'Mozal Legea'

Isuna jarri diote Voxen aurkako elkarretaratze batean Ertzaintzak zauritutako gazteari

Voxen kontra egindako protesta batean zauritu zuen Poliziak, Bilbon, foam jaurtigai batez tiro eginda, eta matrailezurra hautsi zion. Orain, mozal legea ezarri diote, poliziak iraintzea egotzita.

Ertaintzak apirilaren 13an foam jaurtigai batekin zauritu zuen neskaren matrailaren irudia.
2019ko abuztuaren 9a
10:20
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berrehun euroko isuna jarri dio apirilean Ertzaintzak foam jaurtigai batez tiro eginda zauritutako 19 urteko gazteari. Vox eskuin muturreko alderdiaren aurkako protesta batean zauritu zuten, Bilbon, apirilaren 13an. Elkarretaratzean, istiluak izan ziren manifestarien eta Ertzaintzaren artean, eta, hainbat zauritu izateaz gainera, gazte horri masailezurra hautsi zioten.

Gertakarien egunean, emakumeak laguntza eskatu zien inguruan zeuden ertzainei, baina Poliziak argudiatu du hark, "putakume batzuk" zirela esateaz gainera, hatz luzea erakutsi ziela agenteei. Poliziak iraintzea egotzita, mozal legea ezarri diote. 19 urteko gazteak erabakiaren aurkako arrazoibideak eskatu ditu.

Zaurituaren senideek salaketa bat aurkeztu zuten, Ertzaintzak aurpegira zuzenean tiro egin ziolako hamar metro baino gutxiagoko distantziatik. Hala ere, oraindik argibidean dago salaketa hori. Hain justu, familiak salatu du oraindik ez dutela jaso ikerketa horren inolako berririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.