Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko nazioarteko lehiaketaren oinarriak jakinarazi ditu Iruñeko Udalak. Euskal Herriko sinbolo faxista ezagunena memoriaren aldeko eta faxismoaren aurkako zentro bihurtzea da prozesu horren helburua. Udalak aurreikusi duenez, 2026ko lehen erdirako jakingo dute zein den lehiaketaren irabazlea, Aste Santuaren aurretik, ziurrenera.
Lehen fasean, epaimahai tekniko batek gutxienez hiru eta gehienez bost proiektu aukeratuko ditu hautagai gisa. Bigarren fasean Iruñeko herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, eta, hala, galdeketa bat egingo du udalak. Azken fasean, berriz, proiektu irabazlearen kontrataziorako prozedura abiatuko dute, Erorien Monumentuaren eraikina bera eta haren ingurua birmoldatzeko.
Horrela azaldu dute Joxe Abaurrea eta Aitziber Campion zinegotziek, gaur. Horiek horrela, Iruñeko Udalak martxan jarri duen bigarren lehiaketa izango da hori, 2018an beste bat antolatu baitzuen. Orduan zazpi proiektu aukeratu zituzten, baina oraingoan zehazturik dago proiektuek zer baldintza bete beharko dituzten eraikinari dagokionez. Hau da, eraikina ez dute eraitsiko, birmoldatu baizik, eta beste esanahi bat emango diote, 2024ko akordio politikoaren arabera. PSNk, EH Bilduk eta Geroa Bai-k egin zuten itun hori. 2018ko lehiaketan, zabalik utzi zuten eraikina eraisteko aukera.
Zurekin ez dago ados
2024ko akordio politikoan zehazturik dago memoriaren zentro bat egin beharko dela Erorien Monumentuan bertan. Faxistak omentzeko leku sinboliko hori faxismoaren aurkako ikur bihurtzeko proiektua da, finean, itun politiko horren emaitza. Kriptak eraitsiko dituzte, Emilio Mola, Jose Sanjurjo eta beste buru faxista batzuen gorpuzkiak gorde zituzten hilobiak, alegia; gorpuzkiak han egon ziren harik eta 2016an atera zituzten arte. Horrez gain, eraikinaren kupula handia ezkutuan edo erabat aldaturik utzi beharko dute, hiriaren paisaia aldatzeko.
Joseba Asiron alkatearekin Iruñeko Udala gobernatzen ari den hirukoan, baina, bada bazkide bat ados ez dagoena Erorien Monumenturako martxan jarri den prozesuarekin: Zurekin koalizioa. Ez alferrik, sinbolo faxista hori eraisteko aukera lehenesten dute zenbait talde memorialistek. Zurekin taldeak esan du Udala erraturik dagoela monumentu osoa ez eraisteko erabakiari dagokionez.