Subflubiala Ez plataformak «gardentasuna» eskatu du itsasadar azpiko errepidearen proiektuaren inguruan

Bizkaiko Foru Aldundiko iturriak aipatuz, proiektuan sakoneko aldaketen berri eman dute komunikabideek. Artatza-Itzubaltzetako institutuko familiei eta langileei, ordea, ez diete irtenbide argirik eman oraindik.

Subflubialari Ez plataformako kideek iazko uztailean Bilbon egin zuten protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Subflubialari Ez plataformako kideek iazko uztailean Bilbon egin zuten protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2026ko abuztuaren 4a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itsasadar azpiko errepidearen proiektuari buruzko azken albisteek «zalantzak» ugaritu eta «ziurgabetasuna» areagotu dute Getxoko (Bizkaia) Artatza-Itzubaltzetako institutuko familien eta langileen artean, Subflubialari Ez plataformak salatu duenez. Hilabete gutxi batzuk baino ez dira falta obrak hasteko, eta hilabete bakarra ikasturte berriari ekiteko; baina, oraindik, ez diete irtenbide argirik eman horiei guztiei. Bada, proiektuan «aldaketa sakonak» iragarri ditu orain Bizkaiko Foru Aldundiak, hedabideen bitartez. Horiek horrela, «gardentasunez» jokatzeko eskatu diete plataformakoek erakunde publikoei.

El Correo egunkariak joan den astean argitaratutako albiste bat gogora ekarri dute dute Subflubialari Ez plataformakoek, gaur zabaldutako oharrean: «Bizkaiko Foru Aldundiko iturriak aipatuz, itsasadarraren azpiko autobiaren proiektuan sakoneko aldaketak iragarri zituen [komunikabide horrek], obrak hasi baino hilabete batzuk lehenago». Informazio horren arabera, azken orduko aldaketen helburua izango litzateke obrek Artatza parkean eta inguruetan eragingo lituzkeen eraginak murriztea, Eskuinaldeko tunelaren ahoa eraikitzean.

Plataformakoek, ordea, beste balorazio bat egin dute: «Badakite urteak salatzen daramatzaguna bete egingo dela: obrek Leioa eta Getxo arteko azken birika berdea txikituko lukete»; Artatza parkea, alegia. «Eta institutuan ikastea infernuan egotea bezala izango da», gehitu dute. Itsasadarraren azpiko errepidearen kontrakoek diotenez, Plentzia Hiria (Getxo) eta Pinueta (Leioa) auzoetako bizilagunen eguneroko bizitza ere baldintzatuko lukete eraikuntza lanek.

«Aukera bideragarri bakarra»

Subflubialari Ez plataformaren iritziz, Bizkaiko Foru Aldundia «kale itsu batean» dago orain. «Horrela bakarrik azal daiteke inprobisazioa eta kontrolik eza maila gorenera iritsi izana», nabarmendu dute. «Herritarren gaitzespena propaganda operazio batekin baretu nahi izan dute», gaitzetsi dute, prentsan argitaratutako filtrazioari erreferentzia eginez. Haiek uste dute «aukera bideragarri bakarra» proiektua bertan behera uztea dela eta dirua garraio publikoaren sistema indartzeko inbertitzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA