Arabako Batzar Nagusiek abian jarri dute Francori eta Molari ohorezko tituluak kentzeko prozedura

1936ko estatu kolpearen ondoren, Arabako Foru Aldundiak «probintziaren aita» ohorezko titulua eman zien bi militar kolpistei. EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin-ek titulu horiek kentzeko foru araua aurkeztu dute gaur.

Francisco Franco diktadorea, Gasteizera egindako bisita ofizial batean. ARQUA / GASTEIZKO UDAL ARTXIBATEGIA
Francisco Franco diktadorea, Gasteizera egindako bisita ofizial batean. ARQUA / GASTEIZKO UDAL ARTXIBATEGIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 12a
13:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Batzar Nagusiek gehiengo handi baten babesarekin aurkeztu dute Francisco Franco eta Emilio Mola 1936ko altxamendu militarreko buruzagiei ohorezko tituluak kentzeko neurria. EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin talde politikoak alde agertu dira, eta, hortaz, neurriak 51 batzarkideetako 41en sostengua izango du aldundiaren zerbitzu teknikoek aldeko txostena prestatu ondorengo bozketan. PP eta Vox izan dira sostengua adierazi ez duten bakarrak.

1936ko estatu kolpea eman zutenean, Arabako lurralde ia osoa altxamenduaren aldeko militarren eskuetan geratu zen. Hala ere, Araba eskuinera lerratutako lurraldea izanagatik, altxamenduaren aldeko sostengua ez zen uste bezain azkarra ez erabatekoa izan. Historialarien arabera, 1936ko estatu kolpea «entusiasmo gutxirekin» hartu zuten Gasteizen, eta Sancho de Beurko elkarteak urte haiei buruz argitaratu dituen lanetan agerikoa da azken ordura arte ez zela argi egon Araba militar matxinoen alde lerratuko zen ala ez.

Hasierako epeltasun hori konpentsatu nahian, Arabako Aldundia berehala hasi zen altxamenduan aritutako militarrei omenaldiak egiten, eta, besteak beste, ohorezko titulu ugari eman zizkien altxamenduaren buruzagiei. 1936ko azaroan, Candido Fernandez Itxaso militarra buru zuen Arabako Aldundiak «probintziaren aita» titulua eman zien Molari eta Francori. El Pensamiento Alavés egunkariak 1936ko azaroaren 23ko zenbakian nabarmendu zuen Molak berak gutun bidez eskertu ziola aldundiari emandako titulua. Francori dagokionez, ez zen hori izan eskaini zioten titulu bakarra: 1944ko martxoaren 2an, 1936ko gerra jada igarota, «ohorezko ahaldun nagusi» izendatu zuten, «probintziako udalen ahobatezko eskaerari men eginez», garaiko prentsaren arabera.

Diktadura amaitu ostean, ohorezko titulu horien auzia ez zen hizpide izan eztabaida politikoan 1999ra arte. Urte hartan, Eusko Alkartasuna alderdiak proposatu zuen Francori eta Molari titulu horiek kentzea, eta, geroztik, Batzar Nagusiek eta haietan ordezkatutako hainbat alderdik sarritan adierazi dute neurri hori aurrera ateratzeko borondatea, baina ez dute lortu.

Alta, badirudi 2026a izango dela titulu horiek baliogabetuko dituzten urtea. EH Bilduk adierazi du, Memorioa Historikoaren Espainiako legeari erreferentzia eginez, neurria ona dela «azkenean legea betetzen duelako eta diktadura frankistak errepresaliatutakoen memoria historikoa errespetatzen duelako». Hala ere, proposamena 47 urte «berandu» iristea deitoratu dute, eta «haratago joateko» beharra azpimarratu. Besteak beste, taldeak nabarmendu du beharrezkoa dela foru aldundiak erregimen frankistan emandako dominen, sarien, aitortzen eta ohorezko izendapenen erregistroa egitea, eta Batzar Nagusietan hainbat galdera erregistratu ditu, foru gobernuari galdetzeko erregistro hori noiz egingo den.

Bestalde, Elkarrekin Arabako batzarkide David Rodriguezek ere aldeko adierazpenak egin ditu, eta «memoria historikoaren aurkako bidegabekeria hau amaitzeak» berebiziko garrantzia duela esan. Hain zuzen ere, Elkarrekin-ek aurkeztu zuen, azaroaren 3an, orain gainerako talde politikoen sostengua jaso duen proposamena. Izan ere, alderdi horrek EAJren eta PSE-EEren gobernuarekin aurrekontuak onartzeko egindako akordioan, besteak beste, aurtengo martxoaren 3a ezarri zen epemuga gisa «Foru Aldundiak 1936 eta 1975 bitarte diktadura eta errepresio frankistarekin harremana zuten pertsonei emandako kondekorazio eta ohorezko titulu oro» baliogabetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.