Iruñeko udalean akordioa zail dagoela dio UPNk

PSNk ziurtatu du bere alkategaia aurkeztuko duela baina akordioak egiteko aukera dagoela

joxerra senar
Iruñea
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Iruñeko udal gobernua osatzeko etziko bozketa erabakigarria gerta daiteke Nafarroako Gobernuari begira, PSNren asmoen berri emango duelako. Atzo arratsaldean, UPNko eta PSNko ordezkaritzak batzartu ziren. PSNk oraingoz Juan Moscosen hautagaitza aurkezteko asmoa du. Horren aurrean, Enrique Maiak bileraren ostean esan zuen jarrera horrek PSNrekinakordiora iristea zaildu egiten duela. Moscosok ere zuhurtzia eskatu zuen UPNk Iruñeko udala Nafarroako Gobernuarekin lotu nahi duelako. Bere ustez, UPNren eta NaBairen arreta bereganatzen du PSNk, eta hurrengo egunak «interesgarriak» izango direla aurreratu du. Programara gehien gerturatzen denarekin egingo dutela ituna dio. Bestela, euren hautagaitza aurkezteko asmoa dute.

Geroz eta gutxiago geratzen da udal gobernua osatzeko, eta bilerak, era berean, ugaritzen ari dira. Goizean, Bildu eta NaBai batzartu ziren.Bilduk aipatu zuen bi koalizioek borondatea dutela Iruñean aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko. Bilduren ustez, NaBairekin «errazagoa» izango da programen inguruko akordio batera iristea. Era berean, Bilduk uste du larunbatean UPNko Enrique Maia alkate bada, hori ez dela Bilduren erruz izango.Gertatzen dena gertatzen dela, Bilduk UPNren alternatiba izango den proiektu baten alde elkarlanean aritzera dei egin dio NaBairi.Gaur, berriz, PSNk eta NaBaik bilera egingo dute.

Tafallan, PSNren abstentzioa

Tafallan ere PSNk du giltza. PSNk atzo jakitera eman zuen ez duela ez UPNren ez Bilduren alde bozkatuko. Abstenitu egingo da eta hartara, UPNk bidea libre du udal gobernua osatzeko. 250 botoren aldearekin UPN Bilduri gailendu zitzaion Tafallan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.