Espainiako Poliziak makrooperazio bat egin du gaur goizean Iruñerrian, eta 28 lagun atxilotu ditu iazko urriaren 30ean Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Nafarroako Unibertsitatean antolatu zuen ekitaldiaren kontrako protestetan izandako parte hartzearen harira; aurrez ere, beste zortzi lagun atxilotu zituzten mobilizazio berari lotuta. Desordena publikoko delituak egozten dizkiete, eta zenbaiti baita autoritatearen kontrako atentatu delitua ere. Polizia operazioa salatzeko eta atxilotuei babesa adierazteko, ehunka lagun bildu dira 19:00etan Iruñeko Nabarreria plazan, Iruñerriko antifaxistei zigorrik ez! lelopean.
Nabarreria plazatik hasi, eta manifestazioa egin dute Iruñeko alde zaharrean barrena, San Frantzisko plazara iritsi arte. Bata bestearen segidan errepikatu dira Atxilotuak askatu! Eta Borroka da bide bakarra! leloak. Poliziak amaitutzat eman du operazioa, baina ikerketa irekita dago oraindik ere; are, mobilizazioko antolatzaileek jakinarazi dutenez, atxilotuetako batzuk aske utzi dituzten arren, beste zenbaitek ez dute deklaratu oraindik, eta baliteke gaua polizia etxean eman behar izatea; bihar eramango dituzte epailearen aurrera.
Manifestazioaren bukaeran hitz egin dute antolatzaileek, eta irmoki gaitzetsi dute Espainiako Poliziaren makrooperazioa. Jakinarazi dutenez, Polizia ikastetxe batera sartu da atxilotuetako baten bila, eta beste batzuk lantokietan atzeman ditu. Haien irudiko, azken urteotan antifaxismoak jasan duen «eraso larrienetako bat» izan da gaurkoa, eta «[Espainiako] historiako gobernurik progresistenak, PSOE buru» agerian utzi du bere izaera «autoritarioa eta errepresiboa». «Langile klasearen aurkako ofentsiba bete-betean, faxismoa gora egiten ari da», gehitu dute. Halere, nabarmendu dute «erasoek, atxiloketek, isunek eta kartzela eskaerek» ez dutela lortuko «antifaxisten borroka itzaltzea».
Hain zuzen, Iruñerriko antifaxistei zigorrik ez izen pean, errepresioaren kontrako plataforma bat jarri zuten martxan maiatzean; eta, haren berri ematean, erreferentzia zuzena egin zioten Quilesen kontrako protesten harira izandako polizia operazioari, baita, besteak beste, Gasteizen urriaren 12an izandakoari ere. «Errepresioaren eta faxismoaren aurrean atzerapausorik ez», adierazi zuten, eta norabide berean erantzun diote atzoko operazioari ere.
Beste zenbait eragilek ere adierazpenak egin dituzte sare sozialetan. Aske antolakundeak «elkartasun osoa» adierazi die Poliziak atzemandakoei, eta haiek askatzeko exijitu du. Eskakizun bera egin du Gazte Koordinakunde Sozialistak ere, eta eskuin muturraren aurrean mobilizatzearen garrantzia nabarmendu: «Ezin dugu faxismoa gure kaleetan normalizatzen utzi, eta horretarako euste horma sendo bat eraiki behar dugu».
Ernaik, berriz, gogoratu du ehunka gazteren erantzunak geldiarazi zuela «Quiles probokatzaile faxistaren» ekitaldia, «Euskal Herrian faxismoak lekurik ez duela argi utziz». Hala, atxilotuei babesa adierazi eta haiek askatzeko eskatzearekin batera, funtsezkotzat jo du «zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri bat helburu» duten gazteak halako elementuen kontra borrokatzea.
Atxiloketa gehiago
Espainiako Estatuko zenbait unibertsitatetan ekitaldiak antolatu ostean, Quilesek Iruñean gauza bera egiteko asmoa azaldu zuen, Nafarroako Unibertsitateak horretarako baimena ukatu bazion ere. Nafarroako hiriburuan, baina, ehunka lagun mobilizatu ziren eskuin muturreko ekintzailearen kontra, Faxismoaren aurrean, kaleak hartu lelopean, eta hark atzera egin zuen. Sare sozialen bidez jakinarazi zuen bertan behera utzi zuela ekitaldia, eta ez zen unibertsitatera gerturatu; bai haren zenbait jarraitzaile. Argudio gisa erabili zuen poliziek arma zuriak atzeman zizkietela antifaxistei, baina Poliziak berak ukatu egin zuen hori.
Ekitaldia egin ez bazen ere, Espainiako Poliziak eta Foruzaingoak unibertsitate inguruak hartu zituzten, eta istiluak izan ziren manifestari antifaxisten eta polizien artean; batez ere, Iturrama auzoan. Poliziak, besteak beste, negar gasa erabili zuen protestan ari zirenen kontra. Istiluetan zenbait lagun zauritu ziren.
Egun hartan, bi lagun ere atxilotu zituzten. Ez dira haiek protesta hartan parte hartzeagatik atzeman dituzten bakarrak. Aste batzuk geroago, azaroaren 21ean, Poliziak lau lagun atxilotu zituen. Horiek ordu batzuk geroago askatu zituzten, epailearen aurretik igaro ostean, baina salatu zuten ez zizkietela eskuko telefonoak itzuli ateratzean. Otsailaren 6an, berriz, beste bi lagun atxilotu zituzten. Haiei ere desordena publikoko delituak egotzi zizkieten, eta, zenbait kasutan, autoritatearen kontrako atentatu eta lesio delituak.