Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak atzo eman zuen Eusko Jaurlaritzaren "Uda 2021" migratzaileei laguntzeko planaren berri. Irungo Harrera Sarearen ustez, plan horrek «irizpide diskriminatzaileak» aplikatzen ditu, bertara iristen diren pertsonak «desberdindu eta sailkatuz». «Aterpetxetik kanpo geldituko diren pertsonak egongo dira, eta horrek beren zaurgarritasuna areagotuko du», salatu du kolektiboak.
Gainera, migratzaileak hartuko dituzten guneen zerrendari deritzonez, IHSk adierazi du badaudela frontoiak eta gimnasioak baino «baliabide egokiagoak» bidean diren migratzaileei laguntzeko: «Aterpetxe eta baliabideak daudenean, ez dirudi bidezkoa horrelako baliabideak martxan ipintzea».
IHSren arabera, aterpetxetik kanpo geldituko diren pertsonak egongo dira, eta horrek beren «zaurgarritasuna areagotuko du». Era berean, migrazioa «Europako lege arrazistek» baldintzaturiko fenomenoa dela esan du IHSk. Azken hilabeteetan bi migratzaile hil direla gogorarazi du kolektiboak.