Iruñeko Euskalgintza: «Haur eskolen eskaintza urria eta desorekatua da»

Murgiltzea ikastetxe bakarrera mugatuta hizkuntz eskubideak urratzea egotzi diote udalari. Euskarazko eskaintza zabaltzea galdegin dute

Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Iruñean dauden hamazazpi haur eskoletatik bakarrak eskaintzen du euskarazko murgiltze eredua. Horien artean, Iruñeko Udalarenak dira hamabi zentro, eta Nafarroako Gobernuarenak, berriz, beste bost. Udal haur-eskolen eskaintza «eskasa eta desorekatua» dela salatu dute hainbat eragilek, Iruñeko Euskalgintza plataforman bilduta. Hauek osatzen dute plataforma: AEK eta IKA euskaltegiek; Sortzen, HE Gurasoak, Zaldiko eta Administrazioan Euskaraz elkarteek; eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek.

Agerraldia egin zuten atzo, aurrematrikulazio kanpainaren karietara, udalari eskatzeko euskarazko eskaintza zabal dezala auzo guztietako haur eskoletara. Izan ere, aurten eskainiko diren 1.069 ikaspostuetatik, 130 soilik izanen dira euskaraz (%12).

Iruñeko Euskalgintzaren arabera, eskaintza hori «zuzeneko erasoa» da Iruñeko haurren hizkuntza eskubideen aurka: «Familia guztien eskubidea da Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak izatea, etxetik gertu». Iruñeko Udala egin dute egoeraren erantzule nagusi, baina «Nafarroako Gobernuaren laguntzaz eta konplizitatez».

Azaldu zuten haurrak euskarazko murgiltze ereduan matrikulatzea «hautu pertsonal hutsaz harago» doala: «Gure haurrak arrazakerian, matxismoan edo LGTBIfobian hezi nahi ez ditugun moduan, ez ditugu hezi nahi euskarari bizkarra emanez». Aitzitik, salatu zuten Iruñeko Udalak «haur askori atea itxi» diela murgiltze eredua auzo guztietara zabaltzeari uko eginda: «Erakusten ari dira hizkuntza batzuek besteek baino gehiago balio dutela».

Deia talde politikoei

Hizkuntza eredua «publikoa eta kolektiboa» den heinean «justiziaren, berdintasunaren eta bizikidetzaren alde» egin beharko lukeela gaineratu zuten. Enrique Maia alkatea, ordea, «kontrako noranzkoan» ari dela uste du euskalgintzak: «Borondate politikoa badago, egoera iraul daiteke. Udal taldeek eta gobernuari eusten dioten alderdiek erantzun beharra dute hizkuntza eskubideei begira, arduraz, ausardiaz eta justiziaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.