Itaiak salatu du haur pornografiaren Azpeitiko kasuak agerian uzten dituela legediaren hutsuneak

Urola Erdialdeko Itaiak elkarretaratze bat egin zuen atzo, haur pornografiarekin loturiko 110.000 artxibo izatea egotzita atxilotutako gizona dela eta. Mugimenduak ohartarazi du gizonak «aurrekariak» zituela.

Urola Erdialdeko Itaiak atzo egindako mobilizazioa, Azpeitian. ITAIA
Urola Erdialdeko Itaiak atzo egindako mobilizazioa, Azpeitian. ITAIA
maddi iztueta olano
2026ko maiatzaren 22a
10:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistaren arabera, «hutsuneak» daude indarkeria matxistaren aurkako legeetan, eta zenbait gertakarik agerian uzten dituzte, hala nola Maialen Mazonen hilketak eta haur pornografia izateagatik atzo Azpeitian (Gipuzkoa) atxilotutako gizonaren kasuak. Hain justu, Urola Erdialdeko Itaiak elkarretaratze bat egin zuen atzo gertakari hori salatzeko, Azpeitian. 

Ertzaintzak atzo atxilotu zuen 71 urteko gizona; guztira, haurren sexu abusuekin lotutako 110.000 artxibo atzeman dizkiote. Azpeitiko Instantziako Auzitegiko Instrukzioko eta Arlo Zibileko Atalak behin-behinean aske utzi zuen, nahiz eta ikerketa abian den artean auzitegira joan beharko duen hala eskatzen dioten guztietan, eta pasaportea kendu dioten.

Gaur zabaldutako oharrean, Itaiak gaitzetsi egin du hura behin-behinean aske utzi izana, eta nabarmendu du gizonak gai horrekin lotutako «aurrekariak» dituela: 2011n, «haurrak galbideratzea» egotzita, eta 2014an, «haur pornografiari lotutako delituengatik». Hala, Itaiak uste du ezinbestekoa dela eraso ororen harira «kontzientziazio lana» egitea eta «matxismoaren aurkako borroka indartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA