Itzalaldian egoiliar bat hil zen Basauriko zaharren egoitza batean

Emakumeak oxigenoterapia behar zuen. Bizkaiko Foru Aldundiak ez du albistea ez baieztatu ez ezeztatu, baina iragarri du zahar etxe guztiei intzidentziak idatziz jakinaraztea eskatuko diela.

Zahar etxe bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Zahar etxe bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko apirilaren 30a
10:29
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasiera batean asteleheneko larrialdiak kalte materialak soilik eragin zituela uste bazen ere, gaur jakin da Basauriko (Bizkaia) zahar etxe batean itzalaldian egoiliar bat hil zela; emakumeak oxigenoterapia behar zuen.

BERRIAk galdetuagatik ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du albistea ez baieztatu ez ezeztatu. Mezu batean azaldu du itzalaldiaren egunean Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila zahar etxe gehienekin jarri zela harremanetan eta horietako batek ere ez zuela «intzidentzia larriren baten» berri eman. Erantsi dutenez, argindar hornidura berreskuratzea gehien kostatu zen lekuetako «arazo logikoak» soilik jakinarazi zizkieten. Zahar etxeekin ez ezik, mendekotasunen bat duten pertsona helduen sektoreko patronalen ordezkariekin ere hitz egin zuten, laguntza eskaintze aldera.

Hala eta guztiz ere, behin normaltasuna berreskuratuta, zahar etxe guztiei galdegin diete gertatutako gorabehera guztiak idatziz helaraztea, baita martxan jarri zituzten protokoloen berri ematea ere. Gero, horrekin guztiarekin txosten bat egin asmo dute.

Nafarroan, larrialdia bertan behera

Itzalaldiaren ostean gauzak lehengora itzultzen ari diren seinale da Nafarroan gaur hartu duten erabakia: Nafarroan ezarritako larrialdia bertan behera utzi du Larrialdietako Aholku Batzordeak.

Hain zuzen, egungo egoera aztertu dute bilkuran, eta ikusi dute argindarra bere onera itzuli dela eta telefono horniduraren %98 berreskuratu dutela. Dena dela, egoerari jarraipena egingo diote aurrerantzean ere, eta larrialdi aurreko egoera ezarri dute horretarako.

«Ez dugu arazo aipagarririk ikusi»

MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko presidentea

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak azken nobedadeen balorazioa egin du. Haren esanetan, larrialdi aurreko egoeran egongo da lurraldea, «egonkortasun osoa» bermatuta eduki arte. Azken egunotan jazotakoaren berri ere eman du. Sistemaren erantzunaren balorazio baikorra egin du, eta «elkarlanean» aritu izana goraipatu du. «Ez dugu arazo aipagarririk ikusi». Bereziki aipatu du larrialdietarako 112 zenbakiak egindako lana: «Aurreko legealdian 112 deien sistema indartzea erabaki genuen, erori egiten zela ikusita; orain, oso ondo eutsi dio». Gainera, nabarmendu du beste erkidego batzuetan baino lehenago berreskuratu zutela argindarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.