Iruñerriko polizia operazioa «eredugarria» izan zen, Grande-Marlaskaren arabera

Josu Estarrona EH Bilduko senatariaren galderari erantzunez, Espainiako Barne ministroak esan du denbora behar izan dela «istilu larrietan parte hartutakoak identifikatzeko», baina operazio hori «egokia eta neurrikoa» izan zela.

Iruñerrian atxilotutakoen aldeko protesta, Nabarreria plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñerrian atxilotutakoen aldeko protesta, Nabarreria plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2026ko ekainaren 9a
17:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak «eredugarritzat» jo du aurreko astean Iruñerrian Espainiako Poliziak egin zuen operazioa. 28 lagun atxilotu zituen Poliziak iazko urriaren 30ean, Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Nafarroako Unibertsitatean antolatu zuen ekitaldiaren kontrako protesten harira; aurrez, beste zortzi lagun atxilotu zituzten mobilizazio berarekin lotuta, eta desordena publikoko delituak egozten dizkiete, baita autoritatearen kontrako atentatu delitua ere atxilotuetako zenbaiti.

EH Bilduko senatari Josu Estarronak operazio horri buruz galdetu dio gaur Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari, eta ministroak ez du zalantzarik izan: Iruñerrian egindako makrooperazioa «egokia, neurrikoa eta eredugarria» izan zen.

Estarronak, bere galdera luzean, azaldu dio Grande-Marlaskari «Euskal Herriko gazteek protestari uko egiteko» neurria ematen duela Espainiako Poliziak egindakoak; horrelako operazioek ez dute lekurik «egungo Nafarroa askotarikoan», haren ustez, eta agindu du «normalizazio politikoak» ez duela atzera egingo, «Nafarroako zenbait sektorek» nahiko luketen moduan. Estarronarentzat, gazte atxilotuen operazioa «saio bat da konfrontazioan hasteko berriz», eta berretsi du EH Bilduk lanean jarraituko duela «normalizazioaren alde».

Identifikatzeko denbora

Grande-Marlaska ministroak helarazi du atxiloketek lotura zuzena dutela orain zortzi hilabete Nafarroako Unibertsitatean eta haren inguruan egon ziren «istilu larriekin». «Zaurituak egon ziren: lau polizia, kazetari bat eta beste herritar bat. Horrelako protestek ez dute ezein eskubideren babesik», esan du Barne ministroak. Istilu horiek gertatu eta atxiloketak handik zortzi hilabetera iristea ere normaltasunaren barruan ipini du ministroak. «Identifikatu egin behar dira istiluetan parte hartu dutenak, eta ondo identifikatu, betiere epaile baten agindupean».

Nafarroako Ezker Batuak, berriz, «kezka handia» azaldu du atxiloketen inguruan, eta Sumar taldeko Felix Alonso eta Enrique diputatuek galdera sorta egin diote idatziz Espaniako Gobernuari, Kongresuan gertaerak argitu ditzala eskatzeko. «Ezin dugu onartu Poliziaren makinaria erabiltzea eskuin muturreko probokazioetatik demokrazia defenditzen dutenen kontra». Gobernuari galdetu diote zer neurri hartuko dituen protesta antifaxistaren aurkako jazarpena geldiarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE