Irungo atxilotuak «Poliziaren muntaketa» baten biktimak direla salatu dute ehunka lagunek Bilbon

Malen Grunig eta Aratz Bilbao Estremerako kartzelan daude egun, isolamendu ziegetan bakartuta. Haien aurkako frogek «inolako baliorik» ez dutela kritikatu du Aske antolakundeak.

ASKEk Bilbon deituriko manifestazioaren amaierako ekitaldia, Arriaga plazan. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko urriaren 31
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste igaro dira Espainiako Poliziak Malen Grunig eta Aratz Bilbao atxilotu zituenetik. Haien izenak hedabideetako lehen orrialdetatik atera badira ere, Aske errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko antolakundeak gogoratu du biak Estremerako kartzelan daudela, Madrilen, bakartze ziegetan. Bilbon eginiko manifestazioan eman du haien egoeraren berri, eta amaieran eginiko ekitaldian Kai Karasatorre Askeko kideak salatu du «Poliziaren muntaketa baten» biktimak izan direla eta «inolako baliorik» ez duten frogekin atxilotu dituztela.

Urriaren 17an atxilotu zituzten Grunig eta Bilbao, haien abokatuarekin Espainiako Poliziak Irunen (Gipuzkoa) duen komisaldegira beren borondatez joan zirenean. Askek deitoratu du une hartatik bertatik kanpaina «kriminalizatzaile eta mediatiko bat» pairatu dutela, eta horrek haien aurkako prozesu judiziala baldintzatu duela eta «inolako baliorik» ez zituzten frogak baliatu dituztela delitu «oso larriak» leporatzeko.

ASKEk Bilbon deituriko manifestazioaren amaierako ekitaldia, Arriaga plazan. BERRIA
ASKEk Bilbon deituriko manifestazioaren amaierako ekitaldia, Arriaga plazan. BERRIA

Errepresioaren aurkako antolakundeak egoera hori salatzeko eta askatu ditzatzen eskatzeko deitu zuen gaurko mobilizazioa. Ehunka lagunek egin dute Moyua plazatik Arriaga plazarainoko bidea, Muntai polizialik ez! Malen eta Aratz askatu zioen pankartaren atzean. Gehien errepikatu dituzten oihuak Malen eta Aratz askatu, Presoak kalera, amnistia osoa eta Espetxeak, apurtu! izan dira.

Oihuak oso ozen entzun dira, besteak beste giro arraroan garatu delako manifestazioa. Ertzain ugarik inguratu dute martxa: hamartik gora furgoi, autoak, istiluen kontrako agente asko Kale Nagusira ematen zuten kaleetan... Horrez gain, asteleheneko istiluen ondoren Bilbo irentsi duen psikosiaren eraginez, Kale Nagusiko saltoki gehienek ohol handiekin zituzten estaliak haien erakusleihoak eta argi gutxi zen kalean. Beldurrak beldur, martxa istilurik gabe garatu da.

Aurrekari bat ezartzeko gogoa

Amaierako ekitaldiaren hasieran, Karasatorrek «besarkada beroena» bidali die atxilotuei. Azaldu du Estremerako espetxean daudela, Bilbotik 458 kilometrora, «une oro bakartuta» daudela, eta ohartarazi du bakartzea «tortura forma bat» dela. Askek duen informazioaren arabera, senideek egun oso bat igaro zuten haien berririk izan gabe, eta geroztik haien bisita eta dei guztiak grabatu eta monitorizatu egiten dituzte.

Nabarmendu du «armak eta lehergailuak fabrikatu eta edukitzea», «talde terrorista bateko kide izatea» eta halako delituak egotzi zaizkiela «inolako baliorik» ez duten frogetan oinarrituta. Froga horietako batzuk zeintzuk diren ere aletu du: «Hainbestetan aipatu dituzten alegiazko zuloen kokalekuetan ez dute ezer aurkitu, su-itzalgailuak margoz betetzea lehergailuen fabrikaziotzat hartu dute, eta margoketak egitea zein propaganda politikoa zabaltzea ‘bake zibilaren aurkako delitu’ bilakatu dute».

«Prozesu honen helburuak militantzia politikoa kriminalizatzea eta Euskal Herri langilearen barruan beldurra eta otzantasuna hedatzea dira»

KAI KARASATORRE ASKE antolakundeko kidea

Irakurketa politikoa ere egin du Karasatorrek, eta prozesu judizialaren helburuak «militantzia politikoa kriminalizatzea eta Euskal Herri langilearen barruan beldurra eta otzantasuna hedatzea» direla kritikatu du. «Espainiar Estatuak aurrekari bat ezarri nahi du, Euskal Herrian antolatua dagoen pertsona oro epaile eta polizien jo puntuan jarri, eta militantzia politikoa kriminalizatzeko», ohartarazi du.

Grunig eta Bilbaoren kasua ez dela berria esan du Karasatorrek, eta beste «kriminalizazio» aurrekari batzuk aipatu: Altsasuko gazteak, Asier Herranzek eta Youssef Brahimek —«munduko futbol txapelketako finalean probokatzaile espainolei aurre egin zietenak»— pairaturikoa, eta iazko urriaren 12an Falangeari aurre egiteagatik «atxilotu eta seinalatu» zituztenak. «Delitu hauek terrorismoa badira, plaza honetan gauden guztiok izan gaitezke terrorista», oihukatu du.

Ekitaldiaren amaieran, bertaraturikoei dei egin die ardura har dezaten eta antolakuntzan sakondu dezaten, klase zapalkuntzaren aurka borrokatzeko, «euskal estatu independente eta sozialista» eta amnistia lortu arte. Atxilotuen aldeko oihuekin amaitu da ekitaldia.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA