Iruñeko Erorien Monumentua eraisteko prozesu parte hartzaile bat exijituko dute larunbatean

Hainbat eragilek larunbatean Iruñean mobilizatzeko deia egin diete herritarrei, «ikur frankista hori behingoz Iruñeko kaleetatik ken dezaten». Iruñeko Udalari eskatu diote eraikinaren etorkizunaren inguruko prozesu parte hartzaile bat hasteko.

Gaur egindako agerraldia, Iruñean. ELA
Gaur egindako agerraldia, Iruñean. ELA
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 5a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabost eragile politiko eta sindikal Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen alde mobilizatuko dira larunbatean, eta manifestazioarekin bat egiteko deia egin diete nafarrei: «Nafarroako gizarte guztiari dagokio auzia norabide egokian bultzatzea eta faxismoaren korronte zaharberritzaileei aurre egitea». Hartara, eraikinaren etorkizunaren inguruko prozesu parte hartzaile bat abiatzera bultzatu nahi dute Iruñeko Udala.

Manifestazioa 18:00etan abiatuko dute, eta helburu argia du: «Exijitzea ikur frankista hori behingoz Iruñeko kaleetatik ken dezatela». Izan ere, eragileen esanetan, «faxismoa berpiztu eta diktadura frankistaren aurpegia garbitu nahi duten joerei» erantzuteko modua zera da, joera horien kontrako gatazka ideologikoa eta zilegitasuna kentzeko lan egitea, eta horretarako ekintza eredugarriak behar dira: «Hala nola haien ikur adierazgarrienetako bat eraistea».

Argudio gehiago ere badituzte, ordea. Eta horietako bat da frankismoaren biktimek eskubidea dutela egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea izateko. Hain zuzen, argudiatu dute Erorien Monumentuak berriz biktimizatzen dituela, eta ez dute uste eraikinari beste esanahi bat emateko proiektuak horri aurre egiten dionik. Adierazi dute «gorespen faxistaren ikur» bat dela eta «memoria desitxuratzen» duela. «Memoria ez dago ikur frankistetan, biktimengan baizik», nabarmendu dute.

Horiek hala, larunbatean mobilizatzeko deia egitearekin batera, Iruñeko Udalari eta eraberritzea babesten duten alderdiei —EH Bildu, PSN eta Geroa Bai— atzera egiteko eskatu diete. Udal gobernuari dagokionez, exijitu diote herritarren parte hartzearen aldeko hitzak praktikan jartzeko eta prozesu bat abiatzeko monumentuaren etorkizunaz erabakitzeko, «kontuan hartuta biktimak eta herri interesen defentsarekin konprometitutako gizarte kolektiboak».

Mobilizaziorako deiarekin bat egin duten eragileen artean dira ELA, ESK, CCOO, CGT, CNT, Solidari eta Steilas sindikatuak, baita Mugarik Gabe, Zabaldi, Sare Antifaxista, Astelehen Lilak elkarte feminista, Iruñerriko Kontseilu Sozialista eta Jardun koordinakundea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.