Zentsura Iruñeko Udalean

Iruñeko Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin zuen kontratua "indarrean" dela dio abokatuak

Bihar Baluarten egon nahi dutela berretsi dute pailazoek, eta ikuskizuna emateko beste bide bat iragarriko dutela udalak gauerdirako erantzuten ez badu.  

Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 28a
16:20
Entzun

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek agerraldia egin dute gaur Iruñean Udalarekin duten auziaren nondik norakoak azaldu eta azken gertaeren inguruko iritzia emateko. Bihar zuten egitekoa, Iruñeko Baluarte auditoriumean, Bizi dantza ikuskizun berria, Enrique Maia alkateak kontratua eten zien arte. Iñigo Santxo abokatuak, ordea, gaur azpimarratu du kontratua "bizirik, indarrean" dela, eta ikuskizuna "bai ala bai" egin behar dela. "Ez dago errekurritzerik. Bide hori itxita dauka udalak. Kontratuaren exekuzio fasean egonda, ez dago atzera egiterik".

Pailazoek iragarri dute gaur gauerdira arte egongo direla Udalaren erantzunaren zain, eta, erantzuten ez badu, ikuskizuna emateko beste bide bat iragarriko dute. Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere egon dira gaurko agerraldian, abokatuarekin batera, eta azaldu dute bihar Baluarten egon nahi dutela eta prest direla ikuskizuna emateko. Lehendik ere esana dute bihar Iruñean egongo direla modu batera edo bestera, eta, gaur Jose Mari Agirretxe Porrotx-ek Iruñerriko haur eta gurasoentzat BERRIAra bidali duen bideoan (ikusi goian) adierazi duenez, azaroaren 29an Baluarten egoteko itxaropena badute ere, egongo ez balira hitza ematen dute urtea amaitu baino lehen ariko direla Iruñean.

Pailazoek argi utzi dute zein den euren jarrera. "Ez genuke orain hemen egon nahi, egoera honetan. Nagia ematen digu gai honek. Baina ez diogu inori gu zapaltzen utziko", esan du Agirretxek. "Surrealista da egoera hau, eta pailazoa ere lurrera erortzen zaigu", gaineratu du Aiora Zulaika Pirritx-ek. Haurren eta familien sostengua eta "aktibazioa" eskertu dute pailazoek gaurko agerraldian.

Gaurko agerraldian, Santxok nabarmendu du Nafarroako Kontseiluak atzo eman zuen irizpena loteslea dela; irizpena eskatuz gero, horri men egiteko beharra dagoela azaldu du. "Prebarikazioaren marra oso fina da. Tentuz ibili beharko luke alkateak; ez du nondik heldu". Nafarroako Kontseiluak atzo eman zuen auziaren gaineko irizpena, eta horri heldu dio Santxok gaur aurreko gobernu taldearekin sinatu zuten kontratu artistikoa legezkoa dela berresteko.

Santxok azaldu du, gainera, auzia publiko egin aurretik saiatu zirela Navarra Sumarekin eta alkatearekin harremanetan jartzen, baina haiek ez zutela eurekin hitz egin nahi izan. Maia ikuskizun batera gonbidatzera ere iritsi ziren: "Ezjakintasun arazo latz bat du alkateak. Ez ditu Pirritx, Porrotx eta Marimotots ezagutzen. Entzundako zurrumurruei segika ari da". Horregatik, ikuskizun batera joateko gonbita egin zioten, baina ez zuen onartu". Bideoa: Pirritx eta Marimotots, agerraldian, Koloretako maleta abesten (Ion Orzaiz).

[YouTube]https://youtu.be/Hmvvi4yJRhM[/YouTube]

Enrique Maia alkateak espero baino lehenago iritsi zen atzo Kontseiluaren irizpena, eta espero ez zuen norabidean, gainera: arrazoia eman zien pailazoei eta aurreko gobernu taldeari; esan zuen kontratua legezkoa dela, eta debekua «bidegabea» dela berretsi. Maiak, ordea, entzungor egin dio berak eskatutako txosten juridikoari, eta, Nafarroako Kontseiluaren irizpenari bizkarra emanda, debekuari eutsiko diola iragarri du. Oraingoan, «pailazoen ideologia» argudio gisa hartuta: «Pailazo horiek hainbatetan agertu dituzten jarrera ideologikoak bateraezinak dira udalaren haurtzaro planarekin, Nafarroako Gobernuak eginikoarekin eta Haurren Eskubideen Hitzarmenarekin».

[YouTube]https://youtu.be/aa0xCGIP_kM[/YouTube]

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek datorren ostiralean eman behar zuten Bizi dantza ikuskizun berria, Baluarte auditoriumean, aurreko gobernu taldearekin ekainean sinatutako kontratu baten arabera. Agintera iritsita, baina, kontratu hori «kautelaz» eten eta ikuskizuna bertan behera uztea erabaki zuen Navarra Sumaren udal taldeak. Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak justifikatu egin nahi izan zuen debekua, «kontratazio prozesuan antzemandako irregulartasunak» argudiatuta.

Nafarroako Kontseiluaren atzoko ebazpenak, baina, agerian utzi du espedientea eta kontratua «legearen araberakoak» direla, Kontratu Publikoen 2/2018 Foru Legeko 75. artikuluaren eta 10. xedapen gehigarriaren arabera. EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik ere Garcia-Barberenaren bertsioa "faltsua" dela esan zion BERRIAri, eta kargu hartu zion udal gobernu taldeari, "gardentasunik gabe" jarduteagatik.

Arartekoa ere ikuskizuna baimentzearen alde

Ez da Maiak erakunde aholku-emaile publikoetatik jasotzen duen lehen zartakoa. Azaroaren 19an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna baimentzera premiatu zuen Javier Eneriz arartekoak ere. Orduan, Iruñeko alkateak ironiaz erantzun zuen: «Arartekoarena iritzi bat da, besterik ez. Dena den, harrigarria da auzi honetan hain azkar erantzun izana. Eskertzen diot. Ea arintasun hori gainerako auzi guztietara ere hedatzen duen aurrerantzean».

Oraingo honetan ere, izkin egin nahi dio bere interesen kontrako txosten juridikoari, eta ohar bidez esan du kontratua «etenda» dagoela, eta, hortaz, berdin diola Nafarroako Kontseiluaren arabera legezkoa den ala ez. Kontseiluko kideek aho batez emandako irizpena argia den arren, udal gobernu taldeak uste du «irregulartasun zantzu ugari» daudela oraindik, eta epaitegietara jotzeko asmoa iragarri du.

Hilaren 21ean ere alkateak aitortu zuen, kontratuaren ustezko irregulartasun juridikoak gorabehera, bere asmoa dela debekuari kosta ahala kosta eustea: «Ni alkate naizen bitartean, udalak ez ditu pailazo horiek kontratatuko». Are: argudiatu zuen Pirritx, Porrotx eta Marimototsek «ezker abertzalearekin» harremana dutela, eta «ETAko presoen omenaldietan parte hartu» izan dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.