EAJk Andoni Busquet EBBko kidearen adierazpenak igorri ditu Azpeitiko istiluen harira. EH Bildu zuzenean aipatu gabe, «arduradun politiko batzuen ekidistantzia onartezina» dela esan du. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak (EH Bildu) adierazi zuen haren ustez igande goizaldean Azpeitian (Gipuzkoa) izandako istiluetan Ertzaintzaren jokabidea «neurriz kanpokoa» izan zela.
Busquetek esan du arduradun politikoak «gizarte honetako suak amatatzeko» daudela, «eta ez suak pizteko». Udaltzaingoari eta Ertzaintzari babes osoa agertu die gero.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere babes osoa agertu dio Poliziari. «Halakoek iraganera garamatzate, eta iraganeko eta egungo indarkeria ez deslegitimatzeak halakoetara eraman gaitzake. Beraz, irmo salatu behar dira halako jokabideak, indarkeria ez dadin berriz errotu hemen».
Ertzaintza tarteko dela, beste istilu batzuk ere izan dira Gipuzkoan azken hilabetean. «Halako egoerak ikusita, argi hitz egin behar dugu, printzipio kontua da, ezin da inolaz ere babesa ematen diguten horien aurka egin; horregatik, erabat gaitzesten dugu gertatutakoa».
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta Gipuzkoako Jasangarritasun diputatuak ere «onartezintzat» jo ditu istiluak, eta deitoratu egin du «EH Bilduren ahalegina halako gertakari larriei garrantzia kentzeko».
Sipe, Erne eta Euspel ertzainen sindikatuek ere gertaerak gaitzetsi dituzte, eta «babes falta» salatu dute. Asteazkenerako elkarretaratzera deitu du Euspelek Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean.