Iruñeko Udalak emisio gutxiko eremu izendatu du Alde Zaharra

Udalbatzan onartu dute eremua arautuko duen ordenantza, udal gobernuko taldeen eta PSNren aldeko botoekin. Urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Oinezkoak eta bizikleta gidariak, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Oinezkoak eta bizikleta gidariak, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 3a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

2026ko lehen egunetik aurrera, indarrean sartuko da Iruñeko emisio gutxiko eremua. Udalbatzaren atzoko osoko bilkuran, gune horren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak zehazten dituen ordenantza onartu zuten udal gobernuari eusten dioten taldeek —EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, batetik, eta PSNk, bestetik—. Horren arabera, Iruñeko Alde Zaharra izanen da emisio gutxiko lehen eremua Nafarroan. UPN eta PP abstenitu egin dira.

Atzo onartutakoa, baina, planaren lehen fasea baino ez da, eta, hortaz, erregulazio bereziko eremua beste auzune batzuetara hedatuko da pixkanaka, datozen urteetan. 2030ean jarria dute begirada: urte horretarako, gas isuriak nabarmen murriztu nahi ditu Iruñeko Udalak, OMEk ezarritako parametroen barruan egon daitezen. Horretarako, zenbait neurri jarriko dituzte abian, auto pribatuaren erabilera murriztu eta garraiobide jasangarriagoak sustatze aldera.

Emisio gutxiko eremuaren lehen fasean, Alde Zaharrean sartzea debekatuko zaie itsasgarririk gabeko autoei, salbuespen hauekin: bizilagunak, mugikortasun urriko pertsonak, salgaien banaketarako ibilgailuak, larrialdi zerbitzuak eta propio baimendutako ibilgailuak. Eremuan sartzeko aukera izanen dute B, C, Eco eta 0 kategoria duten ibilgailuek. Auzoko bizilagunek, merkatariek eta parkingen batean tokia dutenek orain arte bezala egin ahalko dituzte sartu-irtenak.

Neurri horiekin emisioak zenbat murriztuko diren, hori ere kalkulatu du Iruñeko Udalak. Emisio gutxiko eremua indarrean sartzen denetik, egunean 650 ibilgailu gutxiago ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan barna, gutxi gorabehera. %20 gutxiago, egungo trafikoarekin alderatuta. Iruñeko Udalaren Hiri Ekologiako alorrak darabiltzan datuen arabera, gainera, urteko CO2 isuriak ia 3.000 tona murriztea ekarriko du horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.