Zapata hutsak, jada ibiliko ez dituzten horiek gogoratzeko. Save the Children erakundearen arabera, Israelek 20.000tik gora haur hil eta 52.000tik gora zauritu ditu Gazan azken bi urteotan, eta, horiez gain, 132.000 haur txiki hiltzeko arrisku bizian dira uneotan. Genozidioaren biktima ahulenak dira. Milaka eta milaka adingabe horiek kalean gogoratuko ditu Gure Haurrak Ere Badira egitasmoak. Bilbon eginen dute manifestazio nazionala, urriaren 25ean. Zapata hutsez bete nahi dituzte Bilboko kaleak, haurren aurkako sarraskia salatzeko eta biktima horiek utzitako hutsunea irudikatzeko.
Iruñeko Laba aretoan azaldu dituzte mobilizazioaren nondik norakoak. Matxalen Lonberak, Itziar Tresek, Maitane Azurmendik eta Karlos Jimenezek hitz egin dute Gure Haurrak Ere Badira ekinbidearen izenean. Gogoratu dutenez, Israel Palestinako lurretan egiten ari den garbiketa etnikoak «ez du etenik izan» 1948ko Nakbaz geroztik, baina azken bi urteotan egoerak «okerrera» egin duela uste dute: «Herri palestinarra kolonizazioaren eta genozidio baten biktima da. Hildakoak 65.000tik gora direla adierazten dute datuek, baina argi dugu errealitatea are krudelagoa dela».
Israelek hildako eta zauritutako adingabeez gain, egoera makurrean direnak ere aipagai izan dituzte Iruñeko agerraldian: «Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du 5 urtetik beherako 320.000 haur inguru desnutrizio arriskuan direla Gazan. 658.000 haur baino gehiagori ukatuko zaie hezkuntza eskubidea hirugarren ikasturtez jarraian, eta ikastetxeen %77k pairatu dituzte eraso zuzenak. Horrez gain, urtean 500 eta 700 adingabe artean atxilotzen ditu Israelek, eta tribunal militarretan epaitzen dituzte». Elkarteko kideek adierazi dutenez, Euskal Herriko gizarteak ezin dio errealitate horri ez ikusiarena egin: «Euskal gizartea ezin da geldirik egon, ezta konplize izan ere. Gure betebeharra da hau geldiarazten saiatzea».
Hori dela eta, «esku hartzeko deia» egin diete Euskal Herriko instituzioei. «Harreman oro eten dezatela estatu sionistarekin: harreman politikoak, diplomatikoak, ekonomikoak, kulturalak edo beste edozein motatakoak». Honakoa, baina, ez da erakundeen parte hartzea galdegiten duten lehen aldia, eta ez da azkena izanen: «Gasteizko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu genituen eskakizun hauek, baina, tamalez, ez gaituzte aintzat hartu eta ez da aldaketarik egon. Bide beretik, Nafarroako Legebiltzarrera eramanen ditugu gure eskakizunak datozen hilabeteetan».
Bilbo, zapataz betea
Erakundeez harago, ordea, gizartearen aktibaziora jotzea erabaki dute, eta dei egin dute urriaren 25eko mobilizazioetan parte hartzera. Manifestazio nazionala eginen dute egun horretan Bilbon, 17:30ean hasita. «Bilboko kaleak zapataz bete nahi ditugu, Israelgo estatu sionistak eraildako milaka haurrak gogoratzeko eta genozidioa eta okupazioa salatzeko. Bertaratuko diren guztiei eskatu nahi diegu zapatak hartu eta udaletxeraino eraman ditzatela, omenaldi eta salaketa gisara», azaldu dute antolatzaileek.
Arratsaldeko manifestazioaz gain, ordea, jarduera ugari antolatu dituzte egun horretarako: 12:00etan, esate baterako, Palestinako historiari buruzko hitzaldia eskainiko dute Bilboko Zirikagunean, eta ordu berean Askatasun doinua ipuin kontaketa antolatu dute haurrentzako.
Azkenik, Maitane Azurmendi artistak diseinatutako elastikoa ere salgai izanen dute egun horretan. Hura erosteko aukera izanen da manifestazioaren bukaeran, baina baita aurretik ere, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen egoitzetan eta online, Gure Haurrak Ere Badira elkartearen Instagram kontuaren bidez.
ATXIKIMENDUAK
Euskal Herriko hainbat alorretako berrogei eragile inguruk bat egin dute urriaren 25eko deialdiarekin. Palestinaren aldeko elkarteak ez ezik, sindikatuak, hezkuntzaren sektoreko eragileak, mugimendu feminista eta torturatuen aldeko taldeak daude sinatzaileen artean.
- DBS Euskal Herria
- Gernika Palestina
- Yala Nafarroa Palestinarekin
- Ongi Etorri Errefuxiatuak
- Gazako Mugimendu Globala Euskal Herria
- Sanitarioak Palestinarekin
- Steilas
- LAB
- CCOO
- ELA
UGT
Emakumeak Gerraren Aurka
Donostia Palestina
Bilbo Palestina
Erripagaña Palestina
Santurtzi Palestinarekin
Musikariak Palestinarekin
EHIGE
BIGE
Euskal Eskola Publikoaz Harro
Ikastolen Elkartea
Sortzen Ikasbatuaz
Seaska
31016 Palestinarekin
Palestinarekin Elkartasuna
Psicologia Sin Fronteras
Dindaia
Aita Mari
0-3 Plataforma
Sakana Harrera Harana
Guggenheim Urdaibai Stop
Gasteiz Anitza
Kurkuluxetan
Ratioak Jaitsi 0-18 plataforma
Hiritarron Harrera Sarea
Egiari Zor
Irakasleok Palestinarekin
Armagintza
SOS Arrazakeria
Euskal Herriko Mugimendu Feminista
Nafarroako Torturatuen Sarea