Aldarri ezagunak dio Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino izango dela aske Palestina, eta gaur, Bilboko itsasadarraren inguruan, itsasotik ibaira ekarri dute elkartasuna ehunka lagunek. Uretan izan dira asko: tamaina guztietako 120 ontzi inguruk osatu dute Santurtzitik (Bizkaia) Bilborainoko itsas martxa; beste asko, berriz, lehorrean, Bilboko Udaletxe aurretik abiatu den giza kate batean. Hala uretan nola lehorrean ozen entzun dira palestinarren genozidioa salatzeko garrasiak eta Israel boikotatzeko eta zigortzeko eskaerak, baina ororen gainetik izan da sentipen bat, besarkada bat oihu bihurtzeko itxaropena. Mezu argia igorri nahi izan baitute antolatzaileek: «Palestinako herria ez dago bakarrik. Gure ontziak ez dira keinu sinboliko hutsak, oihu bat ere badira, isiltasun konplizearen aurka urak zeharkatzen dituen oihua».
Joan den asteburuan Bartzelonatik Gazara abiatutako Global Sumud Flotilla babesteko helburua izan du gaurko martxak. Euskal Herritik ere elkartasuna adieraztea, Gazako blokeoa hausteko indarra helaraztea. Horregatik deialdi nagusia itsasadarrean eginda zegoen, baina, ontzirik ezean, mila lagun baino gehiago batu zaizkie lehorrean ere. Eguerdirako ordu laurden falta zela, jada gainezka egon dira Bilboko Udaletxearen inguruak: Palestinako sarraskiak eragiten duen gaitzespenaren eta amorruaren erakusgarri.

Udaletxeko zubia gurutzatu eta Itsas museorantz abiatu dira, ilaran, Sumud Flotilla aurrera. Sionismo kriminala! Stop holokaustoa! Palestina aske! lelodun pankartaren atzetik. Palestinako banderak eta kufijak izan dituzte, eskuetan eta mastetan ez ezik, sorbalda gainean, haurren orgatxoetan, elastikoetan, ikurrinei lotuta, karteletan... Hala, gorriz, berdez eta beltzez tindatu dute ibaiertza ordubetez, Zubizuriren eta Zirgarien albotik igarota, Guggenheimen Ama eskulturaren erraiak zeharkatuta eta Deustuko zubiaren azpitik pasatuta; tarteka, turista, langile zein paseatzaile batzuen konplizitate keinuak eta aldarriak ere izan dira. Euskalduna jauregira iristerako, giza katea jada ez da ilaran ibili, baizik eta manifestazioan, jendetza elkartuta.
«Oso hunkigarria»
Eta itsas museoan ere berrehun bat lagun izan dituzte zain, txaloka. Itzalpean atseden hartu ondoren, barandak inguratzen hasi dira, ontzien zain, sakeletakoetara Santurtzitik, Portugaletetik eta Barakaldotik iritsitako argazkiei eta bideoei begira. Izan ere, Santurtziko portuan ere eguerdian bat egin dute; hainbat lekutatik iritsi dira ontziak, eta bertan elkartu dira, itsasadarrean sartzeko. «Segurtasunagatik, distantzia gorde behar da uretan, baina dena oso zainduta egon da. Oso harro gaude antolatzaileekin», kontatu dio Ana Casconek BERRIAri. «Oso hunkigarria» izan da martxa uretan ere: «Ibaiertzean jende asko egon da gure zain. Portugaleten gaur festetan zeuden, eta buruhandiak ere agertu dira banderekin. Barakaldon, Periko Solabarriaren omenezko muralean bildu dira, eta hura gogoratzeko aprobetxatu dugu. Eta Bilbon espero baino askoz jende gehiago egon da».

Hain justu, lehorrean txistuek eta irrintziek iragarri dute lehen ontziak agertu direla Olabeagan. Arraunean iritsi dira lehenik traineruak, eta atzean piraguak; ondoren ikusi dira laketontziak eta belaontziak, txalupa txikiak, kayak surfeko taulak, turistentzako ontzi handiak, baita ontzi puzgarriren bat ere, batzuk elkarri lotuta, eta denak Palestinako bandera agerian. Lehorretik txaloka egin diete harrera, eta ontzietatik ukabilak igota eskertu dute. Ontzi guztiek ziabogan buelta eman eta itsasorako bidea hartu bitartean, «Palestina askatu» aldarriak ozen entzun dira ordu erdi luzez.
«Isiltasuna eta neutraltasuna konplizitatea dira. Europak ezin ditu giza eskubideak aldarrikatu eta aldi berean genozidioa onartu munduaren aurrean»
Palestinaren aldeko itsas martxaren antolatzaileak
Amaieran, antolatzaileek komunikatu bat irakurri dute Karola garabi historikoaren itzalpean. Israel Gazan egiten ari den «holokaustoa» salatu dute, «herri oso bati» gerra deklaratu diolakoan: «Palestinar herria suntsitu nahi du, haren identitatea eta kultura ezabatu, existitzeko eskubidea ere ukatuta». Europako gobernuei aurpegiratu diete horren guztiaren harira isiltzea, baita merkataritza akordioei eta arma salmentari eustea ere: «Isiltasun eta neutraltasun horiek konplizitatea dira. Europak ezin ditu giza eskubideak aldarrikatu eta aldi berean genozidioa onartu munduaren aurrean».
Hala, galdegin dute Israelgo Estatuarekin dauden harreman guztiak etetea eta blokeoa amaitzea. «Gure itsas martxak isiltasunaren eta axolagabekeriaren blokeoa hausten du. Guk hautatzen dugu Palestinari elkartasuna adieraztea, justiziaren eta askatasunaren alde egotea». Ildo horretan, gaineratu dute Euskal Herrian elkartasun hori «oztopatu» egiten dela, gogoan hartuta zer gertatu den asteon Espainiako Vueltaren Bilboko etapa amaieran. Eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateari, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari mintzatuz bukatu dute ekitaldia, txalo artean: «Indarkeria ez da kalean protesta egitea. 60.000 palestinar baino gehiago erailtzea, horixe da indarkeria».