Irungo mendizale bat hil da, Pirinioetan amilduta

Karlos Santiago EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako fakultateko irakaslea izan zen, erretiroa hartu zuen arte. Carlit tontorretik jaisten ari zela amildu da.

Carlit mendia, Ekialdeko Pirinioetan. GALIOM/WIKIMEDIA COMMONS CC BY-SA
Carlit mendia, Ekialdeko Pirinioetan. GALIOM/WIKIMEDIA COMMONS CC BY-SA
Ion Orzaiz.
2025eko abuztuaren 22a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irungo (Gipuzkoa) 67 urteko mendizale bat hil zen atzo Pirinioetan, Carlit (2.921 metro) tontorretik behera amilduta: Karlos Santiago Etxeberria. Hondarribian (Gipuzkoa) bizi zen, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako fakultateko irakaslea izan zen, erretiroa hartu zuen arte. Aditua zen hezkuntzaren ikerkuntzan, batez ere eskola errendimenduarekin eta programen eta ikastetxeen ebaluazioarekin lotutako gaietan, haren curriculumaren arabera.

Oso ezaguna zen Lesakan ere (Nafarroa), hainbat elkarte eta mugimendutan militatzen baitzuen, besteak beste, oroimen historikoaren esparruan. Lesakako Tantirumairu ikastolan irakasle izan zen.

Mendizale irundarrak eta bere emazteak Carlit mendia igo zuten (Cerdanya, Herrialde Katalanak), eta handik jaisten ari zirela gertatu zen ezbeharra, 13:00ak aldera. Emakumea onik dago: bere kabuz jaitsi zen mendian behera, eta hark eman zien abisua jendarmeei.

France Bleu irratiaren arabera, litekeena da baldintza meteorologiko txarrek eragina izatea istripuan: behe lainoak zaildu egiten zuen ezer ikustea, eta zorua labainkor zegoen, langarraren ondorioz. Erreskate lanak ere zaildu ditu eguraldi zakarrak: Santiagok atzo izan zuen istripua, baina jendarmeek haren gorpua jasotzeko operazioa bertan behera utzi behar izan zuten, eta gaur berreskuratu dute, helikopteroaren laguntzaz.

Eskarmentu handiko mendizalea zen Karlos Santiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.