«Ez dugu feminismorik nahi arrazakeriaren aurkako borrokarik gabe»

'Beste mundu bat feminismotik' lelopean mobilizazioak egin dituzte Euskal Herriko herri eta hirietan. Palestina izan dute gogoan Iruñean, eta gorputzen burujabetza aldarrikatu dute Baionan.

Martxoaren 8ko mobilizazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
Iruñea
2026ko martxoaren 8a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertze mundu bat, mundu feminista bat. Hori eskatzeko, ehunka lagunek hartu dituzte gaur Euskal Herriko kaleak, eta ozen erran: «Emakumeak, transak eta bollerak karrikara ateratzeko prest gara». Iruñeko mobilizazioan Palestinako genozidioa izan dute gogoan, eta bereziki Gazako emaztekiak: «Gu gure eskubide guztien alde borrokan ari garen bitartean, haiek bizirik irauteko borrokan dabiltza. Bi borroka horiek elkartu genituen, eta, une honetan bereziki, ez ditugu ahaztuko emakume palestinarrak».

Antoniutti parketik abiatu da Martxoaren 8ko mobilizazioa, bandera more erraldoi bat zutela gidari. Gibelean, Beste mundu bat feminismotik leloa idatzita zuen pankarta, eta erdi-erdian Ola Arafat Salam Gaza elkarteko presidentea. Elkarte horrek zapi solidarioak jarri ditu salgai egunotan, gazatarrendako ura eta janaria lortzen laguntzeko; eta anitz ziren gaur ikur hori soinean zeramatenak. 

«Gora borroka feminista», «Gora borroka transfeminista» eta «Kaleak, gauak gureak dira!» oihu artean egin dute aurrera hiriburuko Armada etorbidean, Bakearen plazara iritsi diren arte. Geldialdia egin dute bertan, hilaren 17ko greba orokorraren aldeko pankarta baten parean. Euria lagun, laster heldu dira Karlos III.a etorbidera, eta Gazteluko plazara segitu dute gero.

Martxoaren 8ko mobilizazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Martxoaren 8ko mobilizazioa, Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU

Plaza bete orduko, mugimendu feministako kideak igo dira oholtzara, eta pankarta zeramaten emakumeak —tartean Arafat— oholtzaren aitzinean gelditu dira, jendetza zutela parez pare. Tatiana izan dute gogoan, gizon batek Sarrigurenen (Nafarroa) eraildako emaztekia. Munduko hainbat lekutan borrokan ari diren feministei ere elkartasun eta babes besarkada bana igorri diete.

«Palestinak genozidio izugarria jasaten jarraitzen du. Gazan ez ezik, Zisjordanian eta Jerusalemen ere garbiketa etnikoa gero eta gordinagoa eta ikusezinagoa da. Munduko testuinguru androzentriko, patriarkal eta faxista honetan, Palestina bihurtu da, Trumpen eta Netanyahuren gidaritzapean, kapital handiaren izenean, guztion gain ezarri nahi duten mundu ordena berriaren laborategia», adierazi dute. Horren aitzinean, elkartasun osoa adierazi diete emazteki palestinarrei, «hain urrun egon arren». Esaldia akitu orduko, besoak altxatu ditu Arafatek esker onez, eta txalo zaparradarekin erantzun dio plazan bildutako jendetzak. 

Zapalkuntza ugari

Munduan barna hedatutako errealitate horrek zapalkuntza ugari erreproduzitzen dituela azpimarratu dute, eta desberdintasunak gero eta handiagoak direla. «Zapalduak gero eta zapalduago daude, eta boteretsuak, berriz, gero eta indartsuago».

Hori guztia «errealitate materialean» ikus daiteke, agerraldian erran dutenez: nork du etxebizitza eskuratzeko aukera? Eta enplegu prekarioenak? Nor da eskubideen titularra? Gehitu dute pausoak eman direla, baina asko dagoela egiteko, batez ere erakundeen, patronalaren eta gizonen esku, horiek direlako sistema «iraunarazten» dutenak. 

Horren aitzinean, aliantzak egitera deitu dute, eta antolatzen jarraitzera. Hain zuzen, hilabete honetan bertze borroka egun garrantzitsu batzuk daudela gogoratu dute: «Martxoaren 17an, greba orokorra; martxoaren 21ean, arrazakeriaren aurkako eguna; martxoaren 30ean, etxeko eta zaintzako langileen eguna; eta martxoaren 31n, trans ikusgaitasunaren eguna». 

Mobilizazio hasieran bezala, bertze mundu baten aldarriarekin bukatu dute hitzartzea: «Askotariko mugimenduetatik borrokatzen dugu, baina argi dugu ez dugula feminismorik nahi arrazakeriaren aurkako borrokarik gabe. Horregatik nahi dugu beste mundu bat: mundu feminista bat».

Gorputzen burujabetza

Lapurdiko hiriburukoa izan da manifestazio goiztiarrena. Bertze mundu baten aldeko borrokak hartu ditu Baionako kaleak ere: ke more artean, aldarrikapen transfeministak eta antirrazistak izan dira nagusi Sutan kolektibo transfeministak deitutako mobilizazioan. Oroitarazi dute gizartean diskurtso «antifeministak, transbaztertzaileak eta kuirfoboak» zabaldu direla, eta argi utzi horren aitzinean «dominazio sistemak» jomugan jarriko dituztela: «Herrion burujabetza ez ezik, guk gorputzena ere aldarrikatzen dugu».

Salatu dute, halaber, egiturak sostengatzen dituzten horiek bere egiten dituztela feminismotik sortutako diskurtsoak eta proposamenak, eta feminismoaren izenean bertzelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen; arrazakeria edo islamofobia, kasurako. «Feminista zurioi horren ardurak hartzea eta diskurtso horiek salatzea eta moztea dagokigu. Ez da erdibiderik: ez dugu femonazionalismoa sustatuko», erran dute.

Sutan kolektibo transfeministak deitutako manifestazioa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Sutan kolektibo transfeministak deitutako manifestazioa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

Zapalkuntza horiek guztiak sostengatzen dituen sistemari «askotariko gorputz eta borroketatik» erantzutera deitu dute, «elkarrekin nahiz subalternitate propioetatik». Eta, txalo artean, antolatzen segituko dutela ziurtatu dute: herriz herri, auzoz auzo, asanbladetan, lantokietan, ikastetxeetan, gaztetxeetan eta kalean. «Aitzinean izanen gaituzue!».

Espekulazioaren kontra

Segurtasunaren izenean sustatutako jarrera arrazistak, etxebizitzarako eskubidea, zahar etxeetako langileen eskubideak edo transfobiari aurre egiteko beharra. Donostia zeharkatzen duten hamaika zapalkuntzek lekua izan dute gaurko mobilizazioan. Gogoratu dute sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta arrazistak askotariko zapalkuntzak «betikotzeko» egiturak dituela martxan, eta lurralde bakoitzean era batera edo bertzera lurreratzen dela; eta Donostia ez da salbuespena. 

Udala eta enpresa kapitalistak ezartzen ari diren hiri eredua seinalatu dute: «Alokairuen prezioak, luxuzko pisu eta hotelen eraikuntzak, eta azken asteetan Martutenen eta Herreran izan diren etxegabetze masiboek agerian uzten dute etxebizitza eskubidea ez dagoela bermatuta». 

Feministen irudiko, gainera, etxegabetze horiek erakusten dute segurtasunaren izenean jarrera arrazistak eta klasistak zabaltzen dituztela erakundeek. Are, feminismotik sortutako diskurtsoak bere egiten ari direla salatu dute, «feminismoaren aitzakian diskurtso eta neurri arrazista eta faxistak zabaltzeko». Donostiako Udaltzaingoak atxilotuen jatorriaren berri emateko erabakia hor kokatu dute.

«Feminista zurioi ardurak hartzea eta diskurtso horiek salatzea eta moztea dagokigu. Ez dago erdibiderik»

DONOSTIAKO MUGIMENDU FEMINISTA

Emaztekien eta disidentzien kontrako erasoak ere salatu dituzte: Aizepe elkartean gertatutakoa edo hiriburuan antolatutako hitzaldi eta agerraldi transfoboak, erraterako. Horien aitzinean, gogoratu dute ez dutela justifikazio matxistarik onartuko tradizioaren izenean, eta Donostia transfeminista aldarrikatu dute. 

Horregatik guztiagatik, Donostiatik bertze mundu bat aldarrikatu dute, eta nabarmendu hori lortzeko antolakuntza eta borroka direla bidea. «Emakume*, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!».

Greba orokorra

Donostian bezala, Bilbon ere adierazi dute «lurralde bakoitzean modu desberdinetan azaleratzen den autoritarismoz» eraso egiten dutela, eta Euskal Herrian ere hala gertatzen dela. Hain justu, euskararen kontrako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa ekarri dute gogora, eta gehitu eskubide sozial eta laboralak ere sistematikoki desegiten dituztela. «Beti alderik txarrena dutenak emakumeak, disidentziak, arrazializatuak, migratuak, sexu langileak eta desgaitasuna eta aniztasun funtzionala dugun emakumeak gara», erran dute.

Hori ikusirik, bi aste barru eginen den greba orokorraren garrantzia azpimarratu dute: «Grebara goaz, eskuin muturrekoak ere gelditzeko, desberdintasun ekonomiko eta sozialen arreta desbideratzea bilatzen dutenak, segurtasunez mozorrotutako gorroto diskurtsoekin, arrazakeria, misoginia, transfobia eta islamofobia baino eragiten ez dutenak».

Bilboko manifestazioaren bukaera, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko manifestazioaren bukaera, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Inperialismoaren kontra ere gogor mintzatu dira, eta salatu herriak «basati edo atzeratu» bezala etiketatzen dituztela. «Emakumeak infantilizatzen dituzte, haien autonomia edo subjektu politiko izaera ukatzen dute, eta, entzun gabe, haien izenean hitz egiten dute», erran dute. Horrez gain, Mendebaldeko gobernuek Israelekin duten konplizitatea salatu dute: «Hemen, Euskal Herrian, genozidioa amaitzeko aldarrikatzen denean ere, ekoizpen industrialaren zati batek hanka bat du hura sostengatzen duten zirkuituetan».

«Hemen, Euskal Herrian, genozidioa amaitzeko aldarrikatzen denean ere, ekoizpen industrialaren zati batek hanka bat du hura sostengatzen duten zirkuituetan»

BILBOKO MUGIMENDU FEMINISTA

Eredu horren aitzinean, borroka feministaren alde egin dute: «Borroka antifaxista, arrazakeriaren aurkakoa, transfobiaren, lesbofobiaren eta zapalkuntza guztien aurkakoa. Herrien burujabetzaren eta aberastasunaren banaketaren aldeko borroka antolatzen dugu».

Askotariko gorputzak

«Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik», adierazi dute, eta hala egin dute. Feminista antimilitaristek, aniztasun funtzionala duten emakumeek, pentsiodunek eta etxeko langileek hartu dute hitza Gasteizko mobilizazioan.

Nork beretik egin ditu hausnarketak, baina guztiek bat egin dute hondarrean: «Argi dugu ez dugula feminismorik edo antirrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere. Horregatik diogu Beste mundu bat feminismotik!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA