ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Izagirrek eta Bilbaok dei egin dute errepideetara ikurrinekin ateratzeko

Gure Esku-ren Euskal Herria mundura - Euskal Herriak erabaki ekinbidearekin bat egin dute bi txirrindulariek.

Gure Esku-k joan den astean eginiko agerraldia, Tourrerako egitasmoen berri emateko. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2023ko ekainaren 29a
10:28
Entzun

Larunbatean Bilbotik abiatzekoa den Frantziako Tourrean parte hartzekoak dira Pello Bilbao eta Ion Izagirre euskal txirrindulariak. Biek bat egin dute Gure Esku-ren Euskal Herria mundura - Euskal Herriak erabaki ekinbidearekin, eta herritarrei dei egin diete zaleak errepide bazterretara ikurrina eskuan ateratzeko.

«Munduko edozein txokotan lehian gabiltzala ere, beti topatzen dugu bide bazterrean euskaldunen bat bere ikurrina eskuan hartuta. Aurten, Tourra gure etxetik irteten da; ez galdu aukera ikurrina eskuan guri animoak ematera etortzeko», esan du Bilbaok. Izagirrek, berriz: «Ea zuen animo horiek bultzadatxo bat ematen diguten».

Munduko kirol ekitaldi bat izanik, Tourrerako ari da prestatzen Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika. Egunotan 60.000 ikurrin banatzen ari da, «erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria munduan zabaltzeko». Mugimenduaren hitzetan, mezu bat zabaltzeko baliatu nahi dute Tourra: «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herria dela eta geure etorkizuna libre erabaki nahi dugula. Eta hori da, hain zuzen ere, esku artean dugun ikurrinak adierazten duena: herritarron erabakitzeko eskubidea, ez lukeena inoren menpe egon behar, herritarron esku baizik».

Lasterketak larunbatetik astelehenera bitartean zeharkatuko ditu euskal errepideak, eta sartu-irten bat egingo du Zuberoatik asteazkenean. Horrek eragozpen ugari eragingo ditu mugikortasunean, lau eta 48 ordu bitarte itxiko baitituzte errepideak Tourraren ondorioz.

Jarkiren ustez, «zirkua»

Bestalde, Jarki antolakundeak kritikatu egin du Tourra Euskal Herritik igarotzea: «Azken urteetan itxuraz eduki politikoz hustu nahi izan duten kirola baliatuko dute beste behin ere frantziar zein espainiar estatuek eta euskal burgesiak, euren klase interesak sustatuta euren proiektu politikoan sakontzeko».

Jarkik gaineratu du Tourra «kirol ekimen gisa erabat arrotza» zaiola langile klaseari eta hura Euskal Herrian gauzatzeak «helburu zehatzei» erantzuten diela: «Euskal Herri Langilearen bizi baldintzen kaskartzea areagotzea eragiten ari den inflazioaren eta soldata errealaren jaitsieraren testuinguruan, instituzio burgesetan diharduten alderdiek langile klasearen egoerari erantzuteko alternatibak eta konponbideak mahai gaineratu beharrean, hau baretzeko, entretenitzeko eta alienatzeko baliatuko duten zirkua izango da Frantziako Tourra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.