Aitor Etxarte

Iruñerriko udal ikastolen sustatzaile

COVID-19aren eraginez zendu da Aitor Etxarte, 41 urtez Hegoalde ikastolako zuzendari eta udal ikastolen sortzaileetako bat izana. Euskalgintzako erreferente izan da, eta proiektu txiki askotako bazkide Iruñean.

IñIGO URIZ / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Aitor Etxartek asteak zeramatzan Nafarroako Ospitale Guneko ZIUan, larri, COVID-19aren eraginez. Atzo zendu zen, 63 urterekin. Hedoi Etxarte semeak, bere azken agurrean, aitaren inguruko iruzkin hunkigarria txiokatu zuen: «Liga Komunista Iraultzaileko militantea, Iruñeko udal ikastolen sortzaileetakoa, Hegoaldeko zuzendaritza taldekoa, gentrifikazioaren kontrako asaldatzailea, proiektu txiki askotako bazkidea. Daukadan onena, dakidan gehiena, bizitako ia dena, berari zor». Iazko abuztuaren 25ean, aita-semeak elkartu zituen BERRIAk, Ahomentan elkarrizketa seriean.

Arrasaten (Gipuzkoa) jaio zen, 1957an, ama hangoa baitzuen, baina izatez iruindarra zen, Merced kalekoa. Filosofia eta Hezkuntza Zientzia ikasketak egin zituen, Bartzelonan. Horiek amaitu, eta buru-belarri sartu zen Iruñeko udal ikastolen sorreran.

Trantsizio betean sortu zen udal ikastola, eta 1978ko urtarrilaren 9an, lehen eskolak eman zizkien 145 haurri Gazteluko plazako lokal batean. Hasieratik izan zen Etxarte egitasmo haren bultzatzaile. Hiru urtez, ikastolak ez zuen toki egonkorrik, eta hainbat aldiz aldatu zuten lekua, harik eta 1981ean, Arrosadia auzoan, Hegoaldeko egoitza topatu arte. «Urte haietan iragandako toki guztien artean Seminarioarekin dute oroitzapen onena ikasleek, nahiz eta toki desegokiena izan: hotza pasatzen genuen, ez zegoen arbelik, ikasgelako ateak kristalak hautsita zituen, baina toki zoragarria zen. Frontoiak zituen, eta txabolak egiteko edo ezkutatzeko belardi ugari», deskribatu zuen Etxartek Ze Berrialdizkarian ikastolen sorrerako 25. urteurrenean, 2002an.

41 urte egin zituen irakaskuntzan, irakasle eta Hegoalde ikastolako zuzendari. Ikasle ohiek nabarmendu izan dute irakasle izateko bokazioak bizi zuela eta sutsua zela. Irakaskuntza berritzeko ikerketan aritu zen, eta irakasleen irakasle zen.Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari izan zen, 2015etik 2019ra arte, erretiroa hartu arte. Karguan, BERRIA-ri eskainitako elkarrizketan,eskola porrota murriztea, inbertsioak handitzea eta ikasleen arteko arrakalak erauztea jarri zuen erronken artean. Beretzat, arrakala sozialak gainditzeko gai ziren ikastetxeak ziren hoberenak: «Jaiotzatik ezarritako determinismoa apurtzeko gaitasuna dutenak dira ikastetxerik onenak».

Iruñerrian, euskalgintzako erreferente bat izan da. Karrikiri Iruñerriko euskaldunen elkarteko sortzaileetako bat izan da. Urte luzez, Euskalerria irratiko kolaboratzaile izanik, entzuleek faltan botako dituzte haren ahotsa eta haren gogoeta zorrotzak. Pasarteok islatzen dute pentsalari fina ere bazela. Azken iritziaurriaren 23an plazaratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.