Israelek gainezka dagoen eremu batera bultzatu nahi ditu gazatarrak

Gazako Gobernuak ukatu egin du Gaza hiriko eraikin altuak Hamasek baliatzen dituela. Israelek gutxienez beste 58 lagun hil ditu zerrendan.

Pertsona batzuk Gaza hirian, joan den astean. MOHAMMED SABER / EFE
Pertsona batzuk Gaza hirian, joan den astean. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta.
2025eko irailaren 6a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek Gazari gupidarik gabe eraso egiten jarraitzen du. Eta horretan ari den bitartean, zinismo ariketak ere egiten ditu. Gaza hiria guztiz okupatzeko ahaleginean segitu asmo duenez, gaur armadak iragarri du Al-Mawasi errefuxiatuen esparrua «gune humanitario» izendatu duela, eta, hortaz, zerrendako hiri handieneko herritarrei eskatu die jo dezatela hara, hegoaldera. Gaza hiritik 30 kilometro ingurura dago, eta, txikituta ez ezik, gainezka ere badago.

Hain zuzen, hori egitea zinismo ariketa bat da; izan ere, azkeneko bi urteotan Israelek ospitaleak jo ditu, esaterako, baita «gune humanitario» deitu dituenak ere; are, gaur bertan Al-Mawasi bonbardatu du, eta bi pertsona hil, Al-Jazeera hedabideak Al-Nasser erietxeko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelek gutxienez 58 pertsona hil ditu gaur zerrendan; horietako sei laguntza humanitarioaren zain zeuden. Beraz, azken horiek aintzat hartuta, giza laguntzaren bila joandako 2.390 pertsona hil ditu maiatzetik; ia-ia 64.400 dira, guztira, 2023ko urriaren 7tik hildakoak.

Datuak datu, Israelek Gaza hiriko eraikin altuen kontrako erasoaldi bat hasi du. Armadak gaurko ohar batean adierazi du Hamasek «inteligentzia ekipamendua» duela horietan, eta tropei «behatzeko» ere erabiltzen dituela. Atzo, esaterako, hamalau solairuko Muxtaha dorrea suntsitu zuen.

Gazako Gobernuak ukatu egin du, ordea, talde islamistak eraikin altuak erabiltzen dituela. Komunikatu batean nabarmendu du Israel «gezurrak» hedatzen ari dela okupazioa eta «eraso basatiak» justifikatzeko. «Horietan [eraikin altuetan] bizi direnen lekukotzak aintzat hartuta, ziurta dezakegu soilik zibilak sartzen direla».

%90

Gazan suntsitutako azpiegituraren portzentajea. Gazako Gobernuak gaur ohar baten bidez jakinarazi duenez, Israelek zerrendako azpiegituraren %90 inguru txikitu du azkeneko ia bi urteotan, eta zerrendaren %80 okupatu du.

Bien bitartean, eta Israelek Gaza hiria okupatzeko duela hiru aste hasitako operazio militarra gorabehera —Tel Aviven esanetan, haren %40 inguru dute kontrolpean—, gutxi dira handik alde egin dutenak. Izan ere, hangotar batek Al-Jazeerari gaur esandakoak laburbiltzen du egoera zertan den: «Noranahi joanda ere, heriotzak jazartzen digu». NBE Nazio Batuen Erakundeak dioenez. Gazan 2,1 milioi lagun daude egun, eta Gaza hirian milioi bat inguru geratzen dira.

Egipto, berriro

Israelgo Defentsa Ministerioaren menpeko agentzia batek palestinar lurraldeetako auzi zibilak gainbegiratzen ditu, eta, atzo komunikabideei esan zienez, azkeneko hiru asteetan 70.000 pertsonak alde egin dute Gaza hiritik.

Horren guztiaren harira mintzatu da gaur Egiptoko Atzerri ministro Badr Abdelatty Kairon egindako prentsa agerraldi batean, alboan zuela Philippe Lazzarini UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren burua: «Gizakiak eragindako gosete bat dago, eta hangotarrak kanporatzea du helburu. Beraz, ez du zentzurik esateak desplazatzea borondatezkoa dela». Atzo ere hitz egin zuen desplazatuez, eta azpimarratu Egiptok, Palestinaren hegoaldeko bizilagunak, ez duela onartuko palestinarren desplazamendu masiborik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.