremuak desagertuko dira Iruñerrian, eta lurraren artifizializazioa areagotu egingo da, bi milioi metro koadro baino gehiago okupatu eta desjabetu nahi baitituzte. Horri dagokionez, Itza, Arakil, Uharte Arakil eta Etxarri Aranatzek jasango dituzte kalte gehien.
Ingurumenari ere kalte egingo dio egitasmoak; Sustrai Erakuntzaren iritziz, «mehatxua» izango da biodibertsitaterako, eta Aralar mendilerroari, Urbasa eta Andia kontserbazio bereziko eremuari eta Natura 2000 sareko beste zenbait guneri eragingo die: «Belardiak, larreak, basoak eta baratzeak zementuaren azpian lurperatuta geratuko dira».
Gainera, trazadura berriak «airean» uzten du euskal Y-arekiko loturaren afera: «Azterlanean agerian geratzen da egileek Gasteizko aukera hobesten dutela, baina erabaki hori irekita uzten dute alderdi politikoek hainbeste maite dituzten negozio eta negoziazioen jokorako».
Tren soziala
Sustrai Erakuntzaren iritziz, oraingo trenbidea hobetzea eta hura prestazio handiko tren bilakatzea da alternatibarik onena: «Obra handirik gabe egin daiteke, eta hori litzateke modurik egokiena eta jasangarriena». Baina, deitoratu duenez, tren sozialaren aukera aintzat hartu ere ez da egiten Espainiako Gobernuaren proposamenean: «AHTren eredu antiekonomikoa, antiekologikoa eta elitista inposatzen da, eta kito».
Egitasmoak ekarriko duen gastuaz ere kezka azaldu du fundazioak. Gogorarazi du 2011tik 400 milioi euro baino gehiago inbertitu dituztela AHTren egitasmoan, eta Tebas eta Altsasu arteko trazatuak 1.500 milioi euroko aurrekontua duela. Dioenez, Belatek, Nafarroako Ubideak, Esako handitzeak eta beste lan batzuek argi erakusten dute «zer gertatzen den Nafarroako obra publikoarekin» eta zein den administrazioak horren gainean ezartzen duen kontrolaren nolakoa.
Sustrai Erakuntzaren hitzetan, «iruzur hutsa» da abiadura handiko trena Nafarroan: «Iruzur sozial eta ekonomikoa, zementuaren aldeko apustua baita, diru publikoz ordaindua; ingurumen iruzurra, garraiobide jasangarri gisa saltzen baita, baina laboreak eta paisaiak suntsitzen ditu; eta iruzur politikoa, tren publiko eta soziala ukatzen baitu betiko botere ekonomikoen mesedetan».
Sustrai Erakuntzak dei egin du «erantzun sozial eta juridikoa» antolatu eta proiektuaren aurkako alegazioak aurkezteko: «Zentzugabekeria hau gelditu egin behar da».