Israelekin «harreman eta konplizitate mota oro hausteko» eskatu du Yala Nafarroak Iruñean

Elkarteak deituta, manifestazioa egin dute Iruñean, Nakbaren 78. urteurrenaren harira.

Yala Nafarroaren manifestazioa, gaur arratsaldean, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Yala Nafarroaren manifestazioa, gaur arratsaldean, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko maiatzaren 16a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela 78 urte gertatu zen, baina ez da iragana. Nakbaren urteurrena gogoratzeko manifestazioa egin du Yala Nafarroa elkarteak Iruñean, eta, bukaeran, gogoratu dute Israelek ia laurogei urte daramatzala «Palestinako lurrak okupatzen, apartheida praktikatzen eta palestinar herria bere lurraldetik kanporatzen». Sarraskia aspaldi hasita ere, orain ere ari baita gertatzen.

«Hizketan ari garen bitartean, Gaza bonbardatzen eta setiatzen jarraitzen dute. Israelek gosea eta suntsipena erabiltzen ditu gerra arma gisa. Zisjordanian, Jerusalemen eta 1948ko lurralde okupatuetan, bere horretan segitzen dute Israelgo armadaren eta kolonoen indarkeriak, kanporatze behartuek eta palestinarren atxiloketa arbitrarioek», esan dute elkarteko bozeramaileek, protestaren bukaeran irakurri duten manifestuan.

Aurretik, Iruñeko zabalguneko kale eta etorbide zabaletan barna ibili dira manifestariak, «Palestina askatu» eta «ez, ez, ez, genozidiorik ez» oihukatzen. Baluarteko plazatik abiatu da manifestazioa, eta, Bakearen plazan ezkerrera eginda, Oliveto Kondearen etorbidean gora egin dute parte hartzaileek. Vianako Printzearen plaza eta Nafarroa Behereko etorbidea zeharkatuta, Merindadeen plazaraino iritsi dira, eta han Karlos III.aren etorbidea hartuta, Gazteluko plazan bukatu dute protesta.

Han hartu dute hitza Yala Nafarroako ordezkariek, eta babesa adierazi diete Global Sumud Flotillari eta, oro har, «Israelen blokeoa hausteko eta Palestinako herriari laguntza helarazteko ahaleginetan diren konboi eta nazioarteko elkartasun ekinaldi guztiei».

Armen «erabateko enbargoa» galdegin dute elkarteko ordezkariek, eta baita ere Israelgo estatuarekin «harreman mota oro haustea, kolonizazioan eta apartheidean oinarritutako erregimena desagertzea eta Palestinaren aldeko elkartasunaren kriminalizazioa bukatzea». Amaitzeko, Yala Nafarroak argi gaitzetsi ditu gaur egun gertatzen ari den «bigarren Nakba», genozidioa, gerra, ahotsak isilarazteko saiakerak eta Palestinaren okupazioa. «Palestina aurrera, ibaitik itsasora!» oihu artean amaitu dute mobilizazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA