Auzi saioak dena zalantzan ezarri badu ere, iazko Korrikan ustez migratzaileak «talde antolatuan» muga zeharkatzen lagundu zituzten zazpi auzipetuetatik sei zigortzeko galdetu du prokuradoreak, hala nola, LAB sindikatuko Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau, EH Bai eta Etorkinekin kolektiboko Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre, Bidasoa Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasarte eta Frantzia Intsumisoko Thomas Dubois; 1.000 et 1.500 euro arteko isunak eskatu ditu haien kontra, horietako batzuk gibelapenarekin. Azkenik, Fernand Perret kargugabetzeko galdetu du. Epaiaren deliberoa heldu den abenduaren 16an jakinaraziko diete.
Joan den urteko martxoaren 14an, Korrika abiatu zen egunean, giza eskubideen aldeko hainbat militantek 36 migratzaileri lagundu zieten Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubia zeharkatzen. Handik gutira, hainbat kolektibok horien gain hartu zuten «desobedientzia zibileko» ekintza hura; urri hatsarrean, gero, Frantziako Justiziak ekintza horrengatik deklaratzera deitu zituen kolektibo horietako zazpi pertsona. Hendaiako komisarian sei orenez atxiloturik egon ondotik, epaitegian deklaratu zuten, eta, «pertsonen trafikoko talde antolatuaren ustezko delitua» egotzita, gaur arratsaldean epaitu dituzte.
Auzia hasterako, epaileak ohartarazi du auzitegia ez dela leku egokia politika egiteko, eta jendearen mintzaldiek ez dutela horretara bideratuak izan behar. Ordea, besterik ez da izan, hala auzipetuen nola lekukoen eta abokatuen partetik. «Migrazio politika arrazista eta hiltzaileak» salatzera etorriak ziren auzira, politika horiei emandako erantzun gisa baitute iazko martxoko ekintza, hain zuzen. Auzipetu zituztenaz geroz, 'J'accuse' (salatzen dut) autoinkulpazio kanpaina abiatu zuten, eta, arratsaldean adierazi dutenaz, 5.000 jende inguruk izena emana du orain.
Zazpi auzipetuetarik sei baizik ez ziren hor, eta bere abokatuaren bidez baizik ez du defentsa egin Dubois zazpigarrenak, ezin izan baita auzian egon. Beste seiek euskaraz deklaratzeko galdegin dute, baina prokuradoreordeak ez die onartu, «auzitegia egoitza publikoa» dela argudiaturik eta orduan Frantziako Estatuko hizkuntza aplikatzen zaiola, hots, frantsesa. Auzipetuak abokatuaz lagundurik negoziatzen entseatu dira, baina xedea ezin izan dute bete azkenean. Seietarik Jakes Bortairuk berak ez du deklaratu, ez baitu onartu epaileari frantsesez zuzentzea. Besteek, haatik, hitza hartu dute bata bestearen ondotik, epaileak agindu dien erritmoan.
Bakoitzak beretik baina aitzinekoaren erranetara nola edo hala lotuz beti, «Frantziako eta Espainiako estatuen eta Europaren migrazio politikak» salatu dituzte behin eta berriz, azaltzeko zerk bultzatu zituen ekintzaren egitera. Ordea, ez da argi geratu azkenean zer izan zen delako ekintza hori, auziaren «funtsaz» galdeturik auzipetuek erantzun politikoa baizik ez baitute eman. «Elkartasun kontua da», erran du Dagerrek, «eginbehar moral, sozial eta politiko bat». Dufauk Euskal Herriaren nazio izaeraren gaia ekarri du, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga zalantzan jarririk eta «harrera herria» aldarrikaturik. Aramendik berak Europako «harresi» politika «hiltzailea» salatu du.

Ezkerretik eskuinera, Aramendi, Bortairu, Dufau, Perret, Dagerre eta Lasarte, gaur, Baionako auzitegian. PATXI BELTZAIZ
Itzulpen okerrak
Afera da auzi osoan froga baliagarri bakarraren arabera jokatu dutela epaileek. Erabilitako bideoa bederatzi minutu eta 31 segundokoa da, Ahotsa Info-ren Youtube katean libreki ikusgai: auzipetuetarik zenbaitek Korrikaren abiatze eguneko ekintza kontatzen dute bideoan, baina migratzaileekin mugaren zeharkatzerik ez da aipatzen; Hendaiatik Baionarako bidean lagundu izana besterik ez da. Batetik, hori azpimarratu dute abokatuek, eta, bestetik, ezin dela erran larru koloreagatik besterik ez bideoan auzipetuen ondoan agertzen diren «afrikar itxurako» pertsonak legez kanpoko atzerritarrak zirela.
Bi elementu horiei beste bat ere gehitu diote: bideoa euskara hutsean da, eta prozedurarako bideoaren edukia frantsesera nork itzuli duen ez dute zehaztu inkestaren agirian. Hots, salatu dute itzultzaile ofizial bati dei egin ez izana, eta horrek ekarri dituen hutsak ere azpimarratu dituzte: adibidez, bideoan, 36 lagun aipatzen dituzte militanteek, baina pertsona hitzaren zentzuan, eta ez adiskide; epaileek oker ulertu eta adiskide adiera eman zioten, ordea.
Talde antolatuan aritu izanaren kontra ere egin dute beste behin abokatuek, haien ustez eta bideoak eskaintzen dituen informazioen arabera ezin baitaiteke ondorioztatu «duela denbora bat elkarrekin antolaturik» ari den talde batek egin duela ekintza; izan ere, bakoitza bere izenean mintzo da bideoan. Kargugabetzea galdegin dute zazpi auzipetuendako.