Itaiak salatu du alderdi instituzionalek modu «alderdikoian» erabiltzen dutela indarkeria matxista

Emakume Langileen Topaketak egin dituzte gaur, Gasteizen. Berretsi dute «emakume langileen interesen araberako proposamen politiko bat» garatuko dutela.

Itaiak antolatutako Emakume Langileen Topaketak, gaur. ITAIA
Itaiak antolatutako Emakume Langileen Topaketak, gaur. ITAIA
Isabel Jaurena.
2026ko ekainaren 13a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko emakume langileendako «alternatiba iraultzaile bat» aurkeztu zuen Itaia emakumeen antolakunde sozialistak iragan otsailean, Itaiaren I. Kongresuaren amaiera ekitaldian. Ordu hartan aurkeztutako proposamen politikoa oinarri, Emakume Langileen Topaketak egin dituzte gaur, Gasteizen. Emazteki langileen zapalkuntzari aurre egiteko zereginak norabide sozialistan kokatu dituzte, eta emakume langileendako proposamen konkretuak garatu beharra nabarmendu. Halaber, alderdi instituzionalak seinalatu dituzte, eta indarkeria matxista modu «alderdikoian» erabiltzen dutela salatu: «Ezkerrak ez du eraldaketa errealerako proposamenik. Eskuinak testuinguru hau ideologia faxista zabaltzeko erabiltzen du».

Bi solasaldirekin hasi dute saioa, ehunka emakume zituztela lagun. Erreakzioa eta neska gazteen politizazioa: aukerak eta erronkak eta Itaia emakume langileontzako borrokarako tresna: egiteko politikoak. Mahai ingurua egin dute eguerdian, Emakume langileon aktualitate politikoko eztabaidak eta proposamen politikoak izenburupean. Berretsi dute «emakume langileen interesen araberako proposamen politikoa» garatuko dutela, zehaztuta horien zapalkuntza gainditzeko ezinbertzekoa dela «ikuspegi iraultzailea» berreskuratzea. Izan ere, sinetsita daude sozialismoa izanen dela guztiendako «kalitatezko bitarteko eta zerbitzuak» bermatuko dituen «alternatiba». Eta sozialismoak proposatutako «alternatiba» horretan emakumeek ez duela «inolako zapalkuntza sozialik eta kulturalik» jasanen. 

Hala, hiru zeregin nabarmendu dituzte emakume langileen zapalkuntzei aurre egiteko bidean. Batetik, emakume langileengan «kontzientzia sozialista» zabaldu eta mobilizazio indarra sendotzea hezkuntza zentroetan, herri eta auzoetan. Bertzetik, horiendako proposamen konkretuak garatzea, borroka bertze esparru batzuetara hedatzeko: lan sektore feminizatuetara, zaintza zerbitzuetara, osasun sexual eta erreproduktiboaren alorrera; «gero eta emakume sektore gehiagok ikus dezaten antolakuntza sozialista beren interesak ordezkatzen dituen tresna politiko eraginkor gisa», gehitu dute. Hirugarrenik, emakume gazteen artean antolakuntza politikoa sustatu nahi dute, emakumez osatutako «antolakunde indartsuak» eratzeko, «konpromiso militantean eta izaera borrokalarian oinarriturikoak».

«Lehen lerroko eragile politiko»

Proposamenetarako ez ezik, analisirako tarterik ere izan dute. Esplikatu dutenez, Europako agintarien gidaritzapean Mendebaldeko estatuek langile klasearen bizi baldintzak okertu dituzte, eta, horretarako, «estatuen izaera autoritarioa» indartu. «Egoera horretan, faxismoak aurrera egin du, eta ideia erreakzionario eta matxistek eragin nabarmena izan dute gizartean», gehitu dute.

Are, antolakundearen irudiko, emazteki langileen kontrako «neurri eta jarrera zuzenak» atzeman daitezke instituzioetan, kalean eta sare sozialetan. «Horrek guztiak matxismoa gogortu du: emakume langileok bizi dugun prekaritatea sakondu du, eta indarkeria matxista normalizatu du; gure aurkako zapalkuntza ukatzen duten ahotsak ugaritzeraino». Horiek horrela, defendatu dute faxismoaren eta matxismoaren kontrako borrokan emakumeek «lehen lerroko eragile politiko» izan behar duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE