Irakurri serie honetako artikulu guztiak
«Eguzki bako laurenbatik ez», dio Garibaik jasotako atsotitz batek. Herri jakinduriak dioena dioela, aurtengo eguzki eklipse eguna ez da izango larunbatean, asteazkenean baizik. Abuztuaren 12an, hain zuzen ere, Iberiar penintsulako hainbat eskualdetan Ilargiak osorik estaliko du Eguzkia, eta Eguzkirik bako asteazkena egingo da une labur batez.
Eklipseek mendeetan liluratu dute gizakia. Liburu eta film askok besterik iradoki arren, zibilizazio askok ez dute naturaz gaindiko gertaeratzat jo, antzinatik herri askok jardun zuten astroen ingurukoak aztertzen eta eklipseak aurreikusten. Duela 4.000 urte, mesopotamiarrek bazekiten zeruko elementuen nondik norakoak interpretatzen, eta greziarrek haiengandik ikasi zuten arte hura. Antzinako grezieratik datorkigu, hain zuzen, eklipse hitza: ekleipsis hitzak, grezieraz, ezkutatze edo alde egite esan nahi baitu.
Zer da, ordea, zehazki, eklipse bat? Izenak berak iradokitzen du, zentzu etimologikoa bat baitator Aranzadiko astronomia saileko Virginia Garciak emandako definizioarekin: «Esan dezakegu eklipsea zera dela, astro batek beste bat tapatzen duenean jazotzen dena», azaldu du adituak. Astro ugari daude unibertsoan, eta planeta bakoitzak bere eklipseak izango ditu, inguruan biraka dituen astroen arabera. Gurean, baina, bi astrorekin dute zerikusia eklipse horiek, Eguzkiarekin eta Ilargiarekin, alegia.
Eklipse motak
«Ilargi eklipsea gertatzen denean, Lurra Eguzkiaren eta Ilargiaren artean dago, eta Lurrak sorturiko itzalak Ilargia estaltzen du», deskribatu du Garciak. Ilargi eklipse horiek aski ohikoak dira, eta, beharbada, horrek azaltzen du abuztuaren 28an jazoko den ilargi eklipseak zergatik ez duen hainbesteko ikusmira sortu. Beste motako eklipseak, eguzki eklipseak, askoz arraroagoak dira. Halakoetan, «Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean jartzen da, eta, gure ikuspuntutik, Ilargiak Eguzkia estaltzen du».
Bi eklipse motak batera joan ohi direla argitu du Garciak. Beraz, ez da harritzekoa datorren asteko eguzki eklipsearen ondoren ilargi eklipsea jazotzea: «Eguzki eklipse bat dagoenean, handik 14-16 egunera ilargi eklipse bat gertatzen baita». Eguzki eklipse bat ikustea, ordea, askoz zailagoa da, «Ilargiak egiten duen itzala oso txikia baita». Izan ere, Lurrak Eguzkia estali eta Ilargia tapatzen duenean, «planeta erdian» ikusten da ilargi eklipse hori, Ilargia ikusgai dagoen toki orotan. Ilargia, berriz, txikia da Lurraren aldean, eta Eguzkia estaltzean lur gainean egiten duen itzala ere ez da oso handia. Planetako toki jakin batzuetatik soilik ikusi ahal izaten da, hortaz, eguzki eklipsea.
Hori dela eta, «Lurreko leku berberetan berriro eguzki eklipse oso bat ikusi ahal izateko, 100 urte baino gehiago itxaron behar izaten da», zehaztu du Teresa del Riok, EHUko astronomia irakasleak. Izan ere, eklipseak sailkatzeko orduan, ez da soilik kontuan hartzen ilargi eklipseak edo eguzki eklipseak diren. Estaltzen den astroaren arabera, «eklipse osoak, partzialak edo eraztun erakoak izan daitezke». Eklipse partzialak astroaren zati bat soilik estaliko du; eklipse osoak, berriz, osorik; eta eraztun formakoak barrualde osoa, eraztun erako distira zirkular bat utzita kanpoaldean.
Eguzki eklipseak
Abuztuaren 12an Hego Euskal Herriko hainbat lekutan ikusiko den eklipsea, beraz, eguzki eklipse osoa izango da, fenomeno oso deigarria, Del Riok azpimarratu duenez, gizakion bizi denboran behintzat aski ezohikoa delako. Eklipse mota horrek, bestalde, fenomeno aski nabarmenak jarriko ditu begira daudenen ikusgai, bai Eguzkiari berari dagokionez, baita inguruari dagokionez ere.

Eguzkiari berari begira jarriz gero —metaforikoki, betiere, bi adituek azpimarratu baitute zeruko amandreari ezin zaiola begiratu beharrezko babesik gabe—, Ilargiaren itzalak guztiz estaltzen duen momentuan, sistemaren erdigunean den astroaren atmosfera ikusi ahalko da. «Eguzkiaren erdialdeko geruzek distira handia egiten dute, eta normalean ez digute ikusten uzten kanpoko geruza, atmosfera», azaldu du Del Riok. Eguzkiaren inguruan koroa itxuran ikusiko den dirdira lausoa, beraz, astroaren atmosfera izango da, «dagokion materialarekin ere lurretik ikustea oso zaila den zerbait», azpimarratu du Del Riok.
Zailtasun hori baieztatu du Mikel Falxak, Donostia International Physics Centerreko ikerlariak. «Baditugu tresna berezi batzuk, koronografo izenekoak, baina horiekin ere zaila da oso Eguzkiari begiratu eta atmosfera ikustea». Eklipse baten funtzionamendu berbera dute tresna horiek: Eguzkia estaltzen dute, inguruan atmosfera ikusi ahal izateko, baina ez dira oso eraginkorrak, «zeren eta Eguzkiaren argiak itsutu egiten ditu gure tresnak, oso indartsua baita».
Eklipseak eta zientzia
Hain zuzen ere, Eguzkiaren koroa edo atmosfera hori ikusteko modua ematen dutenez, eklipseak bereziki garrantzitsuak dira zientzialarientzat ere. Aurkikuntza nabarmenak egin dira eguzki eklipseei esker. «1868an, lehenengo aldiz ikusi zuten helioa. Eguzkiaren koroari begira, arraia espektral berezi batzuk ikusi zituzten, Lurrean sekula ikusi gabeak, eta hor identifikatu zuten lehenik gas noble hori», azaldu du Falxak. Pierre Janssen eta Norman Lockyer izan ziren aurkikuntza horren egileak, eta helio deitu zioten elementu berriari, Eguzkitik zetorrelakoan, helios grezieraz Eguzkia baita.

Nolanahi ere, ez dira horretara mugatzen eklipseek zientziari egindako ekarpenak. Erlatibitatearen teoria eta grabitazio uhinak ikertzen ditu Falxak, eta bere diziplinari ere egin diote ekarpena eguzki eklipseek. «Eddington esperimentua bereziki garrantzitsua izan zen espazioaren makurdura ikusteko. Eguzkiak bere masarekin espazio-denbora makurtzen du, eta, beraz, atzean diren izarrak ez dira ikusten posizio berean, argiaren bidea makurtzen baita», zehaztu du ikerlariak. 1919ko esperimentu hori izan zen Einsteinen erlatibitatearen teoriaren froga bat eman zuten lehenengoetakoa.
Zientzialari eta astronomo gehienak, beraz, gora begira egongo dira abuztuaren 12an. Dena dela, zeruko lilurak inor itsutu ez dezan —metaforikoki zein literalki—, ingurura ere begiratzea gomendatu dute Garciak eta Del Riok. Izan ere, eklipseak ez ditu zeruan soilik eragiten efektuak. «Inguru guztiari eragiten dio eguzki eklipseak. Tenperaturak behera egiten du; dena ilun geratzen da, gaua balitz bezala; lurrean, txoriek eta animaliek ere nabaritzen dute... Eklipsea datorren aldera begiratzen badugu, itzal handi bat ikusiko dugu guregana hurbiltzen eta Lurra irensten», azaldu du Del Riok.
Nondik ikusiko da?
Aldaketa horiek, gainera, ez dira eguzki eklipse osoa ikusiko duten lurraldeetan soilik nabarituko: «Eklipsea egongo den lurralde guztietan nabarituko dira». Efektu horiek, beraz, Euskal Herri osoan nabarituko dira, zazpi lurraldeetan ikusi ahal izango baita eklipsea, partzialki bada ere. «Donostian, esaterako, ez dugu %100eko estaldura ikusiko, baina bai %99,74, eta hori asko da», zehaztu du Garciak. Ipar Euskal Herrian ere, Miarritzen (Lapurdi), esaterako, %99,41eko eklipsea ikusi ahalko da.
Eklipse oso-osoa, berriz, Hego Euskal Herriko mendebaldean eta hegoaldean baino ezingo da ikusi. «Osorik Araban ikusiko da, Bizkaian Bilbotik mendebaldera, eta Nafarroan, Iruñetik hegoaldera, batez ere Erriberan», zerrendatu du Garciak. Araba izango da «lekurik onena» eklipsea ikusteko, Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik hura izango baita eklipseak osorik estaliko duen bakarra. Bizkaian eta Nafarroan, ipar-ekialdean eklipsea ez da osorik ikusiko, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, inon ez.
Funtsean, beraz, Getxotik Kasedarako balizko lerro batek banatuko ditu eklipse osoa ikusiko duen Euskal Herria eta ikusiko ez duena. Del Riok eta Garciak bereziki azpimarratu dute berebiziko garrantzia duela Eguzkiari begiratzerakoan segurtasun neurri egokiak hartzeak, eklipse osoari begira egon edo ez.
Eguzkiari begiratzearen arriskuak
«Eguzkiaren zatiren bat ikusten bada, zati txikia bada ere, erretina erretzeko arriskua dago», ohartarazi du Del Riok. Beharrezko segurtasun neurriak hartu behar dira, beraz, eklipseari begiratzeko, eta edozein gauzak ez du balio. «Eguzkitako betaurreko normalek ez dute balio, ezta erradiografiek ere. Eguzkiari zuzenean begiratzeko modu seguru bakarra eklipserako betaurrekoak dira», azaldu du Garciak. Betaurrekoak homologatuak izatearen garrantzia azpimarratu du adituak.
Behin betaurrekoak begietan eta beharrezko neurriak hartuta, ordea, aurtengoa aukera paregabea izango da eguzki eklipsea ikusteko, horretan bat datoz aditu guztiak. Lainorik edo ortzi mugan oztoporik gabeko lekuren bat aukeratu eta itxaron, hori da ikusleek egin beharko duten guztia, Eguzki bako asteazkena izango baita laster Euskal Herriko toki askotan.