Azken egunetan behin baino gehiagotan izan dira legealdia amaitzear zegoela adierazten zuten keinuak, eta gaur ere ez da antzeko imintziorik falta izan Eusko Legebiltzarrean. Hitzek adina erakusten dutela sarri keinuek eta esan gabekoek: hori izan da premisa nagusia, itxura guztien arabera, amaitzear dagoen legealdiko azken osoko bilkuran. Hauteskundeak atezuan diren honetan, giro apalean egin dute bilkura, isiluneak protagonistatzat hartuta.
Isilik eta zutik hasi dute, hain zuzen ere, osoko bilkura, ETAk eta Komando Autonomo Antikapitalistek hildako Fernando Buesaren eta Enrique Casasen omenez. 24 eta 40 urte dira aurten, hurrenez hurren, PSE-EEko buruzagi ohia eta legebiltzarkide sozialista hil zituztenetik. Argazkiak, baina, izan du berezitik aurten: gehienetan ez bezala, hutsik izan da lehendakariaren aulkia. Amaren heriotza tarteko, Iñigo Urkulluk ez baitu bilkuran parte hartu.
Aurreko ostiraleko kontrolerako saioa izan zen lehendakari gisa Urkulluk legebiltzarrean egindako azken agerraldia, beraz. Legealdiko egiteko nagusiak bukatu dituelakoan, jada keinu egin zuen orduan haren agintaldia azkenetan zela —emaztearekin izan zen legebiltzarrean—, eta gaur ere hori bera iradoki du haren aulki hutsaren irudiak.

Eskaria atzera bota badute ere, EAJk eta PSE-EEk bilera baliatu dute Osakidetzako beste lan eskaintza publiko baten berri emateko. Iragarri dutenez, 1.431 lanpostu egonkortzeko deialdia egingo du Jaurlaritzak, eta gaur arratsaldeko gobernu bileran onartuko da deialdi hori. Jon Aiartza EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, Jaurlaritzaren konpromisoaren adierazle da deialdia.
Oposizioaren iritziz, ordea, ez da nahikoa, Osakidetzak 3.000 lanpostu baino gehiago behar baititu, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan. «Behin-behinekotasuna murriztu nahi dugu, gardentasuna, eta Osakidetzako langileak prekaritatetik ateratzea, kalitatezko osasun zerbitzu bat eman ahal izateko», adierazi du Uberak.
Osakidetzaren lan eskaintzarena ez da izango gaurko gobernu bileran onartuko duten gai garrantzitsu bakarra, jakina baitzen sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretuari oniritzia emango diola Jaurlaritzak. Behin bilera amaituta, prentsaren aurrean agertuko da Urkullu, isiltasuna hitzetan jarri, eta, oker handirik ezean, bozen deialdiaren berri emateko.