Itaiak berretsi du M-8a «zapalkuntzaren erantzuleak» seinalatzeko borroka eguna dela

Indarkeria matxistaren kontrako borroka kalera eraman du gaur Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, eta milaka lagun mobilizatu ditu Euskal Herriko kaleetan.

Itaiaren gaurko mobilizazioa, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Itaiaren gaurko mobilizazioa, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko martxoaren 8a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Badakigu ez dagoela berdintasunik kapitalismoan. Horregatik, zapalkuntzaren erantzuleak seinalatzeko borroka eguna da Martxoaren 8a: enpresarien, erasotzaileen eta faxisten aurka». Indarkeria matxistaren kontrako borroka kalera eraman du gaur Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Milaka lagun mobilizatu dituzte Euskal Herriko kaleetan, eta adierazi gaurko egunetik harago «lanean eta antolakuntza iraultzailea indartzen jarraitzeko konpromisoa» dutela. 

Gogoratu dute gaurko eguna, berez, «emakume langileen interesen defentsan ekarpena egiteko eta borroka iraultzaileari bultzada emateko» zela, baina mobilizazioak lehenbiziko aldiz antolatu zirenetik «egunaren izaera» anitz aldatu dela. «Berdintasunaren aldeko diskurtsoa oligarkiaren, enpresarien eta instituzioen interes ekonomikoak eta elektoralak bermatzeko aldarri hutsal bilakatu da», erran dute.

Halaber, antolakundearen irudiko, horiek guztiek berdintasunaren barnean emazteki guztien batasuna aldarrikatu dute, baina emakumeen artean «interes kontrajarriak» daude. «Horrela, zapalkuntzaren klase izaera alboratu eta borroka desitxuratu dute», adierazi dute. Antolakundeak, ordea, nahi du gaurkoa «antolakuntza iraultzailea indartzeko eguna» izatea.

Itaiaren M-8ko Bilboko mobilizazioa, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Itaiaren M-8ko Bilboko mobilizazioa, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Kapitalismoa krisian dagoela adierazi dute, eta gogoratu horrek emazteki langileei zuzenean eragiten diela. «Ikusi besterik ez dago sektore feminizatuetako lan baldintzen egoera penagarria edota emakume etorkinek duten pobrezia, zaintza zerbitzuen murrizketak eta pribatizazioak, eta horrek emakumeon gain jartzen duen zaintza ardura gehigarria». 

Hori aski ez, eta ideia eta jarrera matxistak normalizatzen ari direla salatu du Itaiak. Eta bitartean erasoak, mehatxuak, erailketak eta gutxiespenak areagotzen ari direla azpimarratu.

Alternatiba iraultzailea

Faxismoari eta matxismoari aurre egitea ezinbertzekotzat jo dute, eta gogor kritikatu ezker instituzionalak arlo horretan egiten duena. «Alderdi sozialdemokraten eskutik emakume langileon zapalkuntza ekonomikoa eta soziala mantendu egin da azken urteetan eta, hori gutxi balitz bezala, testuinguru horretan faxismoa eta ideia atzerakoiak indartu baino ez dira egin». 

Hala, Itaiaren erranetan, eredu kapitalistaren barnean diharduten alderdi horiek «ezer gutxi» egin dezakete «emakumeen emantzipazioa egikaritzeko». Gizarte kapitalistarendako «beharrezkoa» delako emakume langileen zapalkuntza erreproduzitzea, eta horrek ezinezkoa egiten duelako matxismoa gainditzea. Hortaz, «alternatiba iraultzaile» baten beharra aldarrikatu dute.

Bide hori hartuko du Itaiak, bi arlotan lan eginez: faxismoaren eta matxismoaren kontra antolakuntza sustatuz, eta emazteki langileen interesak eta problematikak lehen lerroan jarriz. «Matxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzeko lanean jarraitu behar dugu», borobildu dute. 

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA