Etxebizitza plana jarri dute 60 lehentasunen artean Iruñeko Udalerako akordioan

Udal gobernuak zortzi sail izango ditu eta bi hautetsi berezi. EH Bilduk, zazpi; Geroa Baik, bi, eta ZNk, bat. Garai berri bat hasia dela eta anbizioz ariko direla azaldu dute Asironek, Armendarizek eta Mauleonek

GOBERNU AKORDIOA IRUÑEAN
Goitik behera ezker eskuin: Endika Alonso, Garbiñe Bueno, Zaloa Basabe, Aitziber Campion, Joxe Abaurrea, Borja Izagirre, Maider Beloki, Pablo Azkona, Begoña Alfaro, Miren Zabaleta, Joseba Asiron, Mikel Armendariz eta Txema Mauleon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko abenduaren 21a
18:10
Entzun

Iruñeko udaletxetik 300 metro eskasera den Pamplona Catedral hotela aukeratu dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak udal gobernuko akordioa sinatzeko. Orotara, lehentasunezko 60 ekintza jasoko ditu dokumentuak. Ikusmin handia piztu du agerraldiak, eta hiru alderdietako ordezkariak pozarren agertu dira kameren eta kazetarien aurrean. «Ilusioa» eta «anbizioa» transmititu dute. 

Zurekin Nafarroako Txema Mauleonen hitzetan, agintaldiko hiru urteetatik harago doan akordioa da, eta «azkar eta eraginkor» ibili dira haren edukia sinatzeko. Geroa Baiko Mikel Armendarizen arabera, «Iruñea azken hilabeteetako paralisitik aterako du, eta egonkortasuna emango dio». EH Bilduko Joseba Asironentzat, berriz, «egun garrantzitsua eta historikoa da, ziklo berri bat irekitzen duelako. Bizikidetza, desberdinen arteko begirunea eta gure aniztasunaren balioa nabarmentzea funtsezko zutabeak izango dira». Ekainaren 17an haren hautagaitza aurrera atera ez bazen ere, Asironek azpimarratu du zentsura mozioa ez dela «bigarren itzuli bat» izango.

«Egun garrantzitsua eta historikoa da, ziklo berri bat irekitzen duelako. Bizikidetza, desberdinen arteko begirunea eta gure aniztasunaren balioa nabarmentzea funtsezko zutabeak izango dira».

JOSEBA ASIRONEH Bilduko alkategaia

Abenduaren 13an erregistratu zuten zentsura mozioa hiru alderdiek eta PSNk Iruñeko Udaleko idazkariaren aurrean. Egun berean, EH Bilduk eta Alderdi Sozialistak mugimendu politiko horri guztiari bide eman dion akordioa ezagutarazi zuten. Hain zuzen ere, Asironek nabarmendu du agiri hori izan dutela oinarri gobernu akordioa hitzartzeko. 

Hala, udal gobernua EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak osatuko badute ere, PSNk emandako babesa eskertu du Asironek. Gaineratu du akordioaren berri badutela sozialistek, eta haien botoak gehituta «babes garrantzitsua» izango duela gobernuak. Lanerako prestasuna eskertu die alderdiei: «Nire eskerrik zintzoena lau indar aurrerakoiei. Elkarrizketa, negoziazio eta akordioetarako garaia hasiko da orain».

Akordioaren edukia

Lau ardatz izango ditu akordioak, eta 60 neurri inguru jasoko ditu. Lehenik eta behin, berdintasuna, bizikidetza, aniztasuna eta zaintza bultzatuko dituzte. Azken asteetan etxerik gabekoen aterpeekin sortu diren arazoak izan dituzte hizpide, eta Asironek adierazi du kale gorrian diren pertsona guztientzako arreta bermatzea dutela helburuetako bat.

Bigarrenik, hiriari begirako ekipamenduak dira beste ardatzetako bat. Besteak beste, etxebizitzaren arazoari aurre egin nahi diote. Bertan, etxebizitza plan bat egingo da, babes ofizialeko, alokairu sozialeko larrialdiko, gazteen emantzipaziorako edo familia kalteberen etxebizitzak bultzatzeko. «Etxebizitza plana anbiziotsua da. Oraintxe bertan gazteen eta sendi askoren eskari nagusia da, eta funtsezko elementua izango da», aipatu du Txema Mauleonek.

Ardatz horretan, gainera, hiriko beste hainbat proiektu jasotzen dira. «Hiri osoan zerbitzu sozialen inbertsio ugari egingo ditugu, haur eskoletatik hasita, eguneko zentroak, kiroldegiak...», goraipatu du Mauleonek. Proiektuei dagokienez, beste hainbat konpromiso jaso ditu: Sarasate pasealekua berriz urbanizatzea, Sanduzelaiko biribilgunea, Euskal Pilotaren Museoa, Erorien Monumentuari bestelako esanahi bat emateko egitasmoa herritarren parte hartzearekin batera eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean.

Horri loturik, Asironek argitu du UPNk bultzatutako Zangoza kaleko aparkalekua bertan behera geratuko dela, baina gaineratu du Iruñeko Bigarren Zabalgunean aparkatzeko arazoa aztertzeari ekingo diotela berehala. 

Hirugarrenik, trantsizio energetikoari eta mugikortasun iraunkorrari lotutako hamasei neurri ditu akordioak. Besteak beste, Iruñean 25.000 zuhaitz landatuko dituzte, eta Mugikortasun Plana sustatuko du. Gainera, plastikoaren erabileraren inguruko araudi bat onartuko dute.

Azkenik, auzoak izango dituzte ardatz eta hamabost neurri antolatu dituzte bertan. «180 graduko bira emango diogu hiriari. Iruñearen ikuspegi zentralista baten ordez udalak bere auzoei begiratuko die, batik bat zailtasun gehien dituztenei», azaldu du Mauleonek. Adibidez, zaharkituta diren Arrotxapeko eta Arrosadiko liburutegiak hobetu nahi dituzte.

Gobernu egitura

Udal gobernu berriak lehengo egiturari eutsiko dio. Alkatetza eta zortzi sail izango ditu. EH Bilduk hartuko ditu horietatik sei: Ogasuna eta Giza Baliabideak (Garbiñe Bueno); Gobernu Estrategikoa, Hirigintza eta Etxebizitza (Joxe Abaurrea); Kultura Saila, Jaiak eta Hezkuntza (Maider Beloki); Hiri Bizigarria eta Jasangarria (Borja Izagirre); Berdintasuna (Zaloa Basabe); eta Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza (Endika Alonso). 

Geroa Bairen esku egongo da Sustapen Ekonomikoa, Berrikuntza eta Europako Proiekzioa. Sail horren ardura izango du Koldo Martinezek. Azkenik, Zurekin Nafarroako Txema Mauleonek Gizarte Ekintza kudeatuko du. 

Kargu horiez gain, bi zinegotzi berezi izango dira. EH Bilduko Aitziber Campionek Herritarren Partaidetza eta Euskara izango du bere ardurapean sail berezi horretan; Geroa Baiko Mikel Armendarizek, berriz, Berrikuntza eta Garapenerako Lankidetza.

Behin akordioaren xehetasunak ezagutarazita, Armendarizek azpimarratu du lehen egunetik buru-belarri aritzeko borondatea dutela. Alta, ikusteko dago UPNk zer jarrera izango duen. Horri buruz galdetuta, Asironek erantzun du «logikoa» dela hasierako haserrea, baina espero du lehenbailehen oneratzea eta oposizio kritikoa egitea. «Guk egin dugun bezalaxe», gaineratu du. Trantsizio ordenatu baterako UPNren deirik jaso duen galdetuta, Cristina Ibarrolaren erantzunik ez du jaso. «UPN beharrezkoa da hirian, hiriaren sektore garrantzitsu bat ordezkatzen du, eta espero dugu hasierako haserre horren ostean oposizioa eraikitzailea izatea». 

Alta, iragan asteko tonu berari eusten dio oraingoz Ibarrolak. «Duintasun politikoa» eskatu die hiru alderdiei: «Zentsura mozioaren ostean, gezur handiaren hurrengo atala da akordio politikoaren aurkezpena».

 

gobernu taldea

  • Joseba Asiron Saez. Iruñeko alkatetza. 
  • Garbiñe Bueno Zabalza. Giza baliabideak, Ogasuna eta Kontratazio Arduratsua (EH Bildu).
  • Joxe Martin Abaurrea San Juan. Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda (EH Bildu).
  • Maider Beloki Unzu. Kultura, Jaiak eta Hezkuntza (EH Bildu).
  • Endika Alonso Irisarri. Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza (EH Bildu). 
  • Borja Izagirre Larrañaga. Hiri Bizigarria eta Jasangarria (EH Bildu).
  • Zaloa Basabe Gutierrez. Berdintasuna, Ekintza Komunitarioa eta Auzoak (EH Bildu).
  • Aitziber Campion Ganboa. Herritarren Partaidetza eta Euskara (EH Bildu)
  • Koldo Martinez Urionabarrenetxea. Sustapen Ekonomikoa, Berrikuntza, Europar Proiekzioa, Garapenerako Lanidetza eta Gazteria (Geroa Bai)
  • Mikel Armendariz Barnetxea. Berrikuntza, Europar Proiekzioa eta Garapenerako Lankidetza (Geroa Bai)
  • Txema Mauleon Etxeberria. Ekintza Soziala (Zurekin)

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.